Funtsean, pertsona
2009/03/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hala ere, ez dute gaia agortutzat eman, eta horretaz hausnartzen jarraitzen dute. Orain, adibidez, saiakera-sorta bat argitaratu du Nature zientzia-aldizkariak. Artikulu horien bidez, azaldu nahi izan dute azken ikerketak nola ari diren aldatzen gutaz dugun ezagutza eta ikuskera.
Zerk egiten gaitu pertsona? Zerk bereizten gaitu beste bizidunetatik?
(Argazkia: John Glenn)
Hain zuzen, gure espezieari buruz dakiguna zabaltzen laguntzen dute ikerketek, baina ezin da esan erantzun guztiak haien bitartez lortu direnik. Ezta, beharbada, lortuko direnik ere. Izan ere, Nature -n argitaratu zuten editorialean aitortu zuten bezala, ez da kontu erraza. Adibidez, horretan dabiltzan ikertzaileak konturatu dira oso garrantzitsua dela jakitea nolakoak ziren gure lehen arbasoak, duela milaka urte bizi ziren ehiztari-biltzaile haiek, gure gaur egungo jokabide asko ulertzeko. Baina gizaki haiei buruzko ikerketak poliki doaz, eta emaitzak mugatuak dira.
Badira beste era bateko zailtasunak ere; esaterako, diziplina edo ikerketa-arlo desberdinen artean egon den harremana. Edo, hobe esanda, egon ez dena. Hain juxtu, politika, etika, filosofia eta beste jakintza-mota batzuk ere saiatzen dira galderari erantzuten, baina zientzialari askok ez dituzte aintzat hartu haiek topatu dituzten erantzunak. Eta alderantziz: 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, generoaren araberako rolari, erlijioari edo homosexualitateari emandako azalpen biologikoak baztertuak izan ziren, besteak beste, gizartean zeuden bidegabekeriak zuritzeko erabiltzeko arriskua zegoelakoan.
Erlijiotik hasita
Ordutik, baina, urte batzuk igaro dira, eta, orain, Nature aldizkariko editoreek diziplinen arteko elkarrizketa sustatzeko asmoa dutela adierazi dute. Hala, lehen saiakera erlijioari buruzkoa da. Egilea Pascal Boyer da, Washingtongo Unibertsitateko Psikologia eta Antropologia saileko irakasle bat , eta, haren esanean, ateismoa erlijioa baino zailagoa da saltzeko, eta hala izango da beti, fedea izateko berezko joera dugulako.
Saiakeran, bere hipotesiaren aldeko hainbat argudio ematen ditu Boyerrek. Hala ere, webgunearen foroan eragin duen erantzun-pila ikusita, argi dago eztabaida ez dela bukatu.
Beste saiakerek ez dute hainbeste eztabaida sortu, nahiz eta haien gaiak erlijioa bezain garrantzitsuak diren gure espeziearen funtsa zein den ulertzeko: mintzamena, altruismoa eta gatazka, eskuzabaltasuna, migrazioa, maitasuna, arraza...
Sortaren azken saiakeran, berriz, gizateriaren erronka handienetako batez aritu da Mexiko Berriko Unibertsitateko Informatika Saileko Melanie Moses: nola gutxitu energia-beharrak, energiarekiko mendekotasuna gero eta handiagoa izanda gaur egungo gizarte konplexuetan. Erantzunaren bila, Mosesek gizarte-sareak aztertu ditu, populazioen neurriak, baliabideen kontsumoaren eraginkortasuna... eta beste ugaztunenekin alderatu ditu.
Zalantzarik gabe, hainbeste baliabide kontsumitzen duen espezie bakarra gara; beraz, pertsona egiten gaituen bereizgarrietako bat izango ote da hori ere? Ez da nire asmoa publizitatea egitea, baina zure buruari horrelako galderak egiten badizkiozu, eta galdera gehiago eta haiei emandako erantzun batzuk irakurri nahi badituzu, eskura dituzu Nature -ren webgunean . Hala ere, zaila izango da behin betiko erantzunak topatzea...
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia