Genero-oreka duten taldeen emaitzak berritzaileagoak eta esanguratsuagoak dira
2022/09/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Emakumez eta gizonez osatutako talde zientifikoek emakumeez edo gizonez bakarrik osatutakoek baino artikulu berritzaileagoak eta inpaktu handiagokoak ekoizten dituzte. Ondorio horretara iritsi da nazioarteko-talde bat (hura ere, erdi eta erdi, emakumez eta gizonez osatuta), 2000. urtetik 6,6 milioi zientzia-argitalpen aztertuta, denak ere arlo medikokoak. PNAS aldizkarian argitatu dute lana.
Ikerketaren arabera, taldearen genero-oreka zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoak dira jardueraren onurak, eta ia unibertsalak dirudite. Aipatzekoa da genero-dibertsitatea aldagai jarraitu gisa hartu dutela, eta, taldearen osaera zenbat eta gerotuago egon 50/50-etik, orduan eta emaitza hobeak lortu dituztela berrikuntzari zein inpaktuari dagokienez.
Berritasuna, adibidez, urte jakin bateko artikuluen ekarpena aurreko urteetako jakintzarekin alderatuta neurtu dute. Eta korrelazio garbia aurkitu dute: genero-oreka duten taldeen emaitza berriagoa da, kide guztiak genero bakarrekoak diren taldeenak baino. Inpaktua neurtzeko ere, aurreko literaturarekiko aztertu dituzte artikuluak, eta frogatu dute talde mixtoen artikuluek aipamen gehiago lortzen dituztela.
Bestalde, egileek azaldu dute ikerketa medikoko azpi-arloetan alde handiak daudela genero-banaketan. Horren barruan, begiratu dute ea, genero-orekaren eta onuren erlazioari dagokionez, badagoen alderik azpi-arloen artean (24 azpi-arlo hartu dituzte aintzat). Eta baieztatu dute erlazio hori azpi-arlo guztietan gertatzen dela.
Azkenik, genero-orekaren onuren zergatia ikertu dute, horretan eragin ditzaketen faktoreak argitu nahian: esperientzia desberdineko kideak izatea, sarearen neurria eta hedadura, karrera-urteak eta nazioartekotasuna. Eta ikusi dute genero-oreka handiagoa duten taldeek dibertsitate handiagoa dutela gainerako faktoreetan ere. Horrenbestez, egileek uste dute genero-orekak korrelazio esanguratsua ezartzen duela onurekiko.
Ohar bat ere egin dute: azken urteetan talde mixtoak gero eta gehiago diren arren, zoriz espero zitekeena baino gutxiago dira. Eta horren arrazoia hau da, haien ustez: emakumeek aitortza txikaigoa jasotzen dute beren lorpenengatik, gizonek baino. Ikerketak agerian jartzen du, ordea, hori, bidegabea izateaz gain, kalterako dela, ikuspegi zientifikotik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia