Garapen Jasangarrirako Helburuak politikan: diskurtsoetan bale, ekintzetan kale
2022/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako 17 helburu dira, eta Agenda 2030 osatzen dute. NBEren arabera, pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza-plan bat da, zeinak bake unibertsala eta justiziarako sarbidea indartzeko asmoa baitauka. Nature Sustainability aldizkarian argitaratu den ikerketa batek, ordea, erakutsi du ez dutela funtsezko aldaketarik eragin ekintzetan, ez legeetan, ezta baliabideak esleitzeari buruzko erabakietan ere.
Ondorio horretara iristeko, GJHek 2016-2021 bitartean izan duten eragin politikoa aztertzen duten 3.000 ikerketa baino gehiago aztertu dituzte. Hiru eratako ebidentziak bilatu dituzte: eztabaida politikoetan izandako diskurtso-aldaketak; lege, erregelamendu, politika edo aurrekontuetako doikuntzak; eta sail, batzorde edo programa berriak sortzea, edo lehendik zeudenak egokitzea.
Hala, ikusi dute jasangarritasunari buruzko diskurtsoak aldatu egin direla 2015etik hona, baina politikak eta erakundeak ez dira egokitu, eta ez da baliabide nahikorik esleitu, helburuak betetzeko.
Ikertzaileek azpimarratu dute, Agenda 2030 ez denez loteslea, arduradun politikoek beren helburuetarako erabiltzen dutela, nahieran interpretatuta edo nahi bezala aplikatuta. Horrenbestez, GJHak ez dira, bere horretan, nahikoak benetako aldaketa eragiteko. Horrez gain, uste dute ikerketa gehiago egin behar direla eragina neurtzeko eta nola eragin jakiteko. Hain zuzen, egileen iritziz ez da nahikoa ikertu zer elkarreragin dagoen helburuen artean, ezta zer eragin eta ondorio duten banaka eta elkarrekin, maila desberdineko eragileetan. Esaterako, aipatu dute gutxien ikertu diren helburuak 10a eta 12a direla: desberdintasunak murriztea, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia