}

Gene berriak gako izan ziren hominoideen garuna garatzeko

2023/01/04 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gene-berriak-gako-izan-ziren-hominoideen-garuna-ga
Hominoideen taldean daude giboiak, orangutanak, gorilak, txinpantzeak eta gizakiak. Horien garuna garatzeko gako izan zen gene berriak sortzea. Arg. Alexas_Fotos / Pixabay

Orain gutxi arte, DNAko sekuentzia ez-kodetzaileetatik gene berriak sortzea ezinezko jotzen bazen ere, azken urteetan halako hainbat kasu aurkitu dira; eta ikusi da, gainera, kasu askotan, gene berri horiek garrantzitsuak direla espezieen ezaugarri berri eta bereizgarriak sortzeko. Nature Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa batean, hominoideen halako 74 gene identifikatu dituzte, eta ikusi dute oso litekeena dela horietako batek, gutxienez, eragin zuzena izatea garunaren garapenean eta handitzean.

Sekuentzia ez-kodetzaileetatik proteinak kodetzen dituzten geneak sortzeko funtsezkoa den pauso bat ere argitu dute: zelularen nukleotik ateratzeko gaitasuna lortzea. Izan ere, DNAren sekuentzia asko, nahiz eta ez-kodetzaileak izan, transkribatzen dira RNA-ra. Baina RNA horiek, ez badira nukleotik ateratzen, ezin dute proteinarik sortu. Ikerketa honetan, 74 gene horien RNA homologoak aurkitu dituzte makakoetan, baina horiek ez dira nukleotik ateratzen. Hominoideetan, aldiz, uneren batean sekuentzia horiek nukleotik ateratzeko seinaleak eskuratu zituzten, eta horri esker bihurtu ziren proteina berriak sortuko zituzten gene.

Eta 74 gene horietako baten eragina ere aztertu dute laborategian. Giza zelula amekin sortutako garun-organoideetan gene hori adieraztean, neuronen garapena motelago gertatzen da; eta saguetan adieraztean, berriz, garun handiagoa garatzen dute. Hala, ondorioztatu dute gene berri horiek gako izan zirela hominoideen garun berezia garatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia