}

Garuneko zubia

2006/07/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

BrainGate edo garuneko zubia, halaxe izena du argazkiko sistemak. Izena baino garrantzitsuagoa da, ordea, funtzioa. Izan ere, horri esker, posible da ordenagailu bati aginduak ematea pentsamenduaren bidez.

Azken urteotan, horrelako sistemak sortzeko ikerketa dezente egin dira. Orain, BrainGaterekin aurrerapauso handia eman dutela dirudi. Emaitza, behintzat, ikusgarria da: gorputz-adarrak paralizatuta dituen pertsona batek hainbat lan egin ahal izatea lortu dute, hala nola posta elektronikoa erabiltzea, beso robotiko bat mugitzea edo bideo-jokoetan aritzea.

Matt Nagle gazteak egin du hori guztia. Duela bost urte, bizkarrezurrean jaso zuen labankada baten ondorioz, gorputz-adarrak mugitu ezinik gelditu zen. Horrelakoetan, nahiz eta nerbio motorrek ez duten erantzuten, sarritan garuneko area motorrean ez da aginduak sortzeko arazorik egoten.

Braingate horretan oinarritzen da. Area motorrean 96 elektrodo jartzen dira (irudiko txanponaren gainean azaltzen den txip moduko horretan daude), eta horien bitartez helarazten dira garuneko aginduak ordenagailura. Ordenagailuak, berriz, mugimenduak eginarazten ditu, pantaila batean izan zein tresna robotiko baten bidez.

Baina sistemak baditu baina batzuk: mugimendu gutxi batzuk besterik ezin dira egin, eta, gainera, gorputzaren barrualdea eta kanpoaldea konektatuta daudenez, infekzio-arrisku handia dago. Gainera, beste boluntario batzuekin ere probatu dute, eta emaitzak ez dira hain onak izan. Beraz, sistema hobetzeko ikertzen jarraitzeko asmoa dute zientzialariek.

Argazkia: Leigh R. Hochberg, Mijail D. Serruya, Gerhard M. Friehs, Jon A. Mukand, Maryam Saleh, Abraham H. Caplan, Almut Branner, David Chen, Richard D. Penn and John P. Donoghue, ikerketaren egileak.

Gehiago jakin nahi izanez gero, informazio ugari dago Natureren webgunean, eta hainbat bideo ikusteko aukera ere badago.