}

Gene bat gizonezko eta emakumezkoen proportzioa orekatzeko

2009/02/08 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Geneek bizidunen ezaugarri asko eta asko definitzen dituzte. Gainera, geneen artean elkarrekintzak daude; batzuk martxan egoteak eragiten du beste batzuek beren jarduera etetea, eta beste batzuk martxan jartzea... Oso sistema konplexua da, eta oraindik ez dakigu zenbateraino kontrolatzen duten bizia. Populazioen barruko ar eta emeen proportzioa mugatzera irits litezke?
Hildako asko eragin dituzten gerretan, proportzio handiagoan gelditu izan dira emakumeak hiri eta herrietan.

Populazio batean, normalean, proportzio bertsuetan egoten dira gizonezkoak eta emakumezkoak; hau da, gutxi gorabehera populazio erdia gizonezkoek eratzen dute eta beste erdia emakumezkoek. Gizakietan ez ezik, sexuak banatuta dituzten gainerako bizidunen populazioetan ere horrelakoa izaten da proportzioa.

Gizakion portaera jakin batek, ordea, sexuaren araberako lan-banaketa famatuak, aldarazi egin dezake proportzio hori. Horrelako kasu bat da gerrena: tradizioz, gizonezkoak dira gerretan borrokatzen direnak. Denbora luzea iraun duten gerretan, eta hildako asko eragin dituztenetan, proportzio handiagoan gelditu izan dira emakumeak hiri, herri, eta populazio horietan, oro har.

Orekari eutsiz

Naturak, ordea, joera du proportzioak orekatzeko, eta dokumentatuta dago gerra bat gertatutakoan mutil gehiago jaiotzen direla populazio batean, eta gizon eta emakumeen arteko proportzioa lehengoratu egiten dela.

Gerra bat gertatutakoan mutil gehiago jaiotzen dira, eta gizon eta emakumeen arteko proportzioa lehengoratu egiten da
AEBko Armada

Fenomeno hori gertatzen dela ohartu zirenetik dabiltza pentsalariak eta zientzialariak jakin nahian zer ote dagoen horren atzean. Jakina, hainbeste pentsatzearen ondorioz, era guztietako azalpen posibleak eman dizkiote. Batzuen iritziz, gerran bizirik iraun duten gizonek galdutakoak ordezkatzen dituzte, Jainkoaren dei bati erantzunez. Beste batzuek diote gerratik itzultzean sexu-grina handia izaten dutela soldaduek, eta harremanak maizago izateak eragiten duela semeak izateko probabilitate handiagoa duen garaian ernaltzea emakumeak.

Orain arte inork proposatu ez duen azalpen bat eman dio biologia ebolutiboa aztertzen duen ikertzaile ingeles batek. Haren esanean, horren guztiaren atzean gene bat dago; gizonetan bakarrik espresatzen den gene bat. Gene horrek, antza, nolabaiteko eragina du gizonek sortzen dituzten espermatozoideetan. Dirudienez, gene horren eraginez, gizon batzuek joera handiagoa dute semeak izateko, beste batzuek handiagoa alabak izateko, eta besteek proportzio berean ekoizten dituzte semeak eta alabak emango dituzten espermatozoideak.

Gene bat denez, gurasoetatik seme-alabetara pasatzen da. Hala, anaia asko dituzten gizonek joera izango lukete seme gehiago izateko, eta, alderantziz, arreba asko dituztenek alaba gehiago izango lituzkete.

Dirudienez, gene horren eraginez, anai asko dituzten gizonek joera handiagoa dute semeak izateko alabak izateko baino.

Probabilitate-kontua

Hortik aurrerakoa probabilitate-kontua da. Tradizioz, adin-tarte jakin bateko gizonak bidali izan dituzte gerretara. Hortaz, gizon askoko familietan aukera gehiago zegoen semeren bat gerrara ez joateko. Gainera, familia batetik gerrara joandakoak asko baldin baziren, horietako baten bat bizirik itzultzeko probabilitatea handiagoa zen.

Hortaz, gerra bukatutakoan, seme askoko familietan aukera gehiago daude semeren bat bizirik egoteko oso seme gutxi dituzten familietan baino. Eta horregatik jaiotzen dira mutiko gehiago, ikertzaile horren ustez, gerra baten ostean. Izan ere, seme askoko familietako semeak ‘seme-ekoizleak’ lirateke, hau da, seme gehiago izatera bultzatzen dituen genea izango lukete, eta une horretan ugariagoak lirateke populazioan gizon ‘alaba-ekoizleak’ baino, gizonen eta emakumeen proportzioak berdindu arte. Horra hor zer indar izan dezakeen gene batek! Betiere ikertzaile horrek esan duena egia bada...

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia