Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek
2023/10/11 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako lan batean.
2011n Fukushimako hondamendia gertatu eta hamabi urtera, tangatan gordeta eduki duten ur erradioaktiboa itsasora isurtzen hasi da dira, eta horrek ingurumen-segurtasunari eta osasun publikoari buruzko kezkak sortu ditu.
Isurtzen ari diren urak duen kutsatzaile erradioaktibo nagusia tritioa da, eta tritioak erradiotoxikotasuna txikia du beste erradionukleido batzuekin alderatuta. Hain zuzen ere, mundu osoko beste instalazio nuklear batzuek ere isurtzen dute tritioa itsasora, eta, adituen esanean, horietan ere ez du ingurumen-ondorio esanguratsurik eragiten.
Gaiak eragiten duen kezka kontuan hartuta, Fukushiman segurtasun-mugen oso azpitik ari dira isurtzen ura; oso poliki, eta lehenago 100 aldiz diluituta. Hala, isurtzen ari diren uretan tritio-maila Japoniako Gobernuak ezarritako mugaren % 2,5ekoa da, eta gainerako erradionukleidoen mailak ezarritako mugen % 1en azpitik daude. Ur guztia isurtzeko 30 urte beharko dituztela kalkulatu dute.
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) gainbegiratu eta egiaztatzen du isurtze-prozesua, erradiazio-mugak betetzen direla bermatzeko. Eta hasierako txostenek adierazi dute tritio-maila oso txikia dela askatze-tokitik hurbil, eta inguruko arrainetan ez dela tritiorik hauteman.
Hala, adituek ondorioztatu dute ezen, aurreikusitakoaren arabera eta behar bezala monitorizatuz gero, Fukushimako ur erradioaktiboaren isurtze planifikatua ez dela benetako mehatxua osasun publikoarentzat edo ingurumenarentzat. Gainera, azpimarratu dute, gehiegizko kezkek kalte egin diezaioketela, bidegabeki, tokiko arrantza-industriari.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia