}

GAIAko erreinuak

2001/09/16 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


‘Planetako atmosfera eta, azken finean, klima landare eta animalien arteko lehiaren ondorioa da’. Ideia deigarria ezta? Baina, animaliek oxigenoa arnasten dute eta karbono dioxidoa kanporatzen; landareek, ordea, karbono dioxidoa arnastu eta oxigenoa isurtzen dute. Eta badakigu karbono dioxidoaren kopuruak kliman eragina duela.

Lurrak, atmosferak eta bien ‘osagaiek’ elkarren artean lotura dute, eta bata bestearen osagarri direla onartzen da. Baina euren arteko lehia ere badago. Adibidez, landare eta herbiboroak borrokan bizi direla esan daiteke, baina lehia horrek kliman eta, beraz, berotegi-efektuan eragina duela dioenik ere bada. Beste zientzialari askok ez du batere garbi ideia hori horrela denik.

Klima landare eta animalien esku

Retallack-en teorien arabera, klimaren ezaugarriak landare eta animalien arteko gatazkaren ondorio dira.

Karbono dioxidoa berotegi-efektua eragiten duten gasetakoa da, eta hortik animaliek planeta berotu egiten dutela eta landareek hoztu egiten dutela esatera ez dago tarte handia. Bietako bat besteari nagusitzen bazaio, planeta berotu edo glaziazioan murgilduko da.

Urteetan, atmosferako edozein gorabeheraren erruduntzat sumendiak eta harrien higadura jo dira eta animaliak eta landareak bata bestea elikatuz ‘harmonian’ bizi zirela uste izan da.

Nagusi den ideia hori, oinarrian, geologikoa da. Sumendiek CO2 gasa isurtzen dute eta hainbat prozesuren ondoren, azkenean, karbonoa ozeano hondoetan metatzen da. Teoria horren arabera, isurketen eta metatzearen arteko orekak eusten dio oxigenoari atmosferan, eta edozein desoreka txikik klimaren aldaketa eragin lezake.

Oregongo Unibertsitateko Greg Retallack geologoak, ordea, ez du orekarik ikusten animalien eta landareen arnasketaren artean. Lehenengo biziduna sortu zenetik atmosferaren kimika eta tenperatura baldintzatu dituena desoreka hori delakoan dago. Azken finean, bizidunek gure planetaren atmosferan uste zena baino eragin nabarmenagoa dutela.

Hainbat tokitan, herbiboroak dira belardiei bere horretan eusten dietenak, baso bilakatzen utzi gabe.

Gaia teorian ere esaten da bizidunek, nolabait ere, eragina dutela atmosferan, haren osaera kimikoa finkatuz eta Lurrean bizia ahalbidetuz. Fosil eta sedimentuen azterketek adierazten dute iraganean, atmosferako tenperaturak eta CO2 eta O2 mailek gorabeherak izan dituztela. Planetaren arnasketaren gorabehera horiek bizidunen arteko ‘gatazkari’ egozten dizkio Retallackek.

Uste horren lehen froga 50eko hamarkadaren amaieran iritsi zen. Mauna Loa sumendi itzalian, urtean zehar, CO2 maila % 2 inguru aldatzen zela ikusi zuten. Ikertzaileak ados daude aldaketen zergatia mendi-magaleko bizidunak direla, aldaketok bat baitatoz bizidunek CO2-a barneratu eta isurtzeko zikloekin. Fotosintesiaren bidez hazten diren landare eta bestelako bizidunek aireko CO2-a xurgatzen dute, gehienbat udaberrian.

Baina udazkenean eta neguan, fotosintesia etenda dago hein handi batean eta fotosintetizatzaileak lurreko bakterio, onddo eta animaliek jaten dituzte. Horiek CO2-a isurtzen dute,eta, ondorioz, berriz ere atmosferako maila igotzen da.

Lurraren historia berria

Retallacken ‘bioikuspuntutik’, historia duela 500 milioi urte baino lehenago hasi zen. Eguzkia gaur egun baino ahulagoa bazen ere, Lurra epelagoa zen, berotegi-gas ugari zegoelako. CO2 maila 20 bider altuagoa zen eta bizidunak ‘udaberri-festa' zoragarrian zeuden Kanbriarrean. Lurra airera CO2-a isurtzen zuten ‘arnastailez’ beteta zegoen. Baina festak ez zuen iraun, duela 450-350 milioi urte bitartean CO2 maila izugarri jaitsi baitzen.

Zer gertatu zen? Retallacken ustez, landareen ‘mendekua’ iritsi zen. Orduan sortu ziren lehenengoz zura duten landareak. Zuhaitzak sortu ziren.

Teoria tradizionalek gertaera geologikoei egozten dizkiete klimaren aldaketa historikoak

Landare gehiago eta handiagoak zeuden planeta osoan eta fotosintesi-emendio handiak aireko CO2-a xurgatzen zuen. Arnastaile haserretuek ezin izan zuten ezer egin, ez baitziren zura digeritzeko gai. Seguru asko gaur egun baino CO2 maila baxuagoa zuen Lur hartan, izotz-geruzak sortu ziren hego poloan. Hezeguneetako basoek atmosferatik karbono izugarri kendu zuten zohikaztegiak eta ikatz-biltegiak sortuz. Gaur egun arte ez da ikatz-biltegi horietako karbonoa airera itzuli. Orain, erregai fosilak erabiltzearen ondorioz ari da aireratzen.

Animaliek eboluzionatuz erantzun zioten landareen ugaritzeari. Termitak eta dinosauroak izan ziren heroiak, zura nola jan asmatu eta erruz ugaritu baitziren. Animaliak nagusitu egin ziren berriz ere, 200 milioi urte inguruz edo. Landare kopuru izugarria jan zuten, aireko CO2-ak nabarmen gora egiteraino. Eta klima bero eta hezea, tropikala, bilakatu zen planetaren zatirik handienean; berotegi-efektua itzulia zen.

Baina duela 65 milioi urte, dinosauroak desagertu ondoren, landareen garaia itzuli zen. Belardiak agertzea izan zen berrikuntza. Belarrak berak ez du CO2 askorik, baina materia organiko ugariko eta, beraz, karbono ugariko lur-geruza sortzen du azpian.

Azken 40 milioi urteetan, belar altuko belardi ugari egon da munduan, baita aurretik baso izandako toki askotan ere. Ekosistema horrek planetaren termostatoa kontrolpean hartu zuen. Animalia herbiboro berriak ere sortu ziren belardietan bizitzeko. Eta "belardi eta herbiboroen koeboluzioak karbonoan inoiz baino urriago zen giroa sortu zuen" dio Retallackek.

Belardien eraginez Lurra hoztu egin zenez, badirudi, duela 5 milioi urte hasita, glaziazio-zikloaren garaia abiatu zela. Ikertzaile asko ez dago ados hori landare eta animalien arteko gatazkaren ondorio denik.

Glaziazioak gutxi gorabehera 100.000 urtetik behin iritsi ziren. Teoria onartuenaren arabera, hori Lurraren inklinazio aldaketaren ondorioa da. Retallackek, bere ikerketetan, izotza joan eta etorri ahala belardi hezeak sastrakadi lehor bilakatzen zirela ikusi du, eta alderantziz. Garai hezeetan lurrak zizare-gorotzez josita daude. Garai lehorretan txitxar-zuloak izaten dituzte. Retallacken ustez, horrek lur horien karbonoaren ekonomia CO2-maila orokorrarekin lotuta dagoela adierazten du.

Ikuspuntu onartuenaren arabera, faunaren aldaketa aldaketa klimatikoaren erantzuna besterik ez da. Baina Retallackek beste azalpen bat badagoela uste du: ekosistemak dira glaziazioetan eragiten dutenak, karbonoa lurrera sartuz belardiak nagusi direnean eta airera askatuz sastrakadiak nagusi direnean.

Retallacken ideiak ez ditu geologoak konbentzitu, azken finean, geologoak euren arloa planetako ingurugiroaren gidari gisa ikustera ohituta baitaude. Gaia-ren aldekoak konbentzitzea ere zaila da. Esaterako, Boulder-ko Atmosferaren Ikerketarako Zentro Nazionaleko Lee Klinger-en ustez, gauzak ez dira Retallackek dioen bezain sinpleak: "CO2-an eragina duen ozeanoko biota aipatu ere ez du egiten.

Zohikaztegietako aldaketak ere ez ditu aintzat hartzen, azalera bereko basoek edo belardiek adina karbono edo bikoitza eduki arren". Lovelock-ek beste hutsune bat ere ikusten dio: "Gaia-ren ‘puzkarra’ ahaztu du. Metanoak garrantzia handia izan zuen hasierako atmosferaren osasunean eta, oraindik ere, zeregin garrantzitsua du".

Baina biak Retallackek bere ideiarekin aurrera jarraitu behar duelakoan daude. Honen ustez, bizidunen aldaketak ez dira klimaren aldaketaren ondorio, eragile baizik.

Gaia teoriaren espiritua

‘GAIA, begiratu berria Lurreko bizitzari’ J. E. Lovelock-ek 1979an argitaratutako liburua da. Eta liburua izateaz gain, Gaia bertan proposatzen den teoria baten izena ere bada. Hainbat eztabaida sortu du Lurra planeta osoa bere burua kontrolatzen duen bizidun bat balitz bezala aztertzen duen teoriak. Dena den, Lurrean gauza guztiak elkarri lotuta daudela eta egiten edo gertatzen den edozerk gainerako guztian neurri bateko edo besteko eragina duela ikusteko balio izan du. Guk Gaia teoriaren espiritua ulertzeko balio dezaketen bi zati hartu ditugu liburuaren bigarren ediziotik.

"Bizitokia dugun Lurra bizirik dagoelako ideia antzinakoa da. Gaia izena bizidunei dagokie eta greziarrek erabili zuten duela 2.000 urte. Lurra bizirik dagoelako lehenengo adierazpen zientifikoa James Hutton-ek egin zuen 1785ean Edinburgh-eko Errege elkartean emandako hitzaldi batean. Lurraren ikerketa fisiologiaren ikuspuntutik egin behar zela ere uste zuen; Harvey-ren odolaren zirkulazioaren aurkikuntza eta elementuen zikloaren arteko konparazioa ere egin zuen".

"Ama Lurraren kontzeptua, edo grekoek aspaldi izendatu zuten Gaia, askotan erabili izan da historian eta, oraindik ere, erlijio handiekin batera dirauten sinismenen oinarri da. Ingurugiroari buruzko datuak metatzearen eta ekologia zientzia gisa haztearen ondorioz, biosfera bizidun guztien eta horien bizitoki diren lurra, itsasoa eta airearen bilduma hutsa baino gehiago ote den eztabaida piztu da.

Antzinako sinismen eta gaur egungo ezagutza horiek bat egin dute hunkituta, astronauten laguntzaz espazio ilunean Lurraren edertasun distiragarria ikusteak sortu digun errespetuak bultzatuta. Sentimendu horrek, ordea, sendoa izan arren, ez du frogatzen Ama Lurra bizirik dagoenik. Uste hori, erlijio-sinismenak bezala, zientifikoki ezegonkorra da eta, beraz, bere horretan ezingo luke arrazoizko azterketa sakonik jasan."

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia