}

Gaurko menua: planetak saltsan

2006/08/24 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur erabakiko dute Pragan planeta bat zer den, eta erabakitzen dutena erabakitzen dutela, gure eguzki-sistema ez da sekula lehengoa izango. Gure eguzki-sisteman bederatzi planeta daudela? Ahaztu kontu hori; nekez jarraituko du horrela izaten. Izan ere, bi aukera nagusi daude: bata, hiru planeta berri izatea (Zeres, Karon eta 2003 UB313) eta, ondorioz, gure eguzki-sisteman hamabi planeta daudela onartzea, eta, bestea, Plutonek planeta izateari uztea eta zortzi planetarekin geratzea.

Kontu honek hautsak harrotu ditu, noski. Ez da eztabaida berria, baina erabaki bat hartu beharra dago, antza. Eta, erabaki hori, itxura guztien arabera, gaur etorriko da: erabakia hartzeko bozketa gaur egingo du Astronomoen Nazioarteko Batasunak (IAU), Pragan egiten ari den biltzarrean.

Biltzarrera bildutako milaka astronomoen esku dago, beraz, hemendik aurrera gure eguzki-sisteman zenbat planeta dauden erabakitzea. Horretarako funtsa planeta hitzaren definizioan dago. Eta arazoaren erdian Pluton. Kontua da IAUk lantalde bat osatu zuela definizio bat proposatzeko, eta, definizio horren arabera, Plutonek planeta-izaerari eusten dio —eta, ezinbestean, zeruko beste hiru gorputz ere planeta bilakatzen dira—. Aitzitik, astronomoen komunitatearen zati handi batek ez du uste Pluton planeta bat denik, eta, haien ustez, beste izen bat eman beharko litzaioke (nano izoztu terminoa erabili izan da orain arte, baina plutino izena emango diote agian).

Saltsa handi samarra, beraz, planeten inguruan dagoena. Ea, behintzat, planeta bat zer den lehenbailehen argitzen duten. Dena dela, argi dago erabakiak, edozein dela ere, ez dituela astronomo guztiak gustura utziko.

Argazkia: Astronomoen Nazioarteko Batasuna / Martin Kornmesser.