}

Fotosintesia, uste baino mila milioi urte lehenago

2009/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fotosintesia, uste baino mila milioi urte lehenago
2009/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Hiroshi Ohmoto)

Duela 3.400 milioi urteko hematite-sedimentuak aurkitu dituzte Australiako Pilbara eskualdean, Pennsylvaniako Unibertsitateko Hiroshi Ohmoto geokimikoak eta haren taldeak. Haien ustez, litekeena da aurkikuntzak adieraztea oxigenozko fotosintesia egiten zuten lehen mikrobioak uste zen baino ia mila milioi urte lehenago sortu zirela.

Ohmotoren ustez, aire-zulo hidrotermaletako ur beroak eta itsasoko oxigenodun urak elkarrekin erreakzionatzean sortu zen hematitea. Horretarako, baina, fotosintesia egin, eta ur hura oxigenatzeko gai ziren organismoak beharko ziren.

Orain arte pentsatu izan da oxigenozko fotosintesia egiten zuten lehen mikrobioak duela 2.400 milioi urte agertu zirela, garai hartako harrietan aurkitutako hondakin molekularrengatik. Teoriek ziotenez, hori baino lehenago ez zegoen oxigenorik, ez ozeanoan, ez airean. Orain, Hiroshi Ohmotoren esanean, erronka da 2.400 milioi urte baino gehiagoko arroka sedimentarioetan hematitea eta fotosintesiaren hasiera zaharrago baten ebidentziak aurkitzea, hipotesiak baieztatzeko.

1
253
2009
5
011
Biologia; Geologia
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia