}

Fusio hotza berriz ere berotzen

1991/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetan Utah-ko unibertsitateak 150 fisikari bildu zituen fusio hotzari buruz azken ikerkuntzen berri emateko.

Zenbaitek fusio hotzaren arazoa izoztuta zegoela bazioen ere, azkenaldian eztabaida handia sortu du berriro. Estatu Batuetan Utah-ko unibertsitateak 150 fisikari bildu zituen fusio hotzari buruz azken ikerkuntzen berri emateko. Pons eta Fleischmann espero ziren bertan (fenomeno hau aldarrikatu zuten lehenak), baina ez ziren agertu.

Fisikari ortodoxoek galdera zorrotzak prestaturik zituzten fusio hotzaren aitzindari diren Pons eta Fleischmannentzat eta ironiazko irribarreak egin zituzten bikotea agertu ez zelako.

Irribarreak alde batera utzi zituzten ordea, Hawaii-ko unibertsitatean egindako saiakuntzen berri izan zutenean. Han beroaz gain egiazko fusio-erreakzioaren ondorio izan daitezkeen helio-atomoak lortu dituzte. Hawaiiko saiakuntzan Bruce E. Liebert fisikariak fusio-erreakzioa izan daitekeena azaleratzea lortu du deuterio-gatzen bainua berotuz eta 264ºC ingurutan elektrolisia eginez. Korrontea igarotzen denean, ageriko arrazoirik gabe tenperatura 70ºC inguru igotzen da. Liebertek dioenez, benetako fusio-erreakzioa gertatzen da edo ezagutzen ez ditugun eta aztertu behar diren erreakzio batzuk gertatzen dira.

Golden hiriko Coloradoko Meatze-Eskolan diharduen Edward Cecil jaunak ere, bere emaitzak plazaratu zituen. Pons eta Fleischmannen saiakuntzetan oinarrituz, Cecilek deuteriotan bustita titaniozko oso lamina meheak erabili ditu. Txandaka lamina metaliko horiek nitrogeno likidoz hoztu eta giro-tenperaturaraino berotu egin ditu.

Partikula-detektorea jarrita korrontea pasarazitakoan, aparatuak 24 aldiz atera dio zarata. Beraz, partikula kargatuak jaso ditu.

Cecilek dioenez, protoi edo hidrogeno-nukleoak baino astunagoak dira, baina helio 4 atomoaren nukleoa baino txikiagoak. Tritio-nukleoak izan daitezke (Pons eta Fleischmannek iragarrita bezala) edo deuterio-atomoen fusioz sortutako helio 3 nukleoak. Cecilek argitu duenez, titanio-laminak oso mehea izan behar du partikulek ihes egin dezaten. Titanio edo paladiozko barrak erabiltzen direnean, materiala lodiegia izaten da eta emaitzak ere ez dira garbiak.

Cecil jauna saiakuntza hauetan gehien kilikatzen duena, fusio hotzaz askatutako partikulen energia 3 edo 4 MeV-ekoa izatea da. Izan ere hori deuterio-nukleoen normalean askatutako energia baino askoz handiagoa bait da.

Washingtonen Naval Research Laboratory erakundean lanean diharduen George Chambers fisikariak ere antzeko emaitzak aurkeztu ditu. Harrigarriena ordea, honakoa da: Texaseko unibertsitateko Kevin Wolf fisikariak ere (eztabaida hauetan beti oso eszeptiko agertu denak) emaitza positiboak lortu izatea. Kevin Wolf, Howard Menlove eta Stephen Jonesek Coloradoko meatze batean egin dituzte saiakuntzak, erregistratutako partikulak izpi kosmikoetatik etorriak ez zirela segurtatzeko.

Liebert eta bere taldea kontrol bat egiten ari dira Hawaiiko unibertsitatean. Bi elektrolisi burutuko dituzte. Bataren ontzian bainua deuterio-gatzetan aberatsa izango da, jatorrizko saiakuntzan bezala eta bestearen ontzian hidrogeno arrunta besterik ez da egongo. Lehen elktrolisiko elektrodoetan helio 4 agertzen bada, deuterio-nukleoen fusioak sortu dituela frogatuko da.

Badirudi, beraz, fusio hotza berriz berotzen hasia dela eta fenomeno horrentzat teoria egokia asmatu beharko dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia