}

Garun iruzurtia

2011/12/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Elkarrekin loturarik ez duten giza garunari buruzko bi kontuk osatzen dute zutabe honetako kontakizuna, eta batera agertzeko arrazoi bakarra da elkarrekin kateatu izana nire buruan.

Darwinen eta Wallaceren desadostasun handienari buruzkoa da istorio nagusia, eta Stephen Jay Gould-ek jaso zuen Pandaren erpurua liburuan, “Hautespen naturala eta giza garuna: Darwin eta Wallace aurrez aurre” saiakera laburraren bidez.

 Wallacek, espezien eboluzioaren mekanismotzat hautespen naturala ezbairik gabe defendatzen zuen arren, ukatu egiten zuen giza garuna eta adimena hautespen naturalaren ondorio izan zitezkeenik, Darwinek ez bezala. Ukazio horren berri izatea atsekabe handia izan zen Darwinentzat, Wallaceri zuzendutako gutunetan garbi asko adierazi zuenez: “Espero dut ez zenuela zure eta nire umea erabat erailko” esaten zion batean; eta, beste batean, aurrerago: “Ez bazenit zuk zeuk esan, hitz horiek beste norbaitek gehitu zituela pentsatuko nukeen. Espero zenuen bezala, desadostasun sakona adierazi behar dizut, eta pena handia dut”.

 Wallaceren kontraesan ulergaitzenaren pare igaro da historia-orrietara giza adimena hautespen naturalari ez baizik eta Jainkoari zor zaiola uste izatea; eta Wallaceren ausardia faltari, edo gizakiaren apartekotasunaren ideiari aurre egiteko ezintasunari egozten zaio hutsa. Gouldek, ordea, Wallaceren ikuspegi hiperselekzionistaren ondorio koherente gisa aurkezten du ukazioa bere saiakeran. Goulden esanean, eboluzioaren eta hautespen naturalaren oso ikuspegi zorrotza zuen Wallacek: eboluzioa hautespen naturalak gidatzen zuen, inguruneari moldatzea eragiten zuen aldaerak bultzatuz beti, eta, ondorioz, bizidunengan existitzen ziren aldaera eta ezaugarri denak moldaerazkoak izan behar zuten.

 Giza garunak, baina, ez zuen Wallaceren ekuazio hertsi hori betetzen. Garaiko ia inork ez bezala, Wallacek onartzen zuen “basatiek” “europar finek” bezalako garunak zituztela, eta, “trebakuntza europar” baten eraginpean, gai zirela “europarren kultura gorenagoan” integratzeko; aitzitik, beren gizarte primitiboetan, askoz ere erabilera mugatuagoa ematen zioten garunari. Horrek esan nahi zuen egoera latentean zeuden gaitasunak zituztela, eta, horiek, behar izan eta erabili aurretik sortu zirela. Baina alferrikako gaitasunak ezin zirenez izan hautespen naturalaren emaitza, ezinbestean adimen gorenago batek sortuak behar zuten izan giza garuna eta haren gaitasunak, Wallaceren hitzetan, “norabide jakin batean, eta helburu zehatz batekin”.

 Azkeneraino koherente ala koldar, esan gabe doa Wallace oker zegoela, nahiz eta 150 urte geroago, gure burua engainatuz segitzen dugun, neurriz kanpo goretsiz garunaren diseinua, eraginkortasuna eta funtzionamendua. Halako alabantzen aurrean, ez dago David Linden neurozientzialariak The accidental mind liburuan egiten duen gupidarik gabeko deskribapena baino antidoto hoberik. Harentzat, garunari ondoen doakion adjektiboa kludge da. Eta zer den kludge bat? Bada ingelesek asmatu duten hitza honako hau izendatzeko: elkarrekin bat-batean jarritako zatiak erabiliz, arazo bati itzulinguruen bidez eta trakets emandako konponbide hala ere eraginkorra. Garunaren diseinuak eta antolamenduak dituen mugak irudikatzeko Lindenek baliatzen duen analogia batekin amaituko dut nik: demagun denik eta auto-modelo eraginkorrena eraikitzeko enkargua jaso dugula, eta esan digutela hori egiteko baldintza 1925eko Ford T baten egituratik abiatzea dela, eta jatorrizkotik ia ezer kendu gabe zatiak gehituta egin behar dugula. Zimendu horiekin eraiki da giza garuna; eboluzioaren emaitza delako behar adina froga, bestalde.

Berria egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia