}

Gaur jarriko dute orbitan Bigarren Belaunaldiko Meteosat

2002/08/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lehenengo Meteosat satelitea duela 25 urte jarri zuten orbitan. Satelitearen eginkizuna eguraldia aztertzeko beharrezkoak ziren datuak eta irudiak jasotzea zen. Orain, Bigarren Belaunaldiko Meteosat ( Meteosat Second Generation , MSG) satelitea orbitan jartzeko prest dago ESA, Europako Espazio Agentzia. Hain zuzen ere, jaurtiketa Kourou-tik (Guyana Frantsesa) egingo da hango 19.30ean, hau da, Europako kontinentean 00.30-ean. Horretarako, Ariane 5 kohetea erabiliko dute.

Satelite berria Lurretik 36.000 km-ra egongo da, orbita egonkorrean. Afrikako Gineako golkoaren gainean kokatuta, gaur egun martxan dauden satelite meteorologikoek baino 20 aldiz informazio gehiago emango du. Horrekin, eguraldi-iragarpenak zehatzagoak izango direla espero da, baina, horretaz gain, azterketa meteorologiko sakonak egitea ahalbidetuko du.

MSG satelitearen eginkizun nagusia bere ikus-eremuaren irudiak ematea da. Hartara, irudi horiei esker, aire-masen ezaugarriak eta termodinamika aztertu ahalko dira, baita hodeien parametro fisikoak ere. Gainera, hodeiak nola eratzen diren ikusiko da, eta aldaketak berehala antzematea ahalbidetuko du. Bestetik, datu ozeanografikoak eta geofisikoak jaso eta denbora errealean emango ditu. Bide batez, datuok artxibatu egingo dira, eta hainbat aplikaziotan erabiliko dira.

Datuen transmisioa bi kanalen bidez egingo da: HRIT (High Rate Information Transmission) eta LRIT (Low Rate Information Transmission). Lehenengoaren bidez, prozesatutako irudien datu guztiak bidaliko dira konprimituta; bigarrenaren bidez, berriz, prozesatutako irudien zati bat besterik ez da bidaliko, baina horrekin batera beste datu meteorologiko batzuk ere bidaliko dira. Bi transmisio-bideek oraingo Meteosat sistemaren irrati-maiztasun berak erabiliko dituzte, baina kodea, modulazioa, abiadura eta formatua ezberdinak izango dira.

MSG-aren beste eginkizunetako bat erradiazioa neurtzea izango da. Islatutako eguzki erradiazioa eta atmosferaren goialdean igorritako erradiazio termala zehaztasun handiz emango ditu. Bestalde, beharra izanez gero, sateliteak laguntza emango du hainbat salbatze-lanetan.

Datozen urteetan, beste bi MSG satelite jarri nahi dituzte martxan, eta egitasmo osoaren aurrekontua 1.337 milioi eurokoa da.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia