}

Gehiegizko Eguzkitik babesteko sistema berdea

2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Fotosintesiaren bidez, landare berdeek eguzki-energia energia kimiko bihurtzen dute. Baina, behar duten baino energia gehiago iristen zaienean, nola lortzen dute gehiegizko energiak kalterik ez egitea? AEBetako Berkeley-ko ikertzaile batzuk hori aztertzen aritu dira, eta erantzuna Science aldizkarian argitaratu dute.

Nonbait, gakoa zeaxantina molekulan dago. Zeaxantina karotenoide bat da, eta haren funtzioa ezinbestekoa da landare-zelulak gehiegizko eguzki-energiatik babesteko. Hain zuzen ere, zeaxantinak hartzen du klorofilak xurgatu eta une horretan erabiliko ez duen eguzki-energia. Horri esker, landare-zelulentzat kaltegarriak diren oxidazio-prozesuak gertatzea saihesten da.

Gainera, landareen babes-sistema benetan fina dela ikusi dute ikertzaileek. Izan ere, zeaxantina molekulak juxtu behar direnean sortzen dira, eta sistema oso sentikorra da argitasun-aldaketekiko: Eguzkiaren parean pasatzen ari den hodei batek sortutako argitasun-aldaketa ere detektatzen du. Zehazki, eguzki-energiak landare-zelulen pH-an sortzen duen aldaketa da detektagailua.