}

Gene sexualak azkarrenak

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Chicago-ko Unibertsitatean eginiko ikerketa batek Darwin-en eboluzioari buruzko hipotesietako bat baieztatu du: hain zuzen, ugaltzeko beharra eta presioa direla eboluzioaren motoretako bat.

Gizonezkoen, gorilen eta txinpantzeen esperma sortzen dituzten geneak aztertu dituzte eta, espezie bereko aleenak ia berdinak baziren ere, espezie batetik bestera gene horiek erabat desberdinak direla ikusi dute. Gizakia, gorila eta txinpantzea ez ziren duela hainbeste denbora elkarrengandik urrundu, eta material genetiko asko berdina dute.

Esperma sortzen duten geneek, aldiz, besteek baino askoz azkarrago eboluzionatu dute. Ikertzaileen esanetan ugaltzeko beharra eta arren arteko lehia dira gene horiek azkar eboluzionarazteko eragileak. Beste arrak gainditu eta, ondorioz, ondorengo gehiago izateko aukerak ugaritzeak bultzatzen du batik bat eboluzioa, eta ez, ingurunera hobeto egokitu beharrak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia