}

Garuna trebatzeko jokoak, boladan

2008/03/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela hamarkada batzuk, jogging-a egon zen boladan; gero, aerobic-aren txanda izan zen; geroxeago, kulturismoarena; ondoren, yoga eta tai-chi-a etorri ziren, eta orain dela gutxi pilates egiten hasi zen jendea. Baina horiek denak atzean utzi ditu beste ariketa-mota batek: Brain training, garunaren trebakuntza.
Adimena lantzeko jokoak boladan daude, batez ere, bideo-jokoen kontsoletan ibiltzeko egindakoak.

Azkenaldian, boladan daude garunerako jokoak. Informazioa prozesatzeko azkartasuna, memoria, arreta, logika... adimenaren hainbat alderdi lantzeko aukera eskaintzen dute joko horiek, eta, egileen arabera, nahikoa da egunero tartetxo bat aritzea, garuna suspertzeko eta gero eta adimentsuago bihurtzeko.

Nonbait, kontsumitzaileek joko horien eraginkortasunean sinesten dute, edo, besterik gabe, dibertigarriak iruditzen zaizkie, arrakasta handia izaten ari baitira. Esate baterako, Estatu Batuetan 2 milioi dolarreko negozioa sortu zuten 2005ean; iaz, berriz, 80 milioi dolarrekoa izan zela kalkulatu dute. Alegia, 40 aldiz hazi da bi urtean. Japoniako joko ezagunenak, berriz, 15 milioi kopia saldu ditu hainbat euskarrirentzat, batez ere, bideo-jokoen kontsoletarako.

Jokoek antzeko oinarria dute. Egileen esanean, garuna muskuluen antzekoa da; entrenamendu egokia eginez gero, hazi egiten da, eta, zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta errazago eta azkarrago egiten ditu ariketak. Zientifikoki probatuta omen dago, hori diote.

Oinarri zientifikoa

Snowdon neurologoak komentu bateko mojekin frogatu zuen xakean eta antzeko jolasetan aritzea ona zela garuna suspertzeko. (Argazkia: Doris Ulmann)

Garuna trebatzeko jokoek oinarri zientifikoa dutela erakusteko, 1986an Estatu Batuetako moja batzuekin egindako ikerketa bat aipatzen dute, besteak beste. David Snowdon neurologoak egin zuen azterketa. Andre Mariaren Ahizpen ordenako mojen komentura joan zen, eta han bizi ziren 678 mojak aztertu zituen. Denek 75 urte baino gehiago bazituzten ere, oso ondo zuten burua. Snowdonek ikusi zuen haien artean zahartzaroko dementzia, alzheimerra eta antzeko arazoak ez zirela adin horretako jendearen artean bezain ohikoak, eta mojen buru-osasunean eragin zezaketen faktore guztiak aztertu zituen: dieta, ohiturak, ariketa intelektuala...

Harrituta geratu zen mojak xakean eta antzeko jokoetan aritzeko ohitura zutela ikusi zuenean. Snowdonek ondorioztatu zuen jolas haiei esker zituztela hain buru onak. Haren ustez, jolasek neuronak berritzen eta suspertzen laguntzen zuten, eta garuna zahartzetik babesten zuten.

Ikerketa gehiago ere egin dira; adibidez, ezaguna da Londresko taxilariekin egindakoa: hiriaren kaleak eta ibilbideak ikasi ahala, hipokanpoa handitu egiten zitzaiela ikusi zuten ikertzaileek. Hain justu, hori da espazioaren memoriaz arduratzen den atala.

Aplikazioak

Askok zalantza egiten dute garuna beste edozein eratara erabiltzea baino eraginkorragoa ote den joko horietan aritzea.

Horrelako ikerketen harira, adimen-galera duten adinekoei edo buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonei laguntzeko ariketak sortu zituzten neurologoek. Ariketa horiei esker, zahartzaroan izaten den galera moteltzea lortzen dute, edo arreta jartzeko zailtasuna duten umeen jarrera hobetzea, besteak beste. Orain, jokoak sortzen dituzten enpresek beste pauso bat eman dute, eta kontsumitzaile guztientzako ariketak merkaturatu dituzte.

Alabaina, aditu askok zalantzan jartzen dute joko horiek benetan eraginkorrak direla. Haien ustez, ezin da ukatu garuna erabiltzeak kalteetatik babesten duela, baina horrelako jokoak ez dira ezinbestekoak. Hitz gurutzatuak, sudokuak edo bestelako denbora-pasak egitea, liburu on bat irakurtzea, hizkuntza bat ikastea, lagunekin eztabaida kitzikagarri bat izatea... bideo-jokoetarako sortu dituzten jolasetan aritzea bezain onuragarria eta are hobea izan daiteke. Beraz, horrelako jokoek garuna erabiltzeko aukera ematen badute ere, ez espero mirari handirik.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia