Galileo sistemaren lehen satelitea orbitan
2006/01/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Hogeita hamar satelite izango dira guztira, eta lehenengoa dagoeneko jaurti dute; ESA, Europako Espazio Agentzia, hasi da instalatzen Galileo sistema.
Galileo satelite bidezko posizionatze-sistema europarra da, orain martxan dagoen GPS estatubatuarraren antzekoa. Oraindik ere, GPS sistema helburu militarretan erabiltzen da gehienbat, baina Galileok, ustez, erabilera zibila izango du. Ikuspuntu horretatik, GPSa ez erabiltzeko aukera emango du, baina bi sistemak osagarriak ere izango dira zientzia-proiektu askotan. Azken batean, GPSaren hogeita bederatzi sateliteei Galileoren hogeita hamarrak gehitzen bazaizkio, sekulako tresna lor dezakete geologian, ekologian eta beste hainbat esparrutako ikerketatan erabiltzeko.
Europarrek 2008rako espero dute hogeita hamar sateliteak egotea orbitan. Oraingoz bakarra jaurti dute, GIOVE-A izenekoa, eta, lehenengoa denez, ingurua miatzeko helburua du. Izan ere, satelite guztiek lurrazaletik 23.000 kilometrora egin beharko dute lan, eta ESAk ez du inoiz jarri satelite bat orbita horretan. Nazioarteko Espazio Estazioa, adibidez, lurrazaletik 400 kilometrora besterik ez dago, gutxi gorabehera. Alde handia da. Beraz, Galileoren satelite guztiak jaurti baino lehen, ondo aztertu behar da inguru hartako egoera, zenbateko erradiazioa dagoen, esate baterako.
GIOVE-A satelitea abenduaren 28an jaurti zuten Baikonur kosmodromotik, eta orbitan sartu da. Galileo espazioratzen hasi da.
Argazkia: ESA