}

Galaxia galaxiajaleak

2001/03/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gaur egun galaxien sorrerari buruz dagoen teoriarik onartuenak dio galaxia txikiak izan zirela sortu ziren lehenengoak. Galaxia txiki horiek pixkanaka elkartu eta beste handiago batzuk sortu ziren. Denbora aurrera joan ahala, beraz, galaxia handiak txikiak irensten ari dira. Horrelako prozesuak urrutiko sistemetan behatu ahal izan dira, modu zuzenean ez bada ere.

Esne-bideak ere horrela jokatzen duelako susmoa bazegoen arren, astronomoek ez dute urte askotan horren arrastorik izan. Baina 1994. urtean Sagitario galaxia aurkitu zen Esne-bidearen ondo-ondoan eta gu gauden aurkako aldean. Sagitario Esne-bidearen inguruko orbitan dago, baina jada kanpo-muga zehaztugabearen barruan.

Aurkitu zutenetik Sagitario galaxia erdi suntsitutzat hartu zen, hau da, materia asko dagoeneko galduta duela eta Esne-bideak irentsita izan behar duela. Horrela izanik, teorian izarrez osatutako eraztun-itxurako arrasto handi bikoitza aurki liteke. Eraztunak Esne-bide osoa inguratu behar zuen. Detektatzeko arazorik handiena da oso arrasto fina osatzen duela, bereizten oso zaila dena.

1998. urtean, Michigango Unibertsitateko ikerlariek arrasto horren zati bat aurkitu zuten eta Sagitarioren gunearen ingururaino zehaztu ahal izan zuten lerroa. Hala eta guztiz ere, teoriaren arabera, bigarren zati bat egongo zen aurkako noranzkoan hedaturik eta, beharbada, Esne-bide osoari buelta emango ziona. Arrastoaren bigarren zatia aurrekoa baino nekezago ikusiko litzateke gure galaxiaren planoa zeharkatuko zuelako eta gunearen atzean ezkutatuta izango zelako.

Espainiako IAC Institutuko astronomoak 2,5 metroko diametroa duen "Isaac Newton" teleskopioaren bitartez arrasto-zati hori bilatzen jardun dira Roque de los Muchachos behategian. Sagitario galaxiaren eredu dinamikoak hartu dituzte abiapuntutzat. Azkenik, izar gazte multzo batzuk detektatu dituzte, eredu teorikoek iragarritako arrastoaren arku osoa dagoela baieztatzen dutenak.

Aurkikuntza horren txostena Astrophysical Journal Letters aldizkari espezializatuaren Martxoaren 10eko zenbakian argitaratuko da. Egileek galaxia handiek txikiak jaten dituztenaren froga zuzena dela aldarrikatu dute. Dena dela, arrasto osoa ikustea lortzeko izar-multzo berrien bila ari dira. Helburua, besteak beste, irenste-prozesuak Esne-bidean sortzen duen eragina aztertzea da.