}

Gehiegizko garbitasuna ez da ona

2001/05/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur egungo gizarte aurreratuan dagoen gehiegizko garbitasunak sistema immunearen erantzun ezegokiak eragiten ditu. Hala adierazi zuen joan den ostegunean Espainiako Immunologia Klinikoaren eta Alergologia Pediatrikoaren elkarteko lehendakariak, estatuko 200 alergolotik gora bildu dituen 25. biltzar nazionaleko lehen egunean.

Besteak beste, ingurugiro-poluzioa, jateko ohitura eta gehiegizko higienea direla eta, azken 20 urteotan gaixotasun alergikoek gora egin dute. Orain dela gutxi arte, gizakiek infektatzeko askoz arrisku handiagoa zuten, animalietatik eta naturatik hurbil zeudelako. Alabaina, bizi-baldintzak eta higienea hobetu direnez, mehatxu hori desagertu egin da hein handi batean. Horrek, ordea, albo-ondorioak ere eragin ditu eta, orain, sistema immuneak lehen kalterik eragiten ez zuten substantziak alergikotzat hartzen ditu sarritan.

Alergia gehiengoarentzat kaltegarriak ez diren substantziekiko sistema immunearen akats batek sortutako gehiegizko erreakzioa da. Alergikoek kaltegarriak ez diren substantzia horien aurkako antigorputzak sortzen dituzte eta horiek antigenoekin erreakzionatzen dutenean, erreakzio alergikoa hasten da. Sintomak erreakzioa sortzen den tokiaren araberakoak izaten dira, adibidez, sudurrean bada, doministikuak eta mukia azaltzen dira.Arnas bideetan, ordea, bronkoespasmoa eragiten du eta asmaren sintomak azaltzen dira: eztula, itolarria eta abar. Azalean, aldiz, azkura, ekzema eta urtikaria azaltzen dira; odolean bada, hilgarria izan daitekeen shock anafilaktikoa sortzen da.

Erreakzioa eragiten duten substantzia horiek, hau da, alergenoak, gehienetan proteinak edo glukoproteinak izaten dira. Gorputzean sartzeko bideak askotarikoak izan daitezke: arnastuta (polena edo hautsa), irentsita (arrautza-zuringoaren proteinak edo itsaskiak), kontaktu hutsez (artilea, esparatrapua edo metal astunak) edo injektatuta (penizilina).

Bakterioen aurkako substantziak dituzten garbitzeko produktuek, hala nola, antibiotikoek eta hainbat xaboik, infekzioak eragiten dituzten gero eta gai gehiago azaltzea eragiten dutela esan zuten iaz, Atlantan egin zen gaixotasun infekzioso berrien nazioarteko konferentzian.

Han bildutako adituek egoera arruntean ohiko desinfektatzaileak (xaboia eta eskuila) nahikoak direla eta produktu gogorragoak egoera kritikoetan soilik erabil beharko liratekeela adierazi zuten.

Bestalde, Italian egindako ikerketa baten arabera, umeak bakterioekin kontaktua izatea ezinbestekoa da haurren sistema immunea garatzeko, horixe baita etorkizunean gaixotasunei aurre egin ahal izateko antigorputzak sortzeko era bakarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia