Gauzen Internet: mundu adimendunerantz
2010/06/01 Leturia Azkarate, Igor - Informatikaria eta ikertzaileaElhuyar Hizkuntza eta Teknologia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jadanik badaude ordenagailuak ez diren hainbat aparailu, Internetera konektatzen direnak: informazioa zerbitzari batera automatikoki bidaltzen duten eguraldi-baldintzen (tenperatura, presioa, haizearen abiadura...) sentsoreak, hainbat tokitan jarrita etengabe transmititzen ari diren webkamak, taxi edo autobusen kokapena zentral batera igortzen duten GPS aparailuak, zirkulazio-sentsoreak... Aplikazio horietan oinarritutako zerbitzuek denbora dezente daramate gure artean.
Baina horrelako gailuak oraindik ez dira hainbeste ere; makinek pertsonen laguntzarik gabe eragindako trafikoa gutxi gorabehera Internet osokoaren % 12 izan daitekeela kalkulatzen da. Baina Gauzen Internet garatuz gero, askoz objektu edo tresna gehiago egongo dira Internetera konektatuta pertsonak baino.
Etxetresnak Internetera konektatuta
Logikoa denez, Internetera lehenbizi konektatuko diren hurrengo gailuak etxetresna elektrikoak izango dira. Horrek ekarriko dituen aukeren adibide praktiko bat elektrizitate-kontsumoaren optimizazioa da. Gaur egun badaude etxeetan kontsumo elektrikoaren optimizagailuak, gauean eta tartekatuta garbigailua, ontzi-garbigailua eta abar martxan jartzeko; bada, etxetresnak Internetera konektatuz gero, elektrizitate-konpainiak jakingo du zenbat gailu diren martxan jarri beharrekoak, eta martxan jartzeko aginduak koordinatu ditzake. Optimizazio globala egiten du horrela. Beste adibide bat da telebistak Internetera konektatuta ikusleriari buruzko informazio zehatza lor daitekeela. Edo etxetresnak martxan jarri edo itzali ahal izango genituzke, kanpoan garela ere.
Internetera gailu txikiagoak konektatuta ere gauza ugari lor litezke. Esate baterako, iratzargailuak guk esan gabe jakin dezake gu noiz esnatu, gure on line agendara konektatuta eta trafikoaren egoera ezagututa. Edo gure zapatilek automatikoki bidal diezaiokete gure entrenamendua gidatzeko programari zenbat kilometro eta zer abiadatan egin ditugun egun bakoitzean.
Edozein objekturen informazioa
Hala ere, Gauzen Interneten kontzeptua haratago doa. Elikadura elektrikorik gabeko edozein objektuk dauka lekua bertan, modu pasiboago batean bada ere, RFID bidez. RFID siglek Radio Frequency IDentification esan nahi dute; irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, alegia. Sistema hori RFID etiketez eta RFID irakurgailuez osatuta dago; irakurgailuak irrati-frekuentziako seinaleak igortzen ditu, eta, haiek, hurbil dagoen RFID etiketa batekin topo egitean (txip eta antenadun pegatina txiki-txiki bat), bere identifikazio-zenbakia detektatzen du irakurgailuak.
2006ko maiatzeko zenbakian agertu zen RFID teknologiari buruzko artikulu bat Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian. Han aipatzen ziren erabilera posibleen artean, supermerkatuetan ordainketa orga hustu beharrik gabe egitea zegoen, supermerkatuko gauza guztiek RFID etiketa izanez gero, edo hozkailuak ohartaraztea beti izaten dugun produktu bat agortzen ari zaigunean. RFID teknologia Internetekin konbinatuta, aukera asko zabaltzen dira. Hozkailuaren adibidean, esate baterako, hozkailuak berak egin dezake falta zaigun gauzen erosketa Internet bidez.
Gainera, jada badaude merkatuan etxeko ordenagailura konektatzeko eros daitezkeen RFID irakurgailuak, etiketa bakoitza detektatzean ekintza zehatz bat egiteko programa ditzakegunak. Horrela, adibidez, gure haurren motxilan pegatina bat jarrita, etxera iristen denean automatikoki gure lantokiko posta elektronikora abisua bidaltzeko programatu dezakegu.
Pribatutasun kezkak
Gauzen Interneten ahalmena izugarria bada ere, horretarako gure gailuek eta bestelako gauzek bertara konektatuta egon behar dute. Gainera, informazioa zabaltzen dute, guri buruzko informazioa azken finean, eta asko, gainera. Informazio hori soilik guri zerbitzu egokiak emateko erabil daiteke (gure pribatutasuna babestuz), baina kontrol sozialerako, publizitateaz bonbardatzeko... ere bai. Ahalegina egin beharko dugu sortzen ari den Gauzen Internet hau Anaia Handia bihurtu ez dadin.
Hala ere, maila pertsonalean gure bizi-kalitatea hobetzeaz gain, gizartean ere aurrerapenak egiteko bidea eman lezake Gauzen Internetek, hor sortzen den jakintza kolektiboa aprobetxatuta. Ekoizten den informazio hori guztia globalki egokiro tratatuz gero, munduaren ezagutza zehatzago eta hobe bat eskuratu eta antolaketa nahiz baliabideen kudeaketa eraginkorrago bat lor daiteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia