Galdeketak, azterketak eta kontraesanak
2010/07/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Izenburuaren nondik norakoak ulertzeko, komeni da kontuan hartzea Europako 32 herrialdetako 26.671 pertsonari egindako galdeketa baten erantzunak biltzen dituela txostenak. Horrez gain, Eurobarometroak datuen interpretazioa ere egiten du, eta 2005ean egin zuen antzeko galdeketa baten emaitzekin alderatzen ditu oraingoak. Hortik atera dute izenburua.
Txostenaren ondorio nagusiak bide beretik doaz: jenderaren ia % 80k erantzun du interesa duela aurkikuntza zientifikoetan eta aurrerapen teknologikoetan; kirola, berriz, % 65ari bakarrik interesatzen zaio. Eta ondo informatuta daudela uste dute: % 50ek nahiko ondo informatuta daudela adierazi du, eta % 11k, oso ondo. Gainera, interesa duten eta informatuta daudenek besteek baino ikuspegi baikorragoa dute zientzia eta teknologiarekiko. Hori bai, aitortzen dute ez dutela oso garbi zein den zientzialarien lana.
Datuak ikusita, harritzekoa da zer leku eskasa ematen dieten telebistek zientzia- eta teknologia-gaiei albistegietan. Telebistak ez al dira, bada, jendeari interesatzen zaiona eskaintzen espezialistak? Hori uste genuen askok. Baina Elhuyar Fundazioak egin berri duen ikerketaren arabera, eta Eurobarometroaren datuak egiazkoak izatera, oker dabiltza
Hain zuzen ere, zientzia- eta teknologia-gaiak albistegietan nola ematen diren aztertu du Elhuyarrek. Zehazki, ETB1, ETB2, TVE eta La2 telebista-kateetako albistegiei jarraipena egin die, eta ondorio nagusia da arlo horietako gaiek ez dutela aparteko garrantzirik ez lehentasunik, eta bestelako gaiak hobesten dituztela. Jendearen interesen aurka jokatzen dute, beraz
Prentsa vs. blogak eta Twitter
Eta telebista ez da salbuespena: aurreko urteetan, zientziak eta teknologiak Euskal Herrian argitaratzen diren egunkarietan zer leku duten aztertu du Elhuyar Fundazioak, eta orduan ere antzeko ondorioa atera du. Azterketa horiek guztiak Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategiaren webgunean eskura daitezke.
Aldiz, eta berriro ere Eurobarometroaren emaitzak ontzat joz gero, blog estatubatuarrak eta Twitter jendearen interesetatik gertuago egongo lirateke. Hori ondoriozta daiteke kazetaritzaren kalitateaz arduratzen den erakunde batek egindako ikerketaren emaitzak ikusita ( Pew Research Center s project for Excellence in Journalism ).
Blogetan ( Technorati eta IceRocket (ez dago jada eskuragarri), Twitterren eta prentsa idatzian zientzia- eta teknologia-gaiak zer maiztasunarekin azaltzen diren neurtu du erakundeak, eta aldeak izugarriak dira . Hala, teknologia erabat nagusitzen da Twiterren; blogetan, berriz, bestelako gaiak ere daude, baina, nolanahi ere, blogek prentsa idatziak baino 6 aldiz albiste gehiago argitaratzen dituzte zientzia eta teknologiari buruz.
Horrenbestez, baliteke komunikabide-mota bakoitza publiko-mota jakin batean espezializatuta egotea, eta zientzian eta teknologian interesa duten guztiek blogetan eta Twitterren asetzea beren jakin-mina. Hala balitz, baliteke Eurobarometroak jasotako erantzunak egiazkoak izatea. Bestela, galdeketaren eta audientzia- eta kontsumo-datuen arteko kontraesana esplikatzeko azalpen bakarra dago: jendeak ez duela egia erantzun. Hain ondo ematen du zientziazaleak eta teknologiazaleak garela esateak...
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia