}

Gas-ihesen detektagailua

2002/12/16 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

CEIT zentro teknologikoa garatzen ari den mikrosentsoreei esker, hemendik aurrera etxeetako gas-ihesak detektatu ahal izango dira. Zentro gipuzkoarrak Gas de Euskadi enpresarekin dihardu lan horretan.

CEIT eta Gas de Euskadi enpresa egiten ari diren ikerketak etxeetako gas-ihesak detektatzeko helburua du. Horretarako, mikrosentsoreetan oinarritutako sistema bat garatu dute: Gemma García Mandayo CEITeko ikertzaile gazteak eta bere lankide batzuek eztainu-oxidozko mikrosentsoreak sortzeko teknikak aztertu dituzte. Izan ere, etxeetan gero eta gehiago erabiltzen da gas naturala, laster etxeetan karbono monoxidoa detektatzeko legedi berria jarriko dute martxan eta, gainera, gero eta kontsumitzaile gehiagok eskatzen dituzte gas-ihesen detektagailuak.

CEIT-eko ikertzaileek garatutako detektagailua.

Gas-ihesak aurreikusteko eta karbono monoxidoa ez sortzeko ezinbestekoa da instalazio egokiak izatea eta gas-tresnak ongi zaintzea, indarrean dauden araudien arabera. Hala eta guztiz, segurtasuna hobetzeko asmotan CEITeko ikertzaileek garatutako sistemek hainbat arrisku murrizteko balio dute: metano-ihesak (gas naturalaren osagai nagusia) sorraraz ditzakeen leherketak eta karbono monoxidoa (kolorerik eta usainik gabeko gasa) inhalatzearen ondorio diren pozoinketak, hain zuzen.

Karbono monoxidoak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ezinezkoa da osagai hori sentsorerik gabe detektatzea. Errekuntzak gertatzen diren guneak ondo aireztatzea kontuan hartzeko neurria da, baina, hala eta guztiz, hainbat arrazoirengatik gas hori metatzeko arriskua beti dago: dentsitate handiko gasa da, eta ez du ez kolorerik eta ez usainik. Journal of the American Medical Association aldizkariaren arabera, karbono monoxidoa da Ameriketako Estatu Batuetan istripuetan heriotza gehien eragiten dituen elementua.

CEITeko ikertzaileak diseinatzen ari diren gas-mikrosentsoreari berogailu bat erantsi diote eztainuzko oxido-geruza 300° C-ra hel dadin (karbono monoxidoa, hain zuzen ere, tenperatura horretatik gora detekta daiteke).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia