}

Fraktalak, hondamen naturalak aztertzeko

2002/01/31 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Sumendiak, lurrikarak, uholdeak, suteak, urakanak eta lurren lerradurak matematikoki analizatu nahi dituzte zientzialariek.

Fraktalak askotan errepikatzen diren funtzio matematiko sinpleak dira, eta sistema konplexuen eredu bezala erabiltzen dira. Adibidez, zuhaitz baten adar-sistema fraktalen bitartez trata daiteke matematikoki, azken batean, diseinu sinple baten (bi adarren arteko lotura) errepikapenez oso sistema konplexua sortzen delako (zuhaitz osoa). Adar txiki bakoitzak, gainera, adar nagusiaren tankera du eta, beste neurri batean bada ere, biak modu berean trata daitezke.

Fraktalek aplikazio ugari dituzte. Mapak egiteko balio dute, esate baterako, kostaldearen itxura patroi sinpleak errepikatuz marraz daitekeelako. Oraingo ikerketan, helburua konplexuagoa da. Hondamen naturalak aztertu eta, ahal baldin bada, iragartzeko metodoa garatu nahi dute.

Orain arte, ahalegin horiek metodo estatistikoen bitartez egin dira. Baina estatistikak informazio asko galtzen du bidean, ez duelako modurik erabiltzeko. Christopher Barton geologo estatubatuarrak aurkitu zuen urakanen ezaugarrien eredu matematikoak fraktalen bitartez egin zitezkeela. Urakan baten tamaina eta haizearen abiadura formula fraktalez aztertuta, eta datu historikoak erabilita, urakanen haizearen abiadura iragar daitekeela ikusi zuen Barton-ek.

Bide horretan, azken 100 urteetako hondamen naturalak fraktalen bitatez analizatzen hasi dira Estatu Batuetako geologoak iragarpenak egiteko gauza diren ikusteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia