}
Matxus Perugorria Montiel Onkologia-ikertzailea

“Hemen punta-puntako ikerketa egiten da"

2019/12/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

genero-gaiei-eman-behar-zaie-garrantzia
Arg. Biodonostia

Europako Gastroenterologia Elkarteak (UEG) ikertzaile gazte nabarmenei ematen dizkien sarietako bat lortu du Matxus Perugorria Montielek dituen sarietako bat jaso du. Rising Star Award izena dute sari horiek, eta bultzada handia ematen diete eskuratzen duten gazteei. Hala onartu du Perugorriak: "Ez dute dirurik ematen, baina bada egiten duzun lanari aitortza bat. Gustura hartzen da, nola ez".

Lan asko eginda eta bide zuzenetik iritsi da horra. Biologia eta Biokimikako ikasketak egin zituen Iruñean, eta tesia egitea erabaki zuen. "Karmen Berasain Lasarte ikertzaileak aukera eman zidan tesia bere sailean egiteko. Gaixotasun hepatiko kronikoen arloan egin nuen, batez ere hepatokartzinoman".  

Zirrosian parte hartzen duten zelula batzuekin lanean hasi zen, zelula hepatiko estelarrekin, horiek baitira kolageno-kantitaterik handiena sortzen dutena. "Hepatokartzinomen % 80 gibel zirrotikoetan sortzen dira", azaldu du Perugorriak. Haiek ikertzeko, Newcastlera joan zen (Ingalaterra), hiru urtez, eta han egin zuen doktoretza ondorengoa, batez ere fibrosi hepatikoan. 

Ikerbasque beka bati esker itzuli zen Euskal Herrira, Biodonostiara, hain zuzen: "Horrek eman zidan aukera onena egonkortzeko. Oraindik ez nago guztiz egonkortuta, baina beka horiek bost urtekoak dira, eta haien helburua da ikertzaileak Euskadin geratzea". Horrez gain, Ramón y Cajal beka ere lortu du, Biomedikuntzan, eta orain unibertsitatean sartu da, egonkortzeko xedearekin. 

Oztopoen gainetik 

Izan ere, horixe da ikertzaile asko eta askoren arazo handienetako bat: prekarietatea. "Ez dugu inolako ziurtasunik lanean jarraitzeko, eta horrek buruhauste eta kezka handiak sortzen dizkigu. Beti gabiltza bekak eskatzen, eta oso gogorra da, presio eta lehia izugarriak baitaude". Hala ere, gauza batzuk ondo egiten direla ere nabarmendu du, eta horren adibide garbitzat jo du Ikerbasqueren lana: "Apustua egin du puntako ikertzaileak hona etor daitezen eta hemen gera daitezen ikertzen, eta uste dut hori dela bidea". 

Hepatokartzinomaz gain, gibelean beste minbizi-mota bat ere badagoela azaldu du, kolangiokartzinoma edo behazun-hodien sortzen den tumorea. Orain hor ere badabil lanean, eta kolangiokartzinoman bere taldeak egiten duen ikerketa nabarmentzea lortu dute, Europan sare bat sortu baitute: "Lehen biltzarra Donostian egin zen, eta kolangiokartzinoman proiektu europar handiak lortu ditugu", adierazi du. 

Nolabait, Perugorriaren ibilbideak erakusten du puntako ikerketa egiteko ez dela nahitaezkoa atzerrira joatea. Haren esanean, "joera dugu pentsatzeko kanpoko ikerketa-maila hobea dela, baina, nire iritziz, hori ez da horrela. Hemen punta-puntako eta ikerketa ona egiten da". 

Emakumeak zientzian 

Bestalde, Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsua (RRI) aipatu du Perugorriak: "Europako Batasunak bultzatuta, generoaren inguruan lan handia egiten ari dira, eta hemen ere ari gara. Azken finean, ikusten ari dira emakumezkoak ez direla goiko postuetara iristen, batez ere bidean utzi egiten dutelako, adibidez, amatasunagatik. Hortaz, orain ekimenak daude amatasuna eta halakoak ez daitezen oztopo izan", azaldu du. 

"Zentzu horretan, berriki UEGk antolatutako biltzar batean parte hartu dut, Women in GI izenekoa, eta oso interesgarria izan da. Egon ziren debateak, nola aldatu egoera, eta abar, eta, nire ustez, halako gauzei ere garrantzia eman behar zaie".

Matxus Perugorria Montiel

Beran jaioa da, 1981ean. Iruñean Biologia eta Biokimikako ikasketak egin ondoren, tesia egin zuen, hepatokartzinomaren alorrean. Doktoretza ondorengoa, berriz, Newcastlen egin zuen, Ingalaterran, eta handik Euskal herrira itzuli zen, Ikerbasque beka bati esker. Geroztik, Biodonostian dabil ikertzen, eta duela gutxi Europako Gastroenterologia Elkartearen sari bat irabazi du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia