}

Ganaduak on du larrea

2006/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Hara nun diran mendi maiteak! Hara nun diran zelaiak! Baserri eder zuri-zuriak, iturri eta ibaiak". Hala kantatu zuen Iparragirrek. Baina garaiak aldatu egin dira, eta paisaia hori galdu egin da leku askotan. Hala ere, badira nekazaritza-jarduerari eutsi nahi diotenak, eta, horiei laguntzeko, hainbat egitasmo jarri dituzte martxan. Besteak beste, Gipuzkoako Tolosaldean larreak leheneratu dituzte.
Ganaduak on du larrea
2006/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Azpeitia)

Eskaltzu mendia Zaratetik Andatzarako bidean dago, Gipuzkoan . Inguruko baserritarrek hango larreetara eramaten dute ganadua. Behiak inguru ezin hobean daude ondo hazteko: belar ona dute, nahikoa ur, bide egokiak daude haraino... Badirudi han ezer ez dela aldatu azken ehun urteetan. Alabaina, izan dira aldaketak, eta ez nolanahikoak.

Hain zuzen, larre horietan duela urtebete sartu zituzten behiak Eskaltzugain abeltzain-elkarteko zortzi baserritarrek. Hori baino lehen, larreak egokitzeko lanak egin behar izan zituzten. Izan ere, eremu hura utzita zegoen, sastrakaz eta otez josita. Berriro ere larre bihurtzeko, sastraka garbitu, lurra goldatu, ongarritu, belar-hazia erein, ura eraman, askak egin, hesiak jarri, bidea txukundu eta halakoak egin behar izan zituzten.

Hori guztia egin ondoren, larrea prest zegoen ganadua hartzeko, eta, hala, iazko apirilean Eskaltzu mendiko lehen larre-irekiera ospatu zuten. Berez, ez du ematen ospakizun bat egiteko adinako kontua denik; baina larreak leheneratzea baino zerbait gehiago lortu dute Eskaltzun.

Eremu horrek jabego pribatuko hamabost lursail txiki biltzen ditu. Denak batuz gero larrerako egokiak zirela ikusita, Zizurkilgo Udalak hitzarmen bat sinatu zuen lursailen jabeekin. Hala, jabeek hamabost urtez Udalaren eskuetan utzi dituzte lurrak, eta, Udalak, berriz, Eskaltzugain abeltzain-elkarteko ganaduzaleei eskaini dizkie.

Eskaltzuko larreak Tolomendin egiten duten lanaren adibideetako bat dira. Halako egitasmoak aurrera eramatea ez da erraza, baina arazo bati irtenbidea emateko bide aproposa direla erakutsi dute, lursail asko baitaude Eskaltzuko larreak duela urtebete zeuden bezala, utzita eta inork ustiatu gabe.

Bilakaera azkarra

Leku askotan, sasiak hartu ditu belardiak, eta gogor egin behar da lan larreak leheratzeko eta ganadua sartu ahal izateko.
1. A. Galarraga; 2-3. A. Azpeitia

Iker Karrera Tolomendi landa-garapeneko elkartearen gerentea da, eta ederki daki nola aldatu den lurraren erabilera Tolosaldean, eta nola eragin dien baserritarrei.

Haren esanean, gaur egungo pinudi gehienak larre edo soro ziren duela 60-70 urte. Hainbat mende atzera eginez gero, inguruan baso atlantikoa zen nagusi, baina, populazioa ugaldu ahala, basoak soiltzen joan ziren, eta haien tokian larreak eta soroak sortu zituzten. Gero, industrializazioaren garaian, jarduera aldatu egin zen, eta lursailen jabeek pinua landatzea erabaki zuten.

Garai hura ere igaro da, ordea, eta orain pinuak ez du lehen adina diru ematen. Gainera, jendeak ez ditu lur horiek bizitzeko behar; guztiaren

ondorioz, lursail asko erabat utzita daude, batez ere ez badira handiak eta ez badaude errepideetatik gertu.

Halaber, kontuan izan behar da, ondorengoen artean banatzeko ohitura dela eta, lursailak txikiak direla oro har. Bestalde, gaur egun makinaria erabiltzen da nekazaritzan, eta horrek ere izan du eragina. Karreraren hitzetan, "oso azkar pasatu gara abereek tiratutako gurdietatik nik ez dakit zenbat zaldiko traktoreetara, eta azpiegiturak ez dira hain azkar egokitu. Hortaz, hainbat belardi eta sorotan ezin da lanik egin gaur egiten den eran".

Badirudi Eskaltzu mendiko larreetan ez dela ezer aldatu azken hamarkadetan.
A. Azpeitia

Herri inguruan eta errepideetatik gertu dauden sailak, berriz, ez dira erabiltzen, nahiz eta nekazaritzarako eta abeltzaintzarako aproposak diren. Karrera ez dator bat nekazaritzarako lurrik ez dagoela esaten dutenekin. Haren iritziz, "lurra egon badago, baina blokeatuta dago. Herritik gertu dauden sailen kalifikazioa noiz aldatuko zain daude jabeak, eta, bitartean, ez dituzte lurrak beste inoren eskuetan utzi nahi. Izan ere, egunen batean eraikitzeko baimena badute, dirutza irabaztea espero dute, sailak enpresa eraikitzaileari salduta. Aldiz, lurrak errentan emanez gero, beldur dira eskubideak galduko dituztela; horregatik daude hainbeste sail blokeatuta".

Gauzak horrela, hainbat nekazarik ez du ganadua hazteko edo baratzeak jartzeko lekurik. Ez dute lurrik, eta lurjabeek, berriz, ez dizkiete sailak errentan utzi nahi epe luzerako. Egoera horretan, baserritarrak ezin dira arriskatu errentan hartutako larreak hobetzeko lanak egitera, ez baitakite noiz arte izango duten han geratzeko aukera.

Irtenbide bila

Guztien interesak uztartuz egoerari irtenbidea ematea da Tolomendiren lana. Herri-jabegoko lurretan, Aldundiarekin eta Udalarekin harremanetan jarri ondoren, egitasmoa prestatzen du teknikari batek, eta larreak leheneratzeko beharrezko lanak egiten dituzte. Zizurkilen kasuan, berriz, lurrak jabego pribatukoak ziren, eta lurjabeek Udalaren esku utzi zituzten, Tolomendiren laguntzaz martxan jarritako ekimenaren bidez.

Karreraren iritziz, hori da egitasmoaren alde interesgarriena, alegia, erakunde publiko batek hartzen duela bere gain jabego pribatuko lurren kudeaketa. Garai bateko ondazilegien aurkako bidea da, nolabait. Desamortizazio-legearen ondorioz, lehen udalenak ziren lurrak pribatuak izatera pasatu ziren, baina ez denak. Udal batzuek eutsi egin zieten herri-sailei; hala ere, lur horietako askoren kudeaketa partikularren esku utzi zuten. Ondazilegi deitzen zaio horri, eta, horietan, baserritarrek ustiatzen zituzten herri- sailetako belarra, gaztainak, egurra...

Azpiegiturak egokitu diren lekuetan, errazagoa da abeltzaintzan aritzea.
X. Azkue

Orain, alderantzizkoa gertatzen ari da: jabego pribatuko lurrak erakunde publikoen bidez kudeatzea lortu nahi dute Tolomendi bezalako landa-garapeneko elkarteek, lurrak ez daitezen utzita egon, eta baserritarrek etekina atera ahal izan diezaieten. Horretaz gain, etorkizunean erabilera bera izaten jarraituko dutela bermatu nahi dute. Izan ere, garai bateko baserrietan, seme zaharrenak aitaren bidetik jarraitzen zuen; gaur egun, ordea, ohitura hori galdu egin da, eta, ondorioz, ekoizpena antolatzeko eredu horrek ez du inolaz ere bermatzen baserri baten jarraipena.

Bestalde, basoetan ere ari dira bultzatzen antzeko ekimenak, Euskadiko basozale-elkarteek sortutako Basoekin erakundearen bitartez.

Urruti gabe

Mendiko sailetan ez ezik, herri inguruan ere gauzatu dira hainbat egitasmo, Gipuzkoako Elduain herrikoa kasurako. Elduain oso maldatsua da, mendiz eta basoz inguratua dago, eta, garai batean nekazaritzak indarra bazuen ere, azken urteetan garrantzia galtzen ari da.

Elduainek baditu belardi eta soro batzuk basoaren eta etxebizitzen artean, baina, azkenaldian inork ez dituenez ustiatzen, basoa etxebizitzetara hurbiltzen hasia zegoen. Hori dela eta, Udala kezkatuta zegoen. Tolomendikoekin batera arazoa aztertu dute, eta egitasmo bat prestatu dute.

Baserri askotan, nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta etekin handiagoa ematen duten lanbideetan jarduten dute.
X. Azkue

Sail horiek ez dira egokiak makinekin lan egiteko, eta, hortaz, artzaintza da irtenbide errazena lur horiek ustiatzeko eta, bide batez, basoari sartzea galarazteko. Azkenean, sail horien lau jabeek Udalaren esku utzi dituzte lurrak, eta gazte batek hartu du han artalde bat hazi eta gaztandegi bat antolatzeko ardura.

Halako egitasmoekin, nekazaritzan aritu nahi duenari aukera eman nahi zaio, lurrean lan egin nahi duenak lurra izan dezan, eta, aldi berean, landa-herrien berezko paisaiak, kulturak eta beste zenbait baliok iraun dezaten.

Tolomendi, landa-garapeneko elkartea
Europako Batasunaren irizpideen arabera, Tolosaldea mendi-nekazaritzako eremua da. Izendapen hori emateko, hainbat ezaugarri hartzen dira kontuan: lurraren batez besteko maldak, garaiera... Toki horientzat, diru-laguntzak bideratzen ditu Europako Batasunak.
Diru-laguntza batzuk --mendiko konpentsazio-ordainak-- zuzenean baserritarrentzat dira, eremu horiek ez baitute ematen lautada handi eta emankorrek adinako etekinik.
Beste diru-laguntza batzuk, berriz, udal, elkarte eta erakundeentzat ematen ditu Europako Batasunak, landa-garapeneko egitasmoak bultzatzeko helburuarekin. Laguntza horiek bideratzeko sortu ziren landa-garapeneko elkarteak EAEn, eta Tolomendi da Tolosaldekoa.
(Argazkia: A. Azpeitia)
Tolomendikoak gustura daude larreak leheneratzeko proiektuarekin, bai eta beste egitasmo batzuen emaitzekin ere. Baina ez dute uste horrekin nahikoa denik, eta inbidiaz begiratzen diete lur-bankuak dituzten herrialdeei.
Lur-bankuek nekazaritzako lur emankorrenak nekazaritzarako gordeko direla bermatzen dute, eta aspalditik daude Ipar Euskal Herrian nahiz Europako beste leku askotan. Leku horietan, baserritarrek nekazaritza-jarduera uzten dutenean, behartuta daude lurrak beste baserritar batzuen eskuetan jartzera, eta, inor ez badago, lur-bankuari utzi behar dizkiote. Lur-bankuak lurrak erosi ere egiten ditu, eta horretarako erraztasunak ditu legearen aldetik.
Hego Euskal Herrian, oraingoz, urruti dago halako erakunde bat sortzea eta maila horretako neurriak ezartzea. Tolomendiko gerente Iker Karreraren esanean, "badirudi oraindik ez dela komeni horrelako egitura bat martxan jartzea, lurra erabiltzeko beste moduetan eragin dezakeen enbarazuagatik edo". Baina zalantzarik ez dago oso egokia izango litzatekeela nekazaritzako lurrak nekazaritzarako gorde daitezen eta horretan jardun nahi duenak aukera izan dezan.
Mendiak zikin
Mendiak zikin daude. Duela hamarkada batzuk larreak zirenak orain pinudi edo, are okerrago, bere kasa utzitako eta probetxurik gabeko lursail bilakatu dira.
Askotan entzuten da hori; egiaztapenaren eta sentimenduen arteko nahastea. Larre zirenek pinudirako bidea eta pinudi batzuek ustiapenik gabeko sailetarako bidea egin dute. Gizartearen eta bizimoduaren bilakaerak baserri-giroan eragindako aldaketa da.
Baina horri mendia zikindu egin dela eta probetxurik gabekoa dela esatea erabiltzen diren betaurrekoen araberakoa da. Izan ere, mendia naturalizatu egin dela ere esan daiteke egiaztatze bera adierazteko; eta pertzepzioa, jada, desberdina da. Larrea edo baso atera berria duen lursaila sastrakadi bihurtuko da lehenik, eta, urteen poderioz, baso natural eta lerdena, gehienetan. Ikuspuntu ekologistagoa, inolaz ere.
(Argazkia: Elhuyar Fundazioa)
Baina, era berean, lurrari probetxua ateratzeak, baserri- eta ganadu-ustiapenek sortzen dituzten larreek, alegia, biodibertsitatea areagotu egiten dute, artifizialki bada ere. Eta hori ere bat dator ikuspuntu ekologistarekin.
Kontua da non zer egin erabaki behar dela, nahikoa lursail naturalizatu izan dezagun gune urbanoen eta baserri-ustiapenen artean. Lan horretan, zeregin handia, eta ona, daukate Tolomendiren ekimenak eta horren antzekoak.
Eneko Imaz, biologoa
Galarraga Aiestaran, Ana
3
220
2006
5
041
Abeltzaintza; Nekazaritza; Ekologia; Ingurumena
Artikulua
44