Giza ahoko mikrobiomaren eboluzioa ikertu dute
2021/05/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ahoko mikrobiomak zeresan handia du giza biologian eta osasunean, baina ez dago apenas ezagutzarik mikrobioma horren dibertsitateaz eta, batez ere, eboluzioaz. PNAS aldizkarian argitaratutako lan batek hainbat hominido-talderen hortz-plakako mikrobioma aztertu du, 100.000 urtetik hona egin duen eboluzioa ikusteko. Neandertalak, gizaki modernoak eta Homo generotik kanpoko egungo beste espezie batzuk ikertu ditu —txinpanzeak eta gorilak, besteak beste—. Hala, hominidoen eboluzioan iraunkor mantendu diren hamar bakterio-genero identifikatu dituzte. Bakterio horiek hortz-plakaren biofilmean funtsezko egitura-funtzioak betetzen dituztela iradoki dute.
Hamar genero horiez gain, beste asko ere badira mikrobiomaren parte. Haietan, desberdintasun taxonomiko handiak aurkitu dituzte Homo taldeen eta txinpantzeen artean, baina antzekotasun nabarmenak neandertalen eta gizaki modernoen artean. Besteak beste, almidoiaren digestio espezifikoa ahalbidetzen duten ahoko estreptokokoak dituzte bi espezieek. Hori erlazionatuta egon daiteke gizakiak elikagaiak egostearekin batera almidoia digerigarriagoa egitea lortu izanarekin. Eta iradoki dute gizakien aldaketa dietetikoa gizaki modernoen eta neandertalen banaketa ebolutiboaren aurretik finkatuko zela. Izan ere, ahoko mikrobioma ostalariaren dietarekin eboluzionatuz joan dela uste dute ikertzaileek, eta bi espezieek elikagaien metabolismoan egokitzapen funtzionalak partekatzen dituztela.
Bestetik, harrigarria egin zaie ahoko mikrobioma antzekoagoa dela neandertal eta Goi Paleolitoko gizaki modernoen artean, azken horien eta egungo giza populazioen artean baino. Eta uste dute giza mikrobiomaren arbasoa ezagutzea baliagarria izan daitekeela mikrobiomaren eboluzioa eta giza eboluzioa bera aztertzeko. Esaterako, Homo generoko espezializazioan zehar gertatutako aldaketa dietetikoak, espezieen arteko interakzioak eta historiaurreko bestelako gertaera esanguratsuak ikertu daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia