}
Kari Alberdi Etxabe Kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

"Garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita"

2021/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

garrantzitsua-da-ikusaraztea-zientzia-ez-dagoela-g
Arg. Kari Alberdi Etxabe

Kari Alberdi Etxabek Kari Kimikari izena du sareetan, beraz, ez da zaila asmatzen kimika ikasi duela. Dioenez, beti izan du zientziekiko interesa: "Ikusten nuen zientziak galdera asko egiten dituela munduan dauden auzien inguruan, eta niri jakin-mina pizten zidan". Gainera, batxilergoko azken urteetan, zientzietako irakasle oso onak egokitu zitzaizkion, eta aitortu du horrek ere lagundu ziola aukeratzen. 

Gradua bukatutakoan, besteek bezalaxe, bere buruari galdetu zion "eta orain, zer?". Aldi berean, ingurukoek galdetzen ziotenean, nabaritzen zuen haiek ez zekitela oso ondo zer zen kimika eta zer egiten zuten kimikariek; are gehiago, oro har, jendeak ez daki zer egiten duten zientzialariek. "Iruditu zitzaidan komunikazioa falta dela zientzian dabiltzanen eta ez dabiltzanen artean, eta, idaztea ere gustuko dudanez, pentsatu nuen zubi-lana egin nezakeela", gogoratu du Alberdik. 

Hala, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarrekin eskaitzen duten Kultura Zientifikoaren masterraren barruan, zientziaren komunikazioaren unibertsitateko adituaren atala egitea erabaki zuen, eta orain dibulgazioko modulua egiten hasi da. 

Gustura dabil hautatutako bidean, eta egitasmo politak aurrera eramateko aukera eman dio, adibidez, Twitterren eta Instagramen egin duen dibulgazio-lana, euskal abestiak eta eduki zientifikoak uztartuz.  

Hain zuzen, iazko ikasgaien artean, sare sozialei buruzko bat zuen, eta irakasleak proposatu zien denbora mugatu batez komunikazio zientifikoa Twitterren lantzea. "Nik, lehenik, publikoa aukeratu nuen, eta erabaki nuen zientzian hain sartuta ez dagoen publiko euskaldunari zuzentzea. Pentsatu nuen zer izan zitekeen interesgarria publiko horrentzat, eta iruditu zitzaidan euskal kantak amu egokia izan zitekeela zientzia-kontuak helarazteko". 

Zubi-lana, ezinbestekoa 

Aipatu du batek baino gehiagok esan diola inoiz ez zela jabetu hainbesteko kontu zientifiko zeudenik kantuetan; beraz, pozik dago lortutako emaitzarekin: "Azkenean, helburua hori zen: zientziaz inguratuta gaudela ohartaraztea. Eta uste dut, neurri batean, lortu dudala". 

Horrekin batera, zientziaren eta gizartearen artean dagoen hesian pasabideak ireki nahi izan ditu. "Pandemia-garaian oso garbi ikusi da badaudela entzun nahi ez duten pertsonak, zientziarekiko mesfidantza dutenak, informazio zuzena eta faltsuaren artean bereizteko gai ez dena... Horri aurre egiteko, garrantzitsua da ikusaraztea zientzia ez dagoela gizartetik bereizita. Horretarako ere uste dut nire proiektua, txikia izanik ere, baliagarria dela zientzia pertsona horiei gerturatzeko".

Alberdiren iritziz, pandemiak ekarri duen ziurgabetasun-giroan, zientzia ezinbesteko zutabea da sortu diren arazoei irtenbidea emateko, eta zientzia-komunikatzaileen lana da hori gizartera helaraztea. 

"Ez da erraza, jendeak baduelako aurreiritzia zientziak dena konpontzen duela eta ezin duela akatsik egin. Azken finean, komunikabideetan irudi hori ematen da askotan. Eta orain, ikusi dutenean zientzialariek hainbat auzitan zalantza egin dutela, edo lehen esandakoa ezeztatu egin dutela gero, errezeloa piztu zaie. Hori ez zen gertatuko metodo zientifikoa zertan datzan jakingo balute. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den kultura zientifikoa". 

Alberdik euskarazko zientzia-dibulgazioan jarraitu nahiko luke. Orain irakasle dabil hezkuntza ez-formalean, zientziako irakasgaiak ematen 15-18 urteko gazteei, eta lan hori ere oso baliagarria zaio jakiteko zer kezka dituzten eta zer jarrera duten zientziarekiko. Zaila iruditzen zaio hortik dibulgazio-mundura jauzia ematea eta dibulgatzaile-lanetan jardutea, baina itxaropentsu dago, eta horretarako pausoak ematen ari da dagoeneko.

 
Kari Alberdi Etxabe

Azkoitian jaio zen, 1996an. Kimikako ikasketak burutu ostean, Komunikazio Zientifikoko Graduondoa egiten ari da gaur egun. Irakasle lanarekin uztartuz, euskarazko zientziaren dibulgazioan dabil lanean bere sare sozialetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia