}

Garunak ez ditu gustuko buruhausteak

2001/12/16 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zenbat pezeta edo libera dira 15,5 euro? Azkarrenek gutxi gorabehera 2.560 bat pezeta edo 101 libera direla erantzungo dute; beste batzuek, berriz, euroa oraindik ez dela gure txanpona eta ideiarik ere ez dutela. Baina garunari zergatik kostatzen zaio hainbeste era horretako kalkuluak egitea? Ai, garunaren lekuan kalkulagailua bagenu!

Euroa erabiltzen hasteak jende asko kezkatzen du, gizakiaren kalkulu gaitasuna mugatua delako. Inor ez da kalkuluak egitetik libratuko eta, bihurketa guztiak buruz ikasi ezean, komeni da neuronak lanean jarri eta trebatzen joatea. Baina zergatik kalkulatzen dugu hain gaizki? Ez da galdera erraza, baina galderak zintzilik uztea zientzialarien gustuko ez denez, teoria batzuk argitaratu izan dira.

Hainbat kalkulu, hainbat aburu

Kalkuluez hitz egiten hasi aurretik, komeni da zertaz ari garen definitzea. Bide bat topatzea, batuketak egitea bezalaxe, beste kategoria batekoa izanagatik ere, kalkulua da. Lehen adibideari kalkulu abstraktua deritzo eta bigarrenari kalkulu numerikoa.

Informatikan, sinboloak numerikoak izan ala ez, sinboloekin egiten diren eragiketa guztiak definitzen dira kalkulu gisa. Zerrenda bateko hitzak orden alfabetikoan jartzea, karta jokoko karta gorriak eta beltzak bi bultzotan banatzea, irudi bat tamainaz murriztea... guztiak dira kalkuluak eta ordenagailuak guztiak egiten ditu laster eta akatsik gabe. Horrelako lanak egiteko, ordenagailuak 0 eta 1 zenbakien jarraipenekin kodifikatzen du informazioa.

Gizakiaren garunak ere operazioak egiten ditu, adibidez, elkarrizketa bat osatu, artelan bat egin, ipuin bat asmatu... Operazio horiek mezu kimikoak trukatuz egikaritzen dituzte neuronek. Seguru asko, zehatzago so eginez gero, garunaren funtzionamendua oinarrizko kalkuluetan oinarrituta dagoela ikusiko genuke.

Garuna ordenagailuarekin erkatzen hasita, ezinbestekoa dirudi bataren eta bestearen potentzia alderatzea. Garunak segundoko 1013 eta 1019 oinarrizko operazio bitartean egiten ditu. Gezurra badirudi ere, 30 urte barru arte ez da gizakiaren garuna bezain potentzia handia duen ordenagailurik izango; hau da, oinarrizko hainbeste kalkulu egiteko gai izango den ordenagailua. Baina garuna, kalkulu abstraktoak egiteko ikaragarrizko gaitasuna eduki arren, kalkulu numerikoak egiteko nahiko eskasa da.

Ondorioz, informazioa tratatzeko bi "gailu" daudela esan daiteke. Alde batetik, potentzia handiko oinarrizko konposatuak dituen garun biologikoa, baina kalkulu numerikoak egiteko nahiko mugatua dena. Eta, beste aldetik, potentzia txikiagokoa izan arren, instante batean batuketak, ehunka zifrako zenbakien faktorizazioa eta milaka hitzen sailkapena egiteko gai diren ordenagailuak.

Arkitektura da gakoa

Egungo gizartea numerikoa eta informazionala da, baina maiz garuna ez da egora horretara behar bezala egokitzen.

Gizakiaren garuna espezialitate asko dituen kalkulatzeko "gailua" da. Ordenagailuak kalkulu unibertsalak egiteko nukleoa du oinarri. Horretaz gain, behin eta berriz errepikatzen diren eragiketak lasterrago egiteko, bazterreko sistemak gehitzen zaizkio. Oraingoz behintzat, gizakiaren garunari ezin dakioke horrelakorik egin eta, beraz, derrigortuta gaude kalkuluak egiteko hain gaitasun txikiarekin bizitzera. Kalkuluak egitean, garunaren zati batzuk baizik ez dira aktibatzen, eta horrek argi uzten du ezinezkoa zaigula paraleloki bi ariketa egitea.

Milioika urteko eboluzioak garunaren gaitasunak hobetu ditu, baina garunaren egitura egonkorrak ez du aurrerantzean ere aldaketa handirik gertatzeko itxaropenik uzten. Agenda memorizatzea, bankuko kontuak buruz egiaztatzea, bide korapilatsua topatzea, eta, orain, pezetak edo liberak buruz eurotan ematea dira garunaren egiturak mugatzen dizkigun eragiketa batzuk.

Gizakiak sortutako gizartea numeriko eta informazionala da, eta garuna asko kostata baino ez da egokitzen egin beharreko eragiketetara. Eboluzioak beste bide batzuetatik jo du eta benetan konplexuak diren mekanismoak sortu ditu, ikusmen-sistema esaterako. Baina, ez du garunaren kalkulatzeko gaitasuna asko hobetu. Hortaz, derrigortuta gaude bulegoa, etxea eta baita zakua ere kalkulagailu eta ordenagailuz betetzera.

Kalkulatzaile liluragarrien kasua

Garunak kalkuluak ongi egiteko zailtasun handiak dituela begi-bistakoa da. Baina, hala ere, trikimailuak trikimailu, badaude kalkulu luze eta korapilatsuak buruz egiteko gaitasun handia duten pertsonak. Ikerketa batean, kalkuluak egiteko aparteko trebeziarik ez duen pertsona baten eta Rüdiger Gamm kalkulatzaile handiaren garunak aztertu dira.

Ikusi denez, pertsona gehienenon garunak, kalkulu luze eta korapilatsuak buruz egitean, garunaren ezker-hemisferioko zati batzuk aktibatzen ditugu, lanaren oroimenari dagozkionak hain zuzen ere. Leku horietan tarteko emaitzen erantzunak gordetzen dira, baina oroimen horrek oso kapazitate txikia du eta informazio berriak berehala ezabatzen du zaharra.

Rüdiger Gammek, berriz, lanaren oroimena ez ezik, oroimen episodikoa ere aktibatzen du. Oroimen horrek gehiago irauten du eta horri esker gogoratzen gara, esaterako, bezperan edo goizean bertan egindako gauzez.

Ikerketa egin zutenen iritziz, beraz, kalkulatzaile abilak baino gehiago oroimen oneko gizonak dira. Alexander Aitken (1895-1967) XX. mendeko kalkulatzaile liluragarrienetakoak, adibidez, þ-ren 707 dezimalak buruz ikasi zituen, eta 528.etik aurrera oker zeudela jakin zuenean, dezimal berriak ikasi zituen 1.000.eraino. Kalkulatzeko aparteko gaitasunik ez zuela badiote ere, ez zuen gero oroimen makala!

7k-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia