}

Geneak errazago eta merkeago adieraztea lortu dute

2001/06/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gene-adierazpena denbora errealean, bizirik dauden zeluletan eta egoera naturalean aztertzeko metodo berri baten berri eman dute Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileek.

Orain arte erabiltzen zen metodoa neketsua eta motela zen, normalean sagu mutanteekin egiten baitzen lan, eta sagu horietan ikusten ziren aztertutako genearen funtzioa edo bidezidor metaboliko batean zuen eginkizuna. Mutazio bidezko ikerketa horietan, gainera, ezin zen errorearen posibilitatea zeharo baztertu.

Metodo berriari esker, ordea, sistema biologikoak baldintza naturaletan iker daitezke. Ondorioz, errorearen aukera izugarri txikiagotzen da, benetako adierazpen-ordena ikusten delako.

E. coli bakterioaren flageloaren geneak.

Aurretik egindako ikerketen arabera, Escherichia coli bakterioaren flageloen 14 operonak jarraian dauden 3 taldetan antolatuta daude. Klase bakoitzak hurrengoaren transkripzio-aktibatzailea kodetzen du. Ikerketa berrian, flagelo-sustatzaile baten kontrolpean proteina fluoreszentea zuten 14 plasmido erabili dituzte ikertzaileek, eta gene-adierazpena denboraren arabera aztertu dute. Algoritmo baten laguntzaz, denboraren araberako kurbak analizatu dituzte eta geneak zein ordenatan adierazi diren ikusi ahal izan dute. Metodo berriarekin lortutako taldekako geneen ordena aurreko ikerketek ziotenarekin bat dator.

E. coli bakterioaren flageloen sistema ezagutu duten bezala, metodo berriari esker adierazpen zinetiko zehatzak lortzea espero dute, baita ohiko metodo genetikoak edo ADN-mikromatrizeak erabilita identifikatutako bidezidorrak egiaztatzea ere. Gainera, ADN-mikromatrizeak erabiltzea baino askoz merkeagoa da eta errore-maila txikiagoa du.

Ikertzaileen ustean, sekuentziatutako edozein prokariotoren geneak eta gene-sustatzaile eremu sinpleak dituzten eukariotoenak analizatzeko baliagarria da metodoa. Emaitza gehiago lortzea espero badute ere, denboraren araberako gene-adierazpena antolaketa espazialarekin bat datorrela ikusi dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia