}

Gisella Perlen bizitza erdiragarria

2024/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gisella-perlen-bizitza-erdiragarria
Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

Bi eguneko haurtxoa eskuetan hartu zuen. Epel-epel sentitu zuen. Musu eman zion, goxo, aurpegi leunean. Ilea laztandu zion. Ito egin zuen. Eta errausteko zain zegoen gorpu-pila baten azpian ezkutatu zuen.

Gisella Perl 1907an jaio zen, Sighetu Marmatiet-en (Hungaria orduan, Errumania orain). Herrian bigarren hezkuntza amaitu zuen lehen emakumea eta lehen judua izan zen. Medikuntza egitea zuen amets. Aitak ukatu egin zion, beldur baitzen horrek fedea galarazi eta judaismotik urrunduko ote zuen. Alabak liburu sakratu baten gainean zin eginez limurtu zuen: “Zin dagit, edonora noala ere, eta edozein egoeratan, beti izango naizela judu on eta benetako judu”.

Bete zuen ametsa, eta ginekologo egin zen. Asko maite zuen bere lana, eta oso izen ona zuen. Lanean aritu zen 1944ko maiatzean naziek eskualdea inbaditu zuten arte. Bertako 13.000 judu eraman zituzten, gehienak Auschwitzera; tartean Perl, eta haren senarra eta semea. Alaba beste familia baten etxean ezkutatu zuten.

Abereentzako bagoietan pilatuta, urik eta janaririk gabe, zortzi egunez bidaiatu ondoren, iritsi ziren Auschwitzera. Mengele doktoreak kontzentrazio-­esparruko “ospitalean” aritzeko aukeratu zituen bost medikuetako bat izan zen Perl. Hori jakiteak atsekabea arindu zion apur bat, mediku gisa kideei laguntzeko aukera izango zuelakoan. Baina berehala konturatu zen leku hartan ez zegoela itxaropenarentzako zirrikiturik. “Ez kezkatu lan-tresnengatik —esan zioten, eraman zituen tresnak kentzearekin batera—, ez duzu bat ere izango”. Ez tresnarik, ez oherik, ez bendarik, ez botikarik...

Eta ekipamendu falta baino are larriagoa zen elikagai-­eskasia. “Lan gehien janaria banatu ondoren izaten nuen —gogoratuko zuen Perlek—; buru odolduak eta hautsitako saihetsak lotu, eta zauriak garbitu behar izaten nituen”.

Anestesiarik gabe egin behar izan zituen ehunka ebakuntza. Bi ebakuntza-mota ziren ohikoenak: erditzen ziren emakumeenak eta emakumeei bularretan ustaz egindako zauriak jostekoak. Eta aizto bat baino ez zuen horretarako.

Askotan, besterik ezin eta, hitzez ahalegintzen zen gaixoen minak arintzen: “Nire ahotsarekin artatzen nituen istorio politak kontatuz, egunen batean berriz urtebetetzeak ospatuko genituela esanez, eta egunen batean berriz kantatuko genuela”.

Mengele doktoreak agindu zion haurdun zeuden emakume guztien berri emateko; beste esparru batera eramango zituztela, eta janari gehiago eta esnea ere emango zietela. “Artean, alemaniarrei sinesteko bezain inozentea nintzen —idatziko zuen Perlek—; harik eta, egun batean, errausketa-­labeen ondoan mandatu bat egitea tokatu zitzaidan batean, nire begiekin ikusi nuen arte zer egiten zieten emakume haiei. SSko hainbat gizon eta emakumek inguratu, eta borraz eta ustaz jipoitzen zituzten, zakurrek triskatzen zituzten, iletik tiraka arrastan eramaten zituzten eta urdailean kolpatzen zituzten bota alemaniar gogorrekin. Eta zerraldo erortzen zirenean, errausketa-labera botatzen zituzten, bizirik”. 

Hori ikusi zuenean, lurrean iltzatuta gelditu zen, mugitu ezinik, garrasi egin ezinik, ihes egin ezinik. “Pixkanaka, laztura indar bihurtu zen, borrokatzeko indar, eta indar horrek esnatu ninduen, eta bizitzeko zioa eman zidan. Bizirik jarraitu beharra nuen. Nire esku zegoen nire esparruan haurdun zeuden emakume guztiak patu ikaragarri hartatik salbatzea; beste modurik ez bazegoen, haien jaio gabeko haurren biziak suntsituta”.

Erabaki zuen Auschwitzen ez zela gehiago haurdunik egongo. Gau ilunetan, esparruko txoko ilunetan, lurrean, zikin-zikin, ur-tanta bat ere gabe, egin zituen egin beharrekoak. “Beti presaka, dena nire bost hatzekin, iluntasunean, kondizio ikaragarritan”.

Egun batean, Mengele doktoreak beste agindu bat eman zion. Esan zion aurrerantzean haurdun zeuden emakumeak ez zituztela hilko eta ospitalean erditzen utziko zietela. Hori bai, haurrak Perlek berak eraman beharko zituen erraustera. Pozik hartu zuen berria. Ospitaleko lur garbian erditu ahal izatea sekulako aldea zen emakume haien osasunerako, eta, inoiz handik irtetea lortzen bazuten, aukera gehiago izango zituzten berriz ere haurdun gelditzeko.

Mengele itzuli zenean, 292 haurdun zeuden ospitalean. “Orroka sartu zen, usta eta pistola eskuan, eta berrehun eta laurogeita hamabi emakumeak kamioi bakarrean kargatu, eta bizirik jaurti zituzten errausketa-labeko sugarretara”.

Arg. Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND

1944aren bukaeran, Bergen-Belsen esparrura eraman zuten, beste preso batzuekin batera. Eta han egon zen 1945eko apirilean britainiarrek askatu zituzten arte. Berehala, familia bilatzeari ekin zion, eta jakin zuen senarra eta semea hil egin zituztela; baita beste ahaide, bizilagun eta ezagun asko ere.

Hondoa jota, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Baina huts egin zuen, eta Frantziako komentu batera eraman zuten, osatzera. Gero, New Yorkera joan zen, eta holokaustoari buruzko hitzaldiak ematen eta errefuxiatuentzako dirua biltzen aritu zen. Han salatu egin zuten, mediku naziei laguntzen eta giza eskubideak urratzen aritu izana leporatuta. Baina, bizitza salbatu zien ehunka preso ohien testigantzei esker, frogatu zuen ez zuela halakorik egin.  

“Ez nuen gehiago mediku izan nahi; soilik gertatutakoaren lekuko eta ahots izan nahi nuen”, zioen. Baina, azkenean, 1948an, ginekologo gisa hasi zen lanean Mount Sinai ospitalean. Emakume bakarra zen. Antzutasunaren tratamenduan espezialista bihurtu zen. 1955 eta 1972 artean, baginako infekzioei buruzko bederatzi artikulu argitaratu zituen.

1978an, alaba bizirik zegoela eta Israelen bizi zela jakin, eta hara joan zen. Han jarraitu zuen aurrerantzean, ospitale batean, boluntario, erditzeetan laguntzen.

Estatu Batuetan eta Israelen, 40 bat urtez aritu zen lanean, eta 3.000 haurri baino gehiagori lagundu zien jaiotzen. Bere autobiografian idatzi zuenez, erditze-­gelara sartzen zen bakoitzean honela errezatzen zuen: “Jainko maitea, bizitza bat zor didazu, haur bizi bat zor didazu”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia