Garunaren hamarkada
1990/10/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
1989ko uztailaren 25ean George Bush, USAko presidenteak deklarazio bat sinatu zuen Etxe Zurian, Estatu Batuetako Kongresuaren eskariz, laurogeitamarreko hamarkada garunaren hamarkada bezala kontsideratuz. Dekretu honen bidez, EEBBek konpromezu bat onartzen dute, neurozientzietan ikertzeari lehentasun osoa emanez. Zientzilariak, hezitzaileak, osasun-sistemako pertsona eta erakundeak, garuneko trastornoen kontrako borrokan beren indarrak bateratzera konprometitzen dira, medikuntzaren adar honetan garapen tekniko eta terapeutikoek eskaintzen dizkieten abantailak aprobetxatuz.
50 milioitik gora dira urtero arazo neurologikoak, garuneko problema baskularrak, NSZeko gaixotasun degeneratiboak, drogadikzioa, traumatismo kranialak edota ingurugiroko neurotoxikoekin zerikusia duten arazoak dituzten amerikarrak. Trastorno hauen kostu ekonomikoak 300.000 milioi dolarretik gorakoak dira urtean EEBBetan soilik. 1990eko urtarrilaren 1ean hasi zen hamarkada garuneko hamarkada bezala ezartzearen arrazoiak, hiru dira funtsean:
- Giza garunaren, inoiz sortu den makinarik perfektuenaren, egitura eta funtzionamenduari buruzko gure ezagutzak sakondu beharra.
- Neurozientzietako ikerketan emandako azken 20 urteok sortu duten eragina, azken urteetan eskuratutako ezagutzen aberastasuna eta eremu honen emankortasuna (azken 25 urteotan 15 neurozientzilari Medikuntza eta Fisiologiako Nobel Saria irabaztera iristeraino).
- Gaur egun medikuntzaren azken hesia herrialde industrializatuetan nerbio-sistema zentraleko gaixotasun degeneratiboak direla konstatatzea.
Minbizia eta trastorno kardiobaskularren ezagutza eta tratamenduan edukitako lorpen handiak eta aurrerapen zientifiko ikusgarrien ondotik, NSZeko gaixotasun degeneratiboak dira gaur egun ikerketa biomedikoaren helburu nagusia. Azken urteotan aurrerapauso handiak lortu dira gizakientzat eritasun eta heriotza-arrazoi nagusi ziren bi talde nagusietan (minbizian eta gaixotasun kardiobaskularretan). Aurrerapauso horietako asko ikerketa biomedikoari esker lortu dira, eta beste batzuk neurri higieniko edo dietetiko soilei esker (presio arteriala kontrolatuz, aztura dietetikoak aldatuz, iharduera fisikoa areagotuz) edo tabakoa ebitatuz.
Horrela, XX. mendearen erdialdean gertatutako eritasun infekziosoen beherakadaren ondotik eta gaixotasun kardiobaskularrekin eta minbiziarekin lotutako patologia nabarmenki murriztu eta gero (gaixotasun kardiobaskularren frekuentzia, adibidez, ia erdira jaitsi da 1960 eta 1980 bitartean), bizi-itxaropena dezente luzatu da nazio industrializatuetan. Baina, gaur egun hortxe daukagu erronka berria: nerbio-sistemaren eritasun degeneratiboena, hain zuzen; hirugarren adinean horiexek bait dira balioezintasun edo heriotza-arrazoi nagusia.
Amerikako Estatu Batuetako Kongresuaren deklarazioak ikerketarako jarritako diru-kopurua datorren hamarkadarako praktikan %100 gehitzea esan nahi du. Urteroko zifra 800.000 milioi dolarrekoa da, neurozientzietan ikertzeko, eta zifra ikaragarri horrek ikerketa-proiektuen %60 finantzatzea egingo du posible, gaur eguneko %10 finantzatu ordez.
Datozen urteotan neurozientzien garapena eta datorren hamarkadarako aurkikuntza posibleen aurrikuspena ondorengoak dira:
- Duela 10 urte oso gutxi ziren garuneko neurotransmisore ezagunak. Une honetan, ordea, 40 substantziatik gora identifikatu dira, neuronen artean komunikazioa bideratzeko gai direnak. Datozen urteotan neurotransmisore horiek nola elkar-komunikatzen diren hobeki ezagutzea espero dugu; desoreka desberdinen azken ondorioa zein den eta ezagutza horiek zenbait gaixotasunen tratamenduan nola erabil daitezkeen, hala nola Parkinson-en eritasunean, epilepsian, Huntington-en korean edota Alzheimer-en gaitzean.
- Duela 10 urte ADN birkonbinatzailearen teknologia erabiltzen hastea besterik ez genuen egin. Gaur egun gaixotasun genetikoen markatzaileak identifikatu dira (Huntington-en korea, Alzheimer edota tortsioko distoniarena, e.b.). Datorren hamarkadan gaixotasun neurologikoen gene anormalen mapa osatuagoa edukitzea espero dugu, eta aldi berean trastorno horietako batzuk hobetu edota sendatuko (zergatik ez?) dituzten gene-terapiako teknikak sartzen eta erabiltzen hasiko direla pentsatzeko moduan gaude.
- Duela 10 urte traumatismoek edo gaixotasunek lesionatutako neuronak ordeztea edo konpontzea ezinezkoa zela pentsatzen genuen. Gaur egun jakin badakigu neuronak ugal erazi egin daitezkeela eta gutxienez zenbait animaliarengan transplantatuak izan eta ondoren berriro inpultsuak transmiti ditzaketela. Datozen urteotan gure ustetan asko daukagu ikasteko faktore neurotrofikoei buruz; alegia neuronei hazten, diferentziatzen eta konexio berriak bilatzen bidea errazten dieten substantziei buruz. Ezagutza horiek oso baliagarriak gertatuko bide dira nerbio-sistema zentraleko eritasun askoren tratamenduan; adib. Parkinson-en eritasunean, orno-muineko traumatismoetan, garuneko arazo baskularretan, etab.
- Duela 10 urte, medikuek eta neurologoek nerbio-sistema zentraleko gaixotasun degeneratibo baten aurrean diagnostikatu eta kontsolatzeaz gain ezer gutxi egin zezaketen. Garu egun gure diagnostikorako posibilitateak handitu egin dira. Datozen 10 urteotan tratamendu-mota berriek (transplanteek edo protesi neurologikoek adib.) onura handiak ekar ditzakete.
Une honetan, zientziaren egoera internazionala da erabat eta ezin (eta alferrikakoa bestalde) da lokalismoez pentsatzea. Zalantzarik ere ez dago USAko Kongresuaren deklarazioak (datozen 10 urteotako garuneko hamarkadari buruzkoak) eta honek sorteraziko duen esfortzu ikertzaileak, eragina mundu osoan edukiko duela. Esfortzu horren ondorioak gure artean ere nabariko dira.
Horregatik behar-beharrezkoa da pertsonek, pazienteek eta senitartekoek, pertsonal sanitarioak eta ikerketakoak, erakunde ofizialek, talde publikoek eta pribatuek, ikertzera jarrita daudenek, esfortzu horren emaitzak gizartearen eta gure pazienteen onerako aprobetxatzen jakitea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia