}

Gaztak gehiago irauteko estalki berria

2003/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaztek 9 hilabete arte irauteko metodo bat asmatu nahian dabiltza Kopenhageko Royal Veterinary and Agricultural University-ko ikertzaileak.

Saltokietan koloredun pasta batez inguraturiko gazta ugari egoten da; adibidez, Babybel gazta ezaguna pasta lodi gorri batez babesturik egoten da. Pasta horrek gaztaren iraupena luzatzeko balio du batik bat.

Biopack izeneko estalki berria polilaktatozko materialarekin egin dute. Material horren azido laktikoa artoaren bidez lortzen da.

Gazta produktu ‘biziduna’ da, arnasa hartu eta karbono dioxidoa botatzen du. Ondorioz, bolumena alda dezake eta inguruan duen pasta hausteko arriskua ere badago. Biopasta berriari esker, gaztak gasa bota dezake eta ez da desitxuratzen. Horrez gain, gazta-puska bat moztu eta gelditzen den zatiari lehen baino lizun gutxiago azaltzen zaio eta ez du gazta minduaren gusturik hartzen.

2004an merkaturatzeko asmoa duten material berriak, gainera, gaur egun erabiltzen denak baino gutxiago kaltetuko du ingurumena. Izan ere, gaurko gaztak babesteko erabiltzen den plastikoaren ordez, polimero berriztagarri bat erabiliko dute ikertzaile daniarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia