}

Gaugiro ederrean zerura begira

2006/07/30 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Uda sasoi aparta da gauez zerura begira egoteko. Epel egiten du eta lotarako presa gutxiago izaten da. Patxada hori aprobetxatuta, merezi du arreta pixka bat jartzea zeruan ikusgai daudenei. Izarrei begira jarri, eta, agian, astronomiarako harra piztuko zaio bati baino gehiagori.
Mendira egindako irteerak izarrei begira egoteko aprobetxatzeko garai paregabea da uda.

Zerua bere handitasunean ikusteko ez dago oso urrun joan beharrik: Euskal Herrian bertan geratuta, edo oso urrun joan gabe, Nafarroako erribera eta Errioxa aldea dira zerua behatzeko lekurik egokienak. Izan ere, hezetasun gutxiko lekuak dira, atmosfera nahiko egonkorra izaten dute, eta, ondorioz, atmosferak duen filtro-efektua txikiagoa da. Herri txiki bat aukeratzea da onena. Oro har, hirietatik urrun dauden lekuak dira egokienak, argi artifizialaren eraginetik urrun baitaude.

Hasteko, gauean zeruan dagoen argi handiena aipatzea komeni da: Ilargia . Ilargi betea abuztuaren 9an izango da. Dena den, Ilargia bera behatu nahi bada, egokienak laurdenak dira; hau da, Ilgora (hilaren 2an, aste honetan bertan) eta Ilbehera (hilaren 16an).

Ilargiak, esan bezala, argi handia egiten du; eta, ondorioz, zeruan dauden gainerakoak behatu nahi izatera, aukeran hobea da Ilargirik gabeko gau bat. Iragan den aste honetan bertan izan da Ilberri; beraz, ez da une txarra hamaka bat hartuta zerura begira etzateko patxada ederrean.

Hara, Scorpius!

Gauez zeru izarratuaz gozatzeko ez da gauza handirik behar, begiak eta eguraldia lagun izatea, besterik ez. Behaketa arretatsuago bat egin nahi bada, zeruan dauden objektuak identifikatuz eta abar, oso lagungarriak izango dira prismatiko batzuk eta zeruaren planisferio bat (gaur egun Interneten egunean eguneko mapak ere badaude).

Zerua izarrez josita dago; batzuk begi hutsez berehala ikusteko modukoak dira, eta beste batzuk arreta handiagoa eskatzen dute, eta teleskopio bat, edo, halakorik ezean, prismatiko batzuk.

Hegoaldera begiratuta, horizontearen gainean (mendiren batek oztopatzen ez badu) Scorpius ikusiko da. Scorpius zodiakoko konstelazioetako bat da —Eguzkiak urtean zehar egiten duten bidean dagoela esan nahi du horrek—, eta eskorpioi baten itxura du. Lau izarrek burua osatzen dute (horietako hiru nahiko dirdiratsuak) eta buztana lehenengo behera okertua du eta gero gora.

Scorpius non dagoen jakinda, Esne Bidea beha daiteke, konstelazio hori Esne Bidearen paretik pasatzen baita. Esne Bideari begiratzea gure galaxiaren erdialdera begiratzea da; beraz, objektu-multzo handi bat da. Horietako batzuk bereizteko oso baliagarria izango da aurrez aipatutako prismatiko hura.

Kolore desberdineko hiru izar ikus daitezke erreferentzia gisa hartu dugun Scorpiusen azpian; bata zuria da, bestea gorria eta urdina hirugarrena.

Izar iheskorrak ere bai

Hiriko argiek ez digute uzten zeruko argitxoak ikusten; beraz, hobeto hiri handietatik urruntzea izarrak ganoraz behatu nahi izatera.

Udan izar iheskorrak ere izaten dira. Adi-adi egonez gero, batera eta bestera doazen izarrak ikusten dira. Tira, ez dira benetako izarrak, izar iheskor edo izar uso deitzen diegun arren; aitzitik, atmosferaren aurka talka egindako hauts-partikulak dira, eta Pertseida esaten zaie. Hilaren erdialdean izango dira ugarien. Astronomoen arabera, abiadura bizian higituko dira (59 km/s) eta aztarna luze eta dirdiratsua utziko dute.

Izar iheskor bat ikusitakoan desio bat eskatzeko ohitura duenik bada. Uda, beraz, izarrei begiratu eta amets egiteko garaia ere bada.

7K-n argitaratua.