Fulerenoak marruskaduraren aurka
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Teknikerrek koordinatutako Europako proiektu batean, molibdeno bisulfuroa eta wolframio bisulfuroa erabiliko dituzte gainazalak marruskaduraren aurka babesteko. Konposatu horiek esfera-itxurarekin erabiliko dituzte, hau da, fulereno bilakatuta.
Hain zuzen ere, konposatu horien esferek, tipulak bezala, geruzak izaten dituzte eta nanokojinete funtzioa betetzen dute bata bestearekin kontaktuan dauden gainazalen artean. Hala, batetik, gainazalen arteko marruskadura-koefizientea hobetzea lortzen da, eta, bestetik, materialen higadura txikitzen da. Orain arte ez da horrelakorik lortu, bi alderdi horietako bat bakarrik hobetzera bideratzen baitziren estrategiak.
Hiru esparrutan aplikatu nahi dituzte fulerenoak: gainazal gogorretan, pinturetan eta lubrifikatzaileetan. Adibide bat aipatzearren, hegazkinak margotzeko erabiltzen diren pinturetan fulerenoak gehituta, ura errazago labainduko da hegazkinaren gainazaletik, eta, ondorioz, hainbeste arazo sortzen duen izotza sortzea saihestuko da.