Gene-sekuentzia beretik bi proteina desberdin sortzeko mekanismoa azaldu dute
2013/07/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Neuroendekapenezko gaixotasun baten oinarri genetikoa ikertzen ari zirela, aurkikuntza harrigarri bat egin dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileek. Hain zuzen, gene-sekuentzia berberak bi proteina desberdin sor ditzakeela frogatu dute. Horrez gain, hori zer mekanismoren bidez gertatzen den ere azaldu dute.
Ikertzaileen ustez, horrelako mekanismoak gako izan daitezke hainbat gaixotasun ulertzeko eta haiek tratatzeko bide berriak asmatzeko.
Cell aldizkari espezializatuan eman dute ikerketaren berri. Artikuluan erakutsi dute 6 motako ataxia espinozerebelarrarekin erlazionatuta dauden bi proteina kodetzen dituela CACNA1A geneak. Nonbait, sortzen den RNA mezulariak sekuentzia-zati berezi bat du erdian; horrek proteina ekoizteko bigarren kokapen bat sortzen du erribosomentzat, eta horregatik sortzen dira bi proteina desberdin gene-sekuentzia beretik.
Chistopher Gomez neurologoak Chicagoko Unibertsitatearen prentsa-oharrean adierazi duenez, “lehen adibidea da, RNA mezulari beraren bidez, gene batek bi proteina desberdin sortzen dituena, organismo konplexu batean”.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia