Gagarinen bidaia
2011/04/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mikrobusa jaurtiketa-plataformarantz zihoan. Barruan dozena-erdi pertsona. Haietako bi buzo laranja eta kasko zuria jantzita. Koheteari begira zeuden. Goizeko lehen argi-izpiak kohetearen punta distiratsuan islatzen ziren. Faro erraldoi bat zirudien.
Laranjaz jantzitakoak Juri Gagarin eta German Titov ziren. Aurreko gauean goiz oheratu ziren, plataformatik kilometro pare batera zegoen etxola batean. Baina ez zuten lo egiterik lortu. Ez zioten inori esan, misioan parte hartu gabe gelditzeko beldurrez. Denbora asko zeramaten hartarako prestatzen, eta ez zuten aukera hura nolanahi galduko.
Diseinatzaileburuak ere ez zuen lorik egin gau osoan. Gagarinek eta Titovek etxolaren inguruan bueltaka sumatu zuten. Diseinatzaileburuarentzat ere egun handia zen. Bera zen misio haren aita. Lau urte lehenago Sputnik -ekin lortutako arrakastari esker, bere ametsa betetzeko aukera zuen orain: pertsona bat espaziora bidaltzea.
Diseinatzaileburuaren benetako izena sekretua zen. Misio guztia bezala. Bi urte lehenago hasi zen dena. 1959ko urrian, hainbat pilotu gazteri entrebista misteriotsu batzuk egin zitzaizkien. Pilotuek ez zekiten zertarako; hegazkin-mota berriren bat probatzeko hautaketa egiten ari zirela susmatzen zuten. Era guztietako galderak egiten zizkieten, hasi hegaldi-esperientziatik, eta sobietar idealekin zuten konpromiso-mailara. 1960ko hasieran, aukeratutako 20 pilotuk agindua jaso zuten beren unitateak utzi eta destino berri batera joateko. Han entrenamendu berezia jasoko zuten, eta proba gogorrak pasatu beharko zituzten.
Urtebeteren buruan, 20 haietatik 6 aukeratu zituzten. Eta, azken probetan, Gagarin gelditu zen lehen postuan; 1,57 m-ko gazte argi eta langilea, familia umilekoa. Titov bigarrena izan zen.
1961eko apirilaren 12an, biak zeuden mikrobus hartan. Gagarin lehen pilotua, Titov ordezkoa. Egun hartan, umore onez zeuden denak. Ez zen txiste eta bromarik falta. Baina tentsioa ere nabaria zen. Plataformara iritsi ziren. Gagarinek agur-hitz batzuk esan zituen. "Pozik nago espazioan izango den lehen gizakia izateaz, ama naturarekiko norgehiagoka aurrekaririk gabeko honetan". Kideak besarkatu, eta igogailuan sartu zen, kohetearen muturrean zegoen Vostok-1 espazio-ontzira igotzeko.
Goian, ingeniari-talde bat zuen zain, Gagarin kapsulako aulkian behar bezala jarri eta atea ongi ixteko. Azken finean, Gagarin bidaiari hutsa izango zen. Izan ere, ez zekiten grabitaterik gabeko kondizioetan giza garunak eta zentzumenek nola erantzungo zuten. Eta espazio-ontziaren kontrolak ere blokeatuta zeuden Gagarinentzat. Gutun-azal batean sartutako larrialdi-kode batekin soilik desblokeatu ahal izango zituen. Baina, azken unean, atea 30 torlojurekin itxi baino lehen, ingeniarietako batek esan zion: "Juri, kodea 1-2-5 da". Eta Gagarinek, irrifarrez: "Badakit, Kamanin-ek esan dit lehen".
Bi orduren buruan, jaurtiketarako dena prest zegoela jakinarazi zion kontroletik diseinatzaileburuak: "Zarya Kedr-i deika. Atzerako kontaketa hastera doa". "Jasota. Ongi nago, animoz bikain, abiatzeko prest". Motorren burrunba entzun zuen Gagarinek, eta kohetea dar-dar batean sentitu zuen. "Poiejaly! (goazen!)" egin zuen oihu irratira.
Gagarinen pisua 5 aldiz handiago egin zen. "Ongi sentitzen naiz, G indarra eta bibrazioak handitzen ari dira, baina ongi daramat. Lurra ikus dezaket, mendiak, elurra, basoak...", komunikatu zuen abiatu eta segundo gutxira.
10 minutura orbitan sartu zen Vostok-1 . Gagarin liluraturik zegoen leihatilatik begira. Lurra modu hartan ikusteko aukera zuen lehenengoa zen. "Lurra ederra da", esango zuen geroago. Baina denbora gutxiz gozatuko zuen paisaia hartaz; gauerantz zihoan ziztu bizian.
Helburua orbita oso bat egitea zen. Ordu eta hiru laurdeneko bidaia izango zen. Pazifikoa gauez zeharkatzen ari zela, bere sentipenak koaderno batean idazten hasi zen. Ez zirudien grabitaterik gabe arazo handirik zegoenik oinarrizko jardueretarako. Jan eta edan egin zuen, eta liluraturik begiratu zien urak airean sortzen zituen globuluei.
Hego Amerika zeharkatu eta Afrikarantz zihoan. Bere amarengan pentsatu zuen; nola erreakzionatuko ote zuen berria jakitean. Izan ere, mundu guztiak bezala, Gagarinen amak ere ez zekien ezer misio hari buruz. Jaurtiketaren egunera arte sekretupean gorde baitzen.
Afrikaren gainean zegoela, Vostok-1 espazio-ontziaren motorrak piztu ziren, balaztatzeko. Abiadura galdutakoan, Lurrerantz erortzen hasi zen. Puntu horretan, kapsulak zerbitzu-modulutik banandu behar zuen, baina kable batzuk ez ziren askatu, eta bi moduluak loturik gelditu ziren. Eta, atmosferan sartzen hasi zenean, espazio-ontzia biraka hasi zen ziztu bizian.
Kabinako grabagailuan gelditu ziren une hartako bizipenak jasota: "Ontzia kaotikoki biraka ari da. Kanpoaldeko geruza sutan dago. Kanpoko tenperatura izugarria da. G indarra 10ekoa da. Gris ikusten dut... Suspertu naiz, eta dena argi ikusten dut berriz". Lurrera ez zuen halakorik komunikatu, ordea; dena ongi zihoala esan zuen.
Zorionez, bi moduluak lotzen zituzten kableak erre egin ziren, eta Gagarinen kapsula libre gelditu zen azkenik. Kapsulak erortzen jarraitu zuen. Kanpoan ia 3.000ºC; barruan 20ºC. Eta, 7.000 metroko altueran zegoenean, kapsulak Gagarin jaurti zuen.
Paraxutean jaisten ari zela, ibai handi bat ikusi zuen; Volga zela jakin zuen.
Lurrean, behia bazkatzera zeramaten Anna Tajtarova nekazaria eta haren sei urteko biloba Rita ez aurrera ez atzera gelditu ziren, begiak zabal, buzo laranja eta kasko zuridun gizon txiki hark nola lur hartzen zuen begira. Gizonak oihu egin zien: "Ez izan beldurrik! Sobietarra naiz, zuek bezala! Espaziotik nator eta telefono bat behar dut Moskura deitzeko!".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia