Gazia gezatzeak arriskua dakar ingurumenarentzat
2007/07/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Planetak duen ur guztitik gizakiak balia dezakeena gutxi izanda ere, gero eta gehiago erabiltzen du; kalkuluen arabera, datozen bi hamarkadetan, uraren erabilera % 40 handituko da. Gehienbat, % 70 inguru, nekazaritzan erabiltzen da, eta, populazioa handitu ahala, nekazaritzak baliabide gehiago kontsumitzen ditu, janariak sortu ahal izateko.
Nekazaritza alde batera utzita ere, gero eta ur gehiago kontsumitzen da beste sektoreetan, batez ere garatutako herrialdeetan, eta, aldi berean, ur erabilgarria gutxitzen ari da, poluzioaren eraginez, besteak beste.
Gazia gezatzean
Arazoari irtenbidea emateko, hainbat bide probatzen ari dira. Horietako bat itsas ura gatzgabetzea da. WWF/Adena erakundearen arabera, Arabiako Golkoan, gatzgabetutako uraren bidez betetzen dute ur gezaren beharren % 60.
Espainian ere asko erabiltzen da ur gatzgabetua. Ura gatzgabetzeko 700 instalazio daude, eta gezatzen den ura nekazaritzan eta eremu lehorretan eraikitako turismoguneetan erabiltzen da. Aipatzekoa da nekazaritzan erabiltzen den uraren % 22 itsas ur gaztgabetua dela Espainian. Australian, AEBn eta Britainia Handian ere gatzgabetzako instalazio asko daude, eta horien ondoren Txinan eta Indian dituzte halako instalazio gehien.
WWF/Adenak kaleratu berri duen txosten batean eman ditu datu deigarri horiek. Baina ez da datuak ematera mugatu; gainera, horrek dakartzan arriskuez ohartarazi du. Izan ere, WWF/Adenaren esanean, ingurumenarentzat ondorio kaltegarriak ditu itsas ura gatzgabetzeak.
Itsas ura gatzgabetzeko instalazioek, beste industria askoren antzera, energia asko kontsumitzen dute, eta berotze globala areagotzen duten gasak isurtzen dituzte. WWF/Adenaren esanean, lortzen den metro kubiko ur bakoitzeko, 1-2 kilogramo karbono dioxido askatzen dira atmosferara.
Beste ondorio batzuk, berriz, zuzenean lotuta daude instalazio horietan egiten den jarduerarekin. Ura gatzgabetzean, gatz-kontzentrazio handia duen ura ere lortzen da, albo-produktu gisa. Ur hori itsasora isurtzen da, eta, isurtzen den lekuan, kalte handia egiten die hango bizidunei. Bereziki larria da Posidonia oceanica itsas landareari egiten dion kaltea.
Posidonia oceanica itsas landareari kalte handia egiten die gantz-kontzentrazio handiko isuriek. (Argazkia: M. San Felix / Marylandeko Unibertsitatea)
Posidonia oceanica berezkoa da Mediterraneoan, eta ‘belardiak’ eratzen ditu itsas ertzean, sakonera txikiko uretan. Mediterraneoko ekosisteman, eginkizun benetan garrantzitsua du; batetik, itsas hondoko zoruari eusten dio, eta, bestetik, janaria eta babesa ematen die milaka animalia-espezieri. Horregatik, Europako Batasuneko habitatei buruzko arteztarauetan lehentasunezko lekua du posidoniak.
Posidonia hazteko, bi ezinbesteko baldintza eduki behar ditu lekuak: eguzki-argia eta gatz-kontzentrazio konstantea. Beraz, bigarren baldintza hori urratzen dute gatzgabetzeko instalazioetako isurketek.
Hori guztia kontuan hartuta, WWF/Adenak uste du itsas ura gatzgabetzeak ez duela uraren arazoa konpontzen. Horregatik, bestelako irtenbideak bilatzea proposatzen du. Horrekin batera, oinarrizkoa iruditzen zaio uraren kudeaketa hobetzea, ura alferrik ez galtzeko eta orain baino hobeto aprobetxatzeko.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia