Gainbehera orokorraren tokiko adibidea
2006/05/01 Gosá Oteiza, Alberto - ARANZADI Zientzi Elkarteko biologoa | Rubio Pilarte, Xabier - ARANZADI Zientzi Elkarteko biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hain zuzen ere, azalari erreparatu behar zaio ingurumeneko kondizioen aurrean --onak nahiz kaltegarriak--erantzun egokia emateko animaliak duen gaitasuna finkatzeko. Izan ere, azalak pairatuko ditu neurriz gaineko beroaldiak --bat-batekoak edota, klimari dagozkion prozesuetan, denbora luzekoak--; azalari esker hautemango du uraren konposizioa ugaltzeko garaian edo larba denean; eta azalean ekoitziko dira etengabe agente patogenoentzat aukera paregabea izan daitekeen ehun heze hori babestuko duten konposatu antibiotiko ahaltsuak. Gizakiak ingurunean eragindako edozein aldaketa ere azalak jasango du. Azalak jasoko ditu lehendabizi poluzioa, euri azidoa eta lurzoruan, orbelean, basoaren egituran edota argitasun-mailan gertatzen diren aldaketak.
Aldaketen aurrean, berehala, fisiologia-, anatomia- edo portaera-mailako erantzun-multzo konplexua jarriko da abian. Aldatu den ingurune horretatik ihes egiten saiatuko dira animaliak, baina tamaina txikia eta mugitzeko gaitasun mugatua direla eta, zail samarra suertatuko zaie, eta urtarokoak bilakatuko dira. Edo, deshidratazioaren eraginez urik ez galtzeko, gauez soilik ibiliko dira eta lur azpiko gordelekuak erabiliko dituzte. Edo kolore deigarriekin apainduko dute gorputza harrapariak uxatzeko. Azkenean, milioika urteko eboluzioak muturreko ekosistemetan bizirik irauteko aukera emango die, baso borealetik hasi, non badiren hibernazioan odola izozteko gauza diren igelak, eta basamorturaino, non apo-mota batzuek urteak ematen dituzten hondar azpian.
Hain zuzen ere, milioika urteko ibilbide horretan berebiziko aniztasun genetikoa lortu dute anfibioek, eta hori da eskaintzen diguten altxorra. Hainbat adituk tropikoetako arrabioak jartzen dituzte altxor horren lekuko: espezie bakar batzuek ornodun talde osoek baino dibertsitate genetiko handiagoa pilatzen dute. Argudioa muturrera eramanez gero, esan liteke biodibertsitatearentzat larriagoa dela arrabio horietako baten galera Ipar hemisferioko ahate guztiak desagertzea baino. Beraz, anfibioak kontserbatzeak berebiziko garrantzia du, batez ere egungo gainbehera orokorra kontuan hartzen bada.
Mundu mailako gainbehera
Mundu osoko anfibioen etorkizuna ez da oparoa, oso iluna baizik. Gainbehera orokorra egiaztatutako errealitatea da Amerikan, Australian, Europan... Eta gainbeheraren froga nabarmenak lortu aurretik ere, habitataren suntsipena gailendu zen anfibioak desagertzearen arrazoi nagusi gisa. Habitataren galerari gainbehera orokorraren beste eragileak gehitu behar zaizkio: gaixotasun berriak; eremu zabalen poluzioa, euri azidoak eragindakoa kasu; edota ozono-geruzarekin loturik, B motako izpi ultramoreak emendatzea. Faktore horiek guztiak --eta haien elkarrekintzak-- ondorio lazgarriak eragiten ari dira anfibioen espezie eta populazioetan.
Euskal Herrian, berriz, beste faktore horien eraginik ez da oraindik frogatu, nahiz eta populazio jakin batzuetan tokian tokiko gaixoaldiak gertatu diren eta ugaltzeko garaian hildako anfibioak topatzen diren putzu gutxi bazuetan. Aitzitik, Huescako Pirinioen inguruan egiaztatu da hainbat populazio desagertu egin direla 'hanka gorriaren' gaixotasunak jota. Horrelako izurriteak Euskal Herrian ere edozein unetan azal daitezke, eta, horregatik hain zuzen, garrantzitsua da animaliak ugaltzera hezeguneetara hurbiltzen direnean jarraipena egitea.
Edonola ere, orain arte ikusitakoak iradokitzen du hemengo hainbat anfibio-populazioren beherakadak jatorrizko habitaten suntsipenean duela sorburua. Usteak, gainera, aurrerago azalduko den legez, baieztatu dira dagoeneko populazio batzuetan.
Ingurunea eraldatzearen ondorioak
Milaka urte gutxi batzuetako giza jarduerak zeharo eraldatu du sortzetik bertatik anfibioekin partekatu dugun ingurune naturala. Euskal Herrian, isurialde atlantikoan basoa nekazaritza-lur bilakatu da. Txandakatuta agertzen diren larreek, sastrakadiek eta gaur egun zuhaizti txikiak baino ez diren garai bateko basoen hondarrek osatzen dute paisaia. Kanpoko koniferoz eta eukaliptoz osaturiko baso-landaketak dira nagusi. Harizti, pagadi eta ameztiak isurialde hezearen mendialdean eta trantsizio-eremuan soilik gorde dira. Isurialde mediterraneoan, berriz, lehorreko laboreak eta mahastiak gailendu dira.
Hala ere, esan liteke eraldaketa horien ondorioz egun anfibio-komunitatea pobreagoa dela? Zaila da galdera horri erantzutea. Batek daki nolakoak ziren populazioak duela milaka urte. Hala ere, aurkitu diren fosil urriek eta egungo anfibioen analisi biogeografikoak adierazten dutenaren arabera --glaziazio-aroetan iritsi ziren, Pirinioetako zeharbideetatik--, aspaldi ere orain dugun bezalakoxe anfibio-komunitatea zegoen.
Hurrengo galderari erantzutea ere ezinezkoa zaigu. Alegia, anfibioak gaur egun ugariagoak ala urriagoak dira? Urritu egin direla uste da. Ongi kontserbaturiko zonalde batzuetan egungo eta garai bateko ugaritasuna antzekoa izan litekeela jakinda ere, oro har, sumatzen da ugaritasunak behera egin duela. Eta ez da harritzekoa hori pentsatzea; izan ere, lehenago inoiz ez bezala, XIX. mendeko industrializazioaz geroztik, ingurune naturalak oso denbora gutxian eraso ugari jasan ditu.
Habitata nola, anfibioak hala
Isurialde atlantikoan kontinentekoekin antz handia duten ingurune ezberdinak tartekatzen dira, eta, horregatik, han sortu ziren hemengo anfibioetako asko eroso bizi izan dira gurean. Basotxoek, zuhaixkaz inguraturiko baratzeek, larre eta soroek, ibai-ertzetako landarediak, ur-ibilguek, baserriek, ur-andelek, putzuek, herri-bideek eta bidezidorrek habitat-mosaikoa osatzen zuten, eta populazioguneen arteko komunikazioa errazten zuten.
Arriskua habitat hori zatitzean dago, nahiz azpiegituren bidez egin, nahiz paisaia berdintzen duen laborantza estentsiboaren bidez egin. Eraldaketa horrek hesi-efektua eragiten du, eta muga gaindiezinak jartzen dizkie anfibioei. Izan ere, kontuan hartu behar da espezieen kopurua bat datorrela habitaten dibertsitatearekin. Zenbat eta ekosistema ezberdin gehiago, espezieen arteko lehia orduan eta txikiagoa izango da, bizileku ezberdinak ustiatuko baitituzte.
Horregatik, paisaia atlantikoaren kudeaketa diseinatzeko garaian erabakigarriak izan daitezke habitataren zatiketa eta populazioen arteko konektibitatea kontzeptu berriak, adibidez. Egun indarrean dagoen lurralde-antolaketak populazioen gaineko esku-hartzearen beharra ekarri du, eta maiz babes neurri eraginkor bakarra izan da hori. Jakina da hezeguneen kopuruak, haien arteko distantziak eta errepideen dentsitateak, besteak beste, anfibioen dibertsitatea baldintzatzen dutela.
Zatiketaren ondorioz habitatak txikitu eta sinpletzeak, erdian azpiegiturak eraikitzeak (anfibioentzat oso arriskutsuak dira), pixkanaka-pixkanaka populazioak isolatzea eta indibiduo-kopurua gutxitzea eragiten dute. Eta, zoritxarrez, horixe ari da gertatzen Euskal Herriko isurialde atlantikoan. Bilbo eta Baionaren arteko eskualde-mailako sareak korapilatzen ari dira, herrien arteko bereizketa desagerrarazteraino. Euskal hiria?
Fauna-hutsune nabarmen eta berreskuraezinak sortzen ari dira. Zatiketak, populazio jarraituak egotea eragotzi ez ezik, migrazio bidezko kolonizazio berriak ezinezkoak egiten ditu. Finean, gaur egungo espezieen banaketa ahalbidetu duen fluxu biogeografikoa eragozten ari gara. Ondorioz, gero eta murritzagoak izaki, elkarren arteko harremanik gabe eta handitzen ari diren distantziek banandurik, desagertzea da populazioei geratzen zaien etorkizun bakarra. Behin betiko eta, kasu batzuetan, berehala, gainera.
Isurialde mediterraneoa
Euskal Herriko hegoaldeko egitura espaziala guztiz ezberdina da. Baita anfibio-espezieak ere, Mediterraneo aldean eta penintsulan bertan sortuak baitira. Aitzitik, berebiziko garrantzia dute tokiko biodibertsitatearentzat. Izan ere, askotan, gure eremu mediterraneoa anfibio horien banaketa geografikoren iparraldeko muga da.
Ebroren haranean, lehorra bezain epela den lautada zabalean, klimak hezeguneen inguruan bizitzera behartzen ditu populazioak. Horietako asko gizakiak eraikiak dira. Inguru hartan anfibioen banaketa-eredua presentzia puntualari dagokiona da; alegia, anfibioak ugaltzeko tokietara hertsiki loturik daude, eta migraziobideak putzuen artekoak dira. Kasu honetan, populazioen arteko komunikazioan funtsezko zeregina du jatorrizko landaredi mediterraneoak, bertako sastrakak, hain zuzen ere. Errepideen eragin latza bigarren mailakotzat har daiteke hemen, hezegune-inguruetara eta migrazio-bideak gurutzatzen dituzten puntuetara soilik mugatzen da.
Lehorreko populazio horientzat zereala da trabarik handiena. Nekazaritza-eremu luze eta zabalak hesi bilakatzen dira. Izan ere, anfibioentzat basamortua dira: apenas dute gordelekurik, eguzkiak bete-betean jotzen du, eta, gainera, urak poluituta eta ornogabeak akabatzen dituzten produktu fitosanitarioez gainezka daude. Anfibioek geratzen diren sastraka-hondar eta lursailen arteko heskai urrietan topatzen dituzte lehorreko azken bizilekuak. Ez dute besterik.
Gezurra badirudi ere, populazio batzuek, hegoaldeko ingurunerik desegokienetan bizirik irauteko, urtarokotasunari eta eguraldiaren baldintza aldakorrei (lehortea kasu) aurre egiteko portaera eta trikimailuak garatu dituzte. Larbaren ur-fasea murriztu egiten dute, metamorfosia hezegunea guztiz lehortu aurretik burutzeko. Era berean, udazkeneko edo neguko bigarren ugaltze-aldi bat gauzatu dezakete, garai horietako euriteak aprobetxatuta.
Isurialde atlantikoan dauden lurzoru hezeetan, aldiz, askoz zailagoa da putzuak eratzea. Gaitasun kontua da. Alde batetik, erliebeak agintzen du, eta aldapa malkartsuek lurrazaleko isurketa errazten dute; beste alde batetik, dentsitate demografikoa ikaragarria da, eta, giza populazioak anfibioentzat egokiak diren toki horietan ezarri dira. Gizakiarekin batera etorri dira hezeguneen desagerpena, betelanak, soroak eta landaketak, eraikuntzak eta azpiegiturak. Denboraldiko putzuek eta idoiek ordezkatu dituzte garai bateko aintzirak eta zingirak. Iraun duten horietan, maiz, uraren kalitatea eta ur-maila ez dira egokienak anfibioentzat, eta, gainera, inguruneko aldaketak etengabeak dira. Beraz, hezeguneek ez dute heldutasunera iristerik.
Korapiloa estutzen doa. Habitata eraldaturik, hezeguneak poluiturik eta etorkizunik gabe daudenez, anfibioak baldintza penagarrietan bizitzera kondenaturik daude. Gero eta errepide-sare konplexuago batean harrapaturik, populazioen arteko trukea eta komunikazioa mozturik, giltzapean daude. Azkenean, anfibioak izanik ere, itota.