Gipuzkoako 536 gaztek jasangarritasunari eta klima larrialdiari lotutako ikerketa proiektuak egin dituzte ikertzaile profesionalekin
2024/06/12 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
“Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuari esker, Gipuzkoako 6 ikastetxetako gazteak Euskal Herriko bost ikerketa-talderekin aritu dira lanean eta benetako ikerketa-proiektuetan parte hartu dute. Ikerketa mundua bertatik bertara ezagutzearekin batera, jasangarritasunaren garrantziaz jabetzeko aukera izan dute. Elhuyarrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin du proiektu hau.
Guztira, Gipuzkoako 6 ikastetxek parte hartu dute proiektuan: Beasaingo La Salle Beasain eta Txindoki BHI, Hernaniko Hernani BHI, Hondarribiko Talaia BHI, Usurbilgo Udarregi Ikastola eta Zarauzko Lizardi BHI. 536 parte hartzaileetatik, % 54 neska eta %46 mutil izan dira, DBH1etik Batxilergora artekoak.
Ikerketa-proiektuak
Airearen kalitatea fitoarakatzen
- Ikastetxeak: Beasaingo La Salle Beasain eta Usurbilgo Udarregi Ikastola.
- Ikerketa-taldea: IDAB (Agrobioteknologiako Institutua) -ko Nekazaritza jasangarria eta biomonitorizazioa.
Beasaingo eta Usurbilgo eremu ezberdinetako airearen kalitatea neurtu dute hiru teknika baliatuz: batetik, airearen partikulak neurtu dituzte, neurketa-aparatu baten laguntzaz; bestetik, euri-ura jaso eta honen kalitatea neurtu dute; azkenik, landareen metal-maila neurtu dute, hilabetez behaketa eginaz.
Lehengai beriztagarriak: artilea
- Ikastetxea: Beasaingo Txindoki BHI.
- Ikerketa-taldea: EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak+Teknologia taldea.
Proiektu honetan ardi latxaren ustiapenaren hondakintzat hartzen den artilearen erabilera jasangarriari buruz ikertu dute gazteek. Ekonomia zirkularraren ikuspegitik, artilea hondakin gisa tratatu beharrean, eraldatzeko eta berrerabiltzeko ikuspegiak aztertu dira. Hala, gazteek eraikuntzarako erabilgarria izan daitekeen material berri bat sortu dute eta bere propietateak aztertu dituzte.
Sugandilen behaketa
- Ikastetxea: Hernaniko Hernani BHI
- Ikerketa-taldea: Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia arloa.
Proiektu honetan ikasleek Euskal Herrian ugarienak diren Horma-sugandilaren (Podarcis muralis) bi morfoetako arren portaera sexuala aztertu dute, sugandilek egiten dituzten mugimenduen eta espazioaren erabileraren datuak hartzen eta aztertzen. Besteak beste, eboluzio naturala edo ekologia ulertzearekin zerikusia duten kontzeptuak ikasi dituzte gazteek: portaeraren egokitze-balioa, ezaugarri desberdinen arteko erlazio ebolutiboa, espezieek ingurunearekin duten erlazioa, habitat antropizatuak, biodibertsitatearen kontzeptua… Proiektu honekin, gainera, ingurumenaren zaintzaren inguruan hausnarketa egin dute.
Biodibertsitatea eta landare-itsutasuna
- Ikastetxea: Hondarribiko Talaia BHI.
- Ikerketa-taldea: EHUko Leioako Zientzia eta teknologia fakultateko FisioKlima-AgroSost.
Gazteek proiektu honen bidez, belardietan egiten diren mantentze-lanek biodibertsitatean izan dezaketen eragina aztertu dute. Hiri-lorategietan eta belardietan egiten diren mantentze-lanak biodibertsitatearentzat kaltegarriak izan ohi dira. Belardien kudeaketa orekatua denean, ordea, bertako landareek, intsektuek, hegaztiek eta bestelako animaliek bizitzeko habitat egokia aurkitzen dute.
Ikasleen elikadura kontziente eta jasangarria
- Ikastetxea: Zarauzko Lizardi BHI
- Ikerketa-taldea: EHUko Arabako Farmazia fakultateko Elikadura jasangarria taldea.
Azken urteotan, elikadura-ohiturak asko aldatu dira; bereziki, gazteenak. Proiektu honen bidez gazteek beren elikadura-portaerak aztertu dituzte. Ondoren, elikadura-portaerek pertsonen osasunean zein ingurumenean izan dezakete eraginak ikasi dituzte hainbat tailerren bidez; eta, elikatze-ohitura osasungarrien eta jasangarrien alde egitea erronka handia izan arren, jaso dituzten ezagutza horiek beraien kontsumo-portaerak aldatzeko baliagarriak izan daitezken ikertu dute ikertzaileen laguntzarekin.
Jasangarritasunaren eta klima-larrialdiaren inguruko hausnarketa
Ikerketa proiektuetan parte hartu duten gazteak Beasaingo Igartza Jauregian elkartu ziren apirilean. Bertan, elkarri proiektuak aurkeztu eta jasangarritasunaz eta klima-aldaketaz hausnarketa egiteko dinamikak egin zituzten. Taldeka, etorkizuna irudikatu eta egungo ingurumen-krisiari erantzuteko proposamenak egin zituzten. Hona hemen gazteek egindako proposamen batzuk:
- Inguruan dugunaz gozatu, natura zaindu, mundua esploratu, pertsona guztiei ongi etorria eman eta pentsamenduak partekatu.
- Tontakeria bat dirudien arren, gauza txikiek asko egiten dute jende askok eginez gero. Gauza horiek hauek izan daitezke: birziklatu, berreskuratu, berrerabili, murriztu… Inoiz ez da ahaztu behar mundua bakarra dela eta zaindu ezean gu aterako garela galtzen.
- Dutxa motzak egin ura gutxiago gastatzeko.
- KM 0 produktuak erosi.
- Zaborra jasotzen lagundu.
- Zuhaitzak landatu…
- Garraio publikoa erabili, bakoitzak berea erabili ordez.
“Gluoien mahaia, gazteak etorkizunerako inspiratzeko” proiektuak izan duen arrakastaren ondorioz datorren ikasturtean, Gipuzkoako ikastetxe eta ikerketa-talde berriak batuko dira ekimenera. Bertan parte hartzeko, Elhuyarreko STEAM Hezkuntzako taldearekin harremanetan jarri beharko da.
Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia