}

Fosilen sekretu sozialak

2001/02/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Dinosauro eta historiaurreko gizakiei buruzko dokumentaletan maiz azaltzen dira haien portaera sexuala eta bizitza sozialaren inguruko usteak eta teoriak, nola jokatzen zuten asmatu nahian. Gaur egun, desagertu diren zein bizirik dauden espezieen hilobi komunak konparatuz animalien jokabidearen hainbat alderdi azal dezaketela uste dute ikertzaileek.

Nevadako Unibertsitateko Joel Berger, eta Estatu Batuetako eta Mongoliako beste lankide batzuk ungulatuetan, hau da, orein, behi, zaldi eta abarretan, oinarritu dute beren lana. Sexu bakarreko banakoez osatutako taldeetan bizi diren ala ez kontutan hartuta, espezie hauek portaera sozial sorta zabala erakusten dute.

Ezberdintasun horiek talde osoa batera hiltzen denean (zingira batetan ezustean sartuta, izoztutako aintzira batetara erorita edo sumendi erupzioren batek harrapatuta) agerian gelditzen dira. Horrela, Bergerrek azaltzen duenez, gaur egun desagertuta dauden espezien aztarnategi batean horrelako zerbait gertatu zitzaiela ikusi eta taldearen antolaketa aztertuz, beren portaera ondoriozta dezakegu.

Ungulatu-espezie batzuetan arrak eta emeak ezberdinak dira neurri eta adajean, eta hori da sexu dimorfismo bezala ezagutzen dena. Espezie hauek sexu bakarreko taldeetan bizitzera jotzen dute, eta arrak eta emeak bikotea bilatzeko garaian besterik ez dira elkartzen. Beraz, talde-heriotzetako biktimak sexu batekoak edo bestekoak izaten dira.

Horrela, zentzuzkoa dirudi bizidunetatik desagertutako espezieetara estrapolatzea, eta aztarnetan azaltzen den sexuaren araberako antolaketa eta dimorfismoaren arteko lotura egitea. Hala ere, beste faktore batzuk ere kontutan hartu behar dira; esate baterako, Afrikako Serengeti Parke Nazionalean ibaia bat zeharkatzean, gazteek eta ahulek hiltzeko aukera gehiago izango dute.

Eredu hau dinosauroetan ere baliagarria al da? Neurri batean onargarria izan bazitekeen ere, gaur egun ahaide bizidunik ez dutenez eta erantzunak non bilatu ere aurreikusi ezin denez, ezer ziurtatzea oso zaila da.

Pennsylvaniako Unibertsitateko Peter Dodsonek dinosauroek ere talde-heriotzak jasaten zituztela adierazten du, eta Bergersen lanak fosilak hobeto interpretatzen lagun dezakeela uste du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia