}

Giza geneen erregulazioaren atlasa sortu dute

2017/10/17 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-geneen-erregulazioaren-atlasa-sortu-dute
Arg. Darryl Leja, NHGRI

Pertsona baten zelula guztiek gene berak dituzten arren, haien espresioa asko aldatzen da batetik bestera. Hala lortzen da batzuk begiko zelula, baina beste batzuk urdaileko zelula bihurtzea, esaterako. Hainbat urteko lanaren ondoren, eta hildako 449 pertsonen 42 ehunetako laginak aztertu eta gero, giza geneen erregulazioaren atlasa sortu dute, lehenengo aldiz. Nature aldizkarian argitaratu dute.

Ehunez ehun, gene bakoitzaren espresio-maila aztertu dute (20.000 gene ingururena). Ehunetik ehunera dauden desberdintasunez gain, pertsonatik pertsonara daudenak ere aztertu dituzte. Gainera, geneen espresioan eragina duten DNA-zatiak ere identifikatu eta jaso dituzte atlasean.

Indar handiz abiatu zuen Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak GTEx proiektua 2013an, baina honekin amaitutzat eman du, nahiz eta ikertzaileek ohartarazi duten oraindik lan handia dagoela egiteke; esaterako, laginak jasotzeak zituen zailtasunak tarteko, AEBetako eremu jakin bateko laginak bakarrik hartu dituztelako, batez ere jatorri europarra duten amerikarrenak.

Era guztietara, informazio hori guztia jaso izanari balio handia eman diote proiektuaren arduradunek. Izan ere, geneen espresio-maila normaltasunetik ateratzen denean garatzen dira gaixotasun asko. Hortaz, geneen espresio-ereduak ehunez ehun ezagutzeak patologiak identifikatzeko balioko duela aurreikusi dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia