}

Garunaren eboluzioa

2001/05/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako Princetongo Unibertsitateko neurologo-talde batek hainbat espezieren garunak aztertu dituzte, garuneko eremu bakoitza, garun osoarekin alderatuta, zenbaterainokoa den ikusteko. Proportzioak alderatze horri ‘zerebrotipo’ deitu diote eta garunaren eboluzioari eta espezieen arteko erlazioari buruzko galdera batzuei erantzuten laguntzen du.

Animalia baten zerebrotipoa zein den jakinik, zein taldetakoa den asmatzea erraza da. Izan ere, talde bereko animalien garunak oso tamaina ezberdinekoak izan arren, eremuen arteko proportzioak antzekoak dira, hau da, antzeko zerebrotipoa dute.

Zerebrotipoen aldaketak eboluzio bat izan zela adierazten du. Esate baterako, lemur primitiboetatik primateetara eta gizakira doan bidearen arrastoa neokortexaren luzapen erlatiboan ikusten da.Hain zuzen ere, neokortexa, garuneko eremuetatik, eboluzionatu duen azkena da eta adimenaren materiatzat hartzen da, besteak beste, ikasteko eta hitz egiteko gaitasunak bertan kokatzen direlako. Gizakiaren garunaren % 80 hartzen du, baina tximino eboluzionatuenetan % 60 besterik ez da. Ikertzaileen ustez, alde hori egitura sozial konplexuagoa duten taldeetan bizitzeko egokitzapen hobearen erakusle da.

Ikertzaileek urruneko espezieetan ere parekotasunak ikusi dituzte. Adibidez, saguzarrak eta izurdeak oihartzun bidezko lokalizazio-sistema erabiltzen dute eta bi espezieek zerebelo handia dute.

Dena dela, garunaren eboluzioa azaltzea ez da hain erraza. Britainia Handiko Durhamgo Unibertsitateko antropologo batek garuneko eremuak alderatzeko beste metodo bat erabili du eta ez dator bat Princetongo ikertzaileen emaitzekin. Hauen ikerketaren arabera, zerebeloak proportzio berdintsua du espezie gehienetan; horrela, bere funtzioa beste eremuen menpe ez dagoela ondorioztatu zuten.

Durhamgo Unibertsitateko antropologoaren lanak, ordea, neokortex handia duten primateetan, zerebeloak ere neurri handiagoa duela erakusten du. Beraz, proportzioak aztertuta soilik, garuneko eremu bakoitza beste eremuekiko nola aldatzen ezin daiteke jakin.

Beste ikertzaile batzuek, aldiz, bi azterketa horiek osagarriak direla uste dute. Zelula- kopurua alderatzea bolumenak alderatzea baino metodo hobea izan daitekeela proposatzen dute. Zalantzarik gabe, oraindik azterketa asko egin behar dira, baina badirudi garunaren eboluzioa azaltzean aurrerapausoak ematen ari direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia