}

Geologia, hiztegi entziklopedikoa

1999/06/13 Kilden, Pette

Harria ala arroka? Eta haitza, harkaitza eta labarra berdinak al dira? Arroka guztiak harrizkoak al dira? Ez, ba; hitz baikoitzak berezko esanahia baitu! Hau eta askoz gehiago argitzeko, finkatzeko, proposatzeko edo aditzera emateko, atera berri da "Geologia, hiztegi entziklopedikoa", Elhuyar eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Bertze hizkuntzetan aspaldi finkaturik dagoen sarrerako aldrebeskeriatxo hau azalduko dugu. Arrokak hiru talde nagusitan banatzen dira: igneo, metamorfiko eta sedimentarioetan. Hauek banaketa nagusiak izanik, talde bakoitzean hainbat azpitalde daude eta, beraz, arroka sedimentarioko zenbait mota daude. Esaterako, jatorri organiko edo biogenikoa duten arroka sedimentarioen barnean hidrokarburoak daude, hots, petrolioa eta gas naturala. Hortaz, gas naturala arroka-mota da. Esan al genezake gas hau harrizkoa dela, harria definizioz materiaren zati solido, gogorra eta konposizio kimiko anitzekoa baldin bada? Bistan dago ezetz; beraz, arroka eta harria ez dira berdin. Eta bestela so egin frantsesari, gaztelaniari edo ingelesari; hiztegian topatuko dituzu ordain guztiak. Hitz bakoitzak esanahi zehatza behar du eduki Zientzietan komunikazioa suerta dadin, hots, Babel Dorrea gerta ez dadin.

Zientzialariak hizkuntza berezituko hiztunak gara. Hizkuntza honek arlo bereko beste zientzialariekin ideiak ahalik eta zehatzena trukatzeko bidea ematen digu. Dena den, Zientziaren arlo desberdinetako hizkuntza berezitu hauek norberaren hizkuntzara moldatu behar dira, hizkuntz berezituok hitz bereziez baino ez baitaude osatuta, eta, ondorioz, hizkuntza arruntetan txertatu beharra dago. Esaterako, tektonika, estratigrafia, mineral eta fosil Geologiaren hitz propioak dira, nahiz eta hitzok maiz karrikako berba bihurtzen diren, dinosauru, plaka-tektonika eta petrolioari gertatu legez. Hortaz, Geologiaren berezko hitzak Euskaran txertatzean etengabe present eduki behar da hizkuntza berezituko hitzekin ari garela, esanahi finko eta zehatzeko terminoekin, alegia. Txertatze honetarako, jakina, baditu euskarak hainbat tresna, baina lanabes hauek ongi erabiltzea ez da erraza. Euskara jatorrean jadanik ahaztuta, baztertuta ala eskualde txiki batean erabiltzen diren hitz aproposak Euskara Berezituetarako egon badaude, baina ez da beti nahikoa. Puristek euskal itxurako hitzak besterik ez lituzkete onartuko, baina bertze muturrekoek edozein mailegu, jatorrizko grafia eta guzti, bultzatuko lukete. Jakinduria orekan datza.

Baina hona iritsita norbaitek honakoa itaunduko lidake: Geologiarako Euskal Hiztegia zertarako? Ia 2000. urtean gaude eta orain arte zeharo lasai bizi izan gara hiztegi honen bagerik. Hainbertze behar al dugu Geologia?

Ez dezagun ahantzi Geologia Zientziarik oinarrizkoenetakoa dela. Bere bitartez, Denboraren leize sakona, Biziaren joan-etorri korapilotsua eta Munduko makina zeharo konplexua ezagutzen hasiak gara. Hori ez ezen, gure gizartearen ekonomiaren oin eta zutabe da Geologia. Non egonen ginateke gu metal, asfalto, gasolina, porlan, plastiko, lurrazpiko ur, eraikin-gai, ongarri eta beste hainbat gai barik? Ez dut esanen Natur baliabide guztiak geologikoak direnik, ez, baina era batera edo bestera horrelako baliabide orok Lurra du oinarri. Lurrak eman eta Lurrak kendu. Lurrikarak, sumendien erupzioak eta uholdeak kaltegarriak izaten dira maiz gizabanakoentzat. Aurre eginen diegu geologi ezagutzan aitzinera joanez. Horretarako irakaskuntza dugu tresnarik oinarrizkoena. Eta euskal irakaskuntzan dihardugunok hiztegi honen premian egon gara orain arte. Ilusioak eta beharrak egin dute tira hitzegi honen gurdi astunetik. Guztira zazpi urtek eta hogei lankideren izerdiak eraman du akaberan zama hau argitaletxearen kaira. Horra hor, lorea eta fruitua. Dastatu eta hobe daitekeen dena, isildu beharrean, ozenki iradoki. Arroken zikloan bezalaxe, hiztegia erabili eta hitzok abiarazi, hitzen jalkina garraiatu eta irauten dutenak metatu eta finkatu, hiztegiaren gunea araz dadin.

Gibelerako geratu bada ere, Ongi Etorri Euskararen haur jaio berriari eta Zorionak, erditze luzearen ondorengo guraso ahitu eta itxaropentsuei!

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia