Gaur udaberria hasten da!
2001/03/20 Elhuyar Zientzia
Udaberria udaberriko ekinoziotik udako solstiziora doan denbora-tartea da. Ekinozioa eguzkiak ekliptikaren inguruko itxurazko mugimenduan, zeru-ekuatorea zeharkatzen duen aldia da eta une horretan gauak eta egunak iraupen berdina dute. Solstizioan, aldiz, egunik (udan) edo gaurik (neguan) luzeenak izaten dira.
Hala ere, lekuaren arabera aldatu egiten da: ipar-hemisferioan udaberriaren etorrera ospatzen ari garenean, hego-hemisferioan udazkenean sartzen dira, eta ekuatorean sei hilabeteko iraupena duten bi urtaro besterik ez daudela esan daiteke, bata lehorra eta bestea hezea. Gainera, eremu horietan, urte osoan zehar egunak eta gauak iraupen berdintsua dute (12 ordu inguru). Ipar eta Hego Poloetan ere udaberria eta udazkena oso motzak direnez, urtaro nagusiak uda eta negua dira.
Ipar-hemisferioan, beraz, udaberriak hiru hilabete irauten ditu eta, neguaren ondoren, biziaren garaia da. Horregatik, sasoi horretan lurrarekin eta nekazaritzarekin lotutako hainbat tradizio gogoratzen dira. Gizakiak naturarekin harreman estuagoa zuten garaian, erritu ugari eskaintzen zieten jainkoei lurra oparoa izan zedin.
Gaur egun, horietako ohitura asko galdu badira ere, udaberria itxaropenarekin eta garai berriekin lotzen dugu. Batzuentzat alergia, azkura eta begi gorrituen sasoia ere bada, baina horrekin batera inguruko landareak loratzen ikustea, kukuaren lehen agurra entzutea eta arratsalde luzeak datoz. Gaurtik aurrera, eguzkiak hamabi ordu baino gehiagotan berotuko du lurra eta, eguerdian, gero eta gorago azalduko da, ekainaren 21ean punturik gorenean egon arte. Goza dezagun bada!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia