}

Giza espeziearen etorkizuna zalantzan

2002/08/25 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakiaren etorkizuna kolokan jartzeko moduko gaia izanagatik ere, ez da maiz izaten gizonezkoen antzutasunari buruzko ikerketen berri. Espermatozoideen ekoizpenaren beherakada eta anomalien igoera dira arazo nagusiak, baina, zorionez, ikertzaileak ari dira horren guztiaren zergatiak ulertzen.

Historian zehar emakumezkoari leporatu izan zaio bikote batek ezin haurrik izateko ardura. Baina, Bigarren Mundu Gerraz geroztik, gizonezkoen antzutasuna emakumezkoenaren parean jarri da, eta gainera, badirudi, gizonezkoek gero eta espermatozoide gutxiago eta kalitate txarragokoak ekoizten dituztela.

Espermatozoideen kalitatea kopuruaren eta mugikortasunaren arabera neurtzen da. Gizonezko osasuntsu batek egunean 100-200 milioi espermatozoide ekoizten du. Beste era batera esanda, bihotz-taupada bakoitzeko 1.500 espermatozoide berri sortzen direla kalkulatzen da. Espermatozoideak testikuluek ekoizten dituzte eta, hain zuzen ere, espermatozoideak testikuluen masaren % 5-10 dira; egunero berritzen den masa, gainera.

Espermatozoidea ez da era espontaneoan jaiotzen. Hau da, ez da zuzenean bere antza duen zelula batetik sortzen. Prozesua, gainerako zelula gehienena bezala, forma biribila duten zelula ametatik hasten da.

Ikertzen ari dira ea gizonezkoen jarrerek zerikusirik duten espermatozoideen kalitatean.

Zelula amak zatitu egiten dira, eta zatiketa-etapa bakoitzean zelula-populazioa hazi egiten da, harik eta, memento batean, zelulek bi zatiketa jarraiki izaten dituzten arte. Bi zatiketa jarraiki horietatik espermatida sortzen da. Espermatidek ez dute ugaltzeko gaitasunik, baina bai metamorfosi bidez formaz aldatzekoa. Zelularen nukleoa trinkotu egiten da eta zelulak hain ezaguna den forma- luzexka hartzen du. Horrela sortzen da espermatozoideari mugimendua emango dion buztantxoa, flageloa, alegia. Espermatozoidea da aparatu propultsadorea duen zelula bakarra.

Hori litzateke, kanpoko faktoreek eraginik ez balute, gizonezko guztien espermatozoide-ekoizpena. Baina gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute azken hogeita bost urteetan espermatozoide-ekoizpenak behera egin eta anomaliak ugaritzen ari direla.

Espermatozoideen kalitatea behera

1992an British Medical Journal-en argitaratu zen gizonezkoek gero eta espermatozoide gutxiago ekoizten dutela zioen lehen ikerketa. Artikuluaren egilea gaur egun ospe handia duen Niels Skakkebaek andrologoa izan zen. Hiru urte geroago, 1995ean, Parisko CECOS laborategian lan egiten duen Jacques Anges ikertzaileak ildo beretik zioan bigarren ikerketa baten berri eman zuen New England aldizkarian. Haren taldeak, 1973-1992 urte bitartean, 1.300 gizonezkoren esperma aztertu zuen laborategian, eta urtetik urtera espermatozoide-kontzentrazioa % 2 murrizten dela ondorioztatu zuen.

Espermatozoideen kalitatean ustez eragiten dutenen gai-zerrenda luzea da.

Baina, esan bezala, gizonezkoen ugalkortasuna ez da espermatozoide-kopuruaren araberakoa soilik; mugikortasunak ere zerikusi handia du. Horregatik, kezkagarria da bi flagelo dituzten espermatozoideen ugaritasuna edo mugimendu arraro eta desorekatuak egiten dituztenena. Horrez gain, buru biribila dutenak ere ageri dira eta ezohiko forma hori ez da obuluarekin bateragarria.

Andrologoak bat datoz espermatozoideen kalitatea txartzen ari dela esatean. Haatik, ikerketak ikerketa, oraindik ez dago erabat frogatuta zein izan daitezkeen horren arrazoiak.

Zergatik hainbeste anomalia?

Poluzioa, elikadura, produktu kimikoak, botikak… espermatozoideei eragingo lieketen gaien zerrenda luzea da, baina oraindik ikerketa gutxik frogatu dute halako produktua edo halako bestea kaltegarria dela. Hala ere, andrologoak lanean dihardute eta hasiak dira urteetako lanen emaitzak jasotzen. Horren lekuko dira uztailaren hasieran Vienan egindako bileran ezagutarazi ziren hainbat ikerketaren emaitzak.

CECOS Pariseko laborategian, esaterako, glikol eterrak izan dezakeen eragina ikertzen aritu dira. Glikol eterra gurin, krema, detergente, xaboi, xanpu, pintura… orotara 6.000 produkturen osagaia da, eta gorputzean arnastuta edo azaletik sartzen da. Ikerketek erakutsi dutenez, espermatozoidearen sorrerako lehen faseetan eteten du garapena. Frantzian, 1999an, etxean erabiltzen diren 30 glikol eterretatik 4 debekatu zituzten, baina industrian, oraindik, guztiak erabiltzen dira. Kalkulatzen denaren arabera, Frantzian bertan, milioi bat pertsona legoke produktu horien eraginpean.

Londresko King Eskolako ikertzaile-talde batek, berriz, elikagaietako eta pestizidetako hormona kimikoek helduen espermen kalitatean dutela eragina frogatu du. Dirudienez, hormona horiek naturalak baino bizkorrago heltzen dira obulura, baina ugaltzea, aldiz, ikaragarri kostatzen zaie.

Kanpo-faktoreek ez ezik, egunean zehar gizonezkoaren posturak ere zerikusia izan dezakeela frogatu nahian ari da Frantziako ikerketa-talde bat. Testikuluen tenperatura 37 ºC baino gutxiagokoa da, baina, egun osoa eserita egonez gero, tenperatura igo eta espermatozoideen ekoizpena gutxitu egiten dela uste dute. Horregatik, eserita lan egiten duten gizonezkoei tarteka paseotxo bat egitea aholkatzen die; hala ere, orain arte egindako lanak ez ditu susmo horiek baieztatu.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia