}

Genetikoa bai, baina…

1997/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Genetikak ez du erabat baldintzatzen diabetearen garapena. Frantziako ikertzaile-talde batek diabetea agertzearekin zerikusia omen duten geneak isolatu badituzte ere, EEBBetan eta Mexikon egin berri den beste ikerketa batek besterik erakutsi digu. Lehen emaitzak baino ez dira ezagutzera eman, baina badirudi bizimoduak genetikak adina baldintza dezakeela gaixotasun kroniko honen sorrera.

Genetikak baldintza badezake ere, diabetea agertzen den kasu guztietan faktore gehiago dagoela uste dute orain ikertzaileek. Bizimoduarekin oso lotuta dago gaixotasun honen agerpena.

Pimas izeneko indiarrak EEBBetako mugaz bi aldetan sakabanaturik bizi dira: talderik garrantzitsuena Arizona inguruko erreserbatan bizi da eta bestea Mexikoko Sierra Madre inguruetan. Beren artean ia harremanik ez dago eta horrexegatik, hain zuzen ere, aukeratu zituzten ikerketa hau egiteko. Lehenik batzuen eta besteen gorputz-masa neurtu zuten eta ondoren, bi taldeetan glukosarekiko tolerantzia nolakoa zen aztertu.

Emaitzek erakutsi zutenez, Mexikoko pimasen artean diabeterik ia-ia ez dago, baina mugaz bestaldeko indiarrek joera handia dute. Arrazoia, ikertzaileen arabera, bizimodua eta elika-ohiturak aztertuz aurkitu da. Mexikarrak mendian bizi dira eta nekez egin ahal dituzte koipetan aberatsak diren otorduak; estatubatuarrak, ordea, erabat sedentarioak izateaz gain, bertako dietaren jarraitzaile sutsuak dira, hau da, jan-neurri hiperkalorikoaren zaleak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia