}

Giza genoma proiektuaren itzulkinak

2013/12/01 Santisteban Aldama, Aitor - Zientzia Biologikoetan doktorea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Krisiaren ondorioz murrizketak zabaltzen dira zerbitzu publikoetan, eta zientzia-ikerkuntzan aritzen diren erakundeak ez dira salbuespenak. Finantziazio-arazoek sortutako geldialdi honek etorkizunean ekar litzakeen ondorio ekonomikoak ulertu ahal izateko, etekin ekonomiko apartak eta sekulako aurrerapauso zientifikoak sortzen dituen inbertsio arrakastatsu bat azaltzen da artikulu honetan.
giza-genoma-proiektuaren-itzulkinak
Arg. NHGRI

Krisia dela eta, murrizketak heldu dira gizarteko alde guztietara, eta etengabe ikusten dugu hedabideetan oraintsu arte "ongizatearen estatua" izan denaren zutabe nagusiak (osasuna, hezkuntza, lan-baldintzak...) argalduz doazela ostiralero, Ministro Kontseiluak asteko dekretuak plazaratzen dituenean. Estu eta larri dabiltza erakunde publikoetako langileak zerbitzu egokiak mantentzeko, eta haien kexek eta erabiltzaileen protestek kaleak betetzen dituzte egunero.

Baina badago gizarteko beste zutabe bat egoera honetako larritasunak jasaten ari dena, baina hedabideetan hainbeste agertzen ez dena: zientzia, edo hobeto esanda, ikerkuntza. Batez ere Espainia mailan, ikerkuntza-instituzio nagusietako finantziazio-murrizketek kolokan jarri dute haien iraunkortasuna. Adibide ezagunena CSIC da, ziur asko: 2010etik 500 milioi euroko murrizketari aurre egin behar izan dio, eta une honetan ez dago batere argi nola helduko den urte honen amaierara. Maila orokorrean, eta aurtengo apirileko datuekin, Espainiako zientzia-ikerkuntzako inbertsioa % 39 murriztu da 2009tik.

Zientzialarien ustez, murrizketa horiek arriskuan jartzen dute zientziaren etorkizuna Espainian, ikerlanak ezin direlako orain eten eta urte batzuk igarotakoan haiekin jarraitu, geratu zen puntutik aurrera; gehienetan, zerotik hasi behar izaten da berriro, eta urteak pasatuko dira azken hamarkadetan lortutako mailara itzultzeko. Eta zientzialarien iritziz, zientziarik gabe ez dago etorkizunik; hura gabe, gizarteko beste arloen berrikuntza eta garapena lortuko bada, ezagutza eta teknologia kanpotik erosi beharko dugulako.

Zientzian inbertitzea eta etekin ekonomikoak lortzea lotuta daudela zenbateraino den egia ikusteko, adibide bat hartuko dut, azken urteotan mugarri bihurtu den adibide bat; batetik, aurrerapauso zoragarria izateagatik zientziaren munduan, eta, bestetik, itzulkin izugarriak ematen ari delako dagoeneko ekonomian, nahiz eta onura garrantzitsuenak hurrengo urteetan helduko diren etengabe.

Giza Genoma Proiektua (GGP)

Giza genomaren sekuentziazioaren iraganeko eta etorkizuneko eraginen egitura.

Giza Genoma Proiektua 13 urteko lana izan zen, 1990ean hasi eta 2003an amaitu zena ofizialki, 20.000-25.000 gene aurkitu eta argitaratuta. Besteak beste, 3.000 milioi azpiunitateren edo baseren sekuentzia osoa aurkitzea eta sortutako arazo legal eta etikoak aztertzea zituen helburu.

Estatu Batuetako Energia Sailak (DOE) eta Osasun Institutuek (NIH) koordinatu zuten proiektua, eta, geroago, Erresuma Batuko Wellcome Trust elkartu zen, eta zenbait naziok ere ekarpenak egin zituzten: Japonia, Frantzia, Alemania, Txina eta abar.

Giza genomaren sekuentziazioa da zientzia biologikoaren historian egin den lanik handiena, eta lorpen zientifikoen artean mugarri modura geratu da. Horren zergatia ulertzeko, datu batzuk emango ditugu: Estatu Batuek zuzendutako nazioarteko proiektu bat izan zen, programa pribatu osagarri batekin; 13 urteko epe laburrean burutu zen, eta, horretarako, beharrezkoa izan zen teknologia aurreratua garatzea eta diziplina anitzeko talde bat osatzea: biologoak, kimikariak, fisikariak, informatikariak, matematikariak eta ingeniariak.

Gaur egun, zientzialariek genoma sekuentziatuta erabiltzen dute erreferentzia moduan; haren egitura eta GGPtik hartutako beste datuak oinarriak dira funtsezko aurrerapenak lortzeko medikuntzan eta zientzian, giza gaixotasunen prebentzioa, diagnosia eta tratamendua helburu izanik.

Gizaki eta organismo ereduetan zentratuta dagoen ezagutza hori biomedikuntzatik harago doa, "iraultza genomikoa" da, eta haren efektua sentituko duten arloak ugari dira: energia berriztagarriak, bioteknologia industriala, albaitari-zientzia, ingurumen-zientzia, auzitegiko medikuntza eta segurtasun publikoa; eta diziplinen artean, zoologia, ekologia, antropologia...

Giza genomaren sekuentziazioaren eragin ekonomiko metatua, 1988-2012 (milioi dolarretan; 2012koak).

Ondorio orokorrak

1. Giza genomaren sekuentziazioaren eragin ekonomiko eta funtzionalak itzelak dira, eta guztiz zabalduta daude. Hauexek izan ziren 1988tik 2012ra bitarteko giza genomaren sekuentziazioaren proiektuek, eta harekin lotutako ikerkuntza eta jarduera industrial zuzen eta zeharkakoek sortu zituzten inpaktuak: 965 mila milioi dolarreko eragin ekonomikoa; 293 mila milioi baino gehiagoko soldata-sarrerak, eta 4,3 milioi lan-urte.

2. Gobernu federalak 3,8 mila milioi dolar inbertitu zituen zuzenean GGPan, 2003an amaitu zen arte, eta, gero, beste 9,1 mila milioi, 2012ra arte. Inbertsio horrek 796 mila milioi dolarreko emaitza ekonomikoa sortu zuen 2010era arte, eta 178/1 erlazioko itzulkina izan zen; hau da, inbertsioaren dolar bakoitzak 178 sortu ditu ekonomian.

3. Urteka hartuta, industria genomikoak 3,7 mila milioiko sarrera ekonomikoa eragin zuen 2010an, eta 3,9 mila milioi dolarrekoa, 2012an; eta zergaren ikuspuntutik --zerga federalak eta tokikoak--, 2,3 mila milioi bildu ziren 2010an, eta 2,1 mila milioi dolar, 2012an. Zifra horiek hartuta, ikusten da urte bateko itzulkinak GGParen 13 urteko inbertsio osoaren baliokideak direla; eta 1988-2012 aldia aztertuz, berriz, AEBko biztanle bakoitzeko urtean 2 dolarreko inbertsioa eginez, bilioi bat dolarreko emaitza lortu zela.

4. Dena dela, hasi besterik ez du egin. Giza medikuntzan, nekazaritzan, energian eta ingurumenean eskala handiko etekin onenak heltzeko daude.

Genomika eta giza genomaren sekuentziazioaren erabilera biomedikoak.

5. Esan genezake GGPa dela gaur egungo zientzian egin den eragin handieneko inbertsioa eta zientzia biologikoen aurrerapenerako oinarria.

GGParen eragin funtzionalak

Baina GGParen eragin ekonomikoak izugarriak izan arren, ez da hori garrantzitsuena; gure biologiaren, osasunaren eta ongizatearen ezagutza hobetzea baitzen helburu nagusia. Bizitza zuzentzen duten oinarrizko prozesu molekularrak argitzeko antolatu zen proiektua, eta, orobat, beste hainbat arlok bereganatuko zituztelako ezagutza eta teknologia genomikoaren aurrerapenak.

Tresna, teknologia eta teknika horien erabilerak sortu duen oinarrizko ezagutza biologikoaren hedapena ikaragarria izan da, eta paradigma zientifikoaren aldaketa eragin du, hau da, GGPak zientzialariek biologia ulertzeko modua aldatu du.

Badago azpimarratzeko beste eginkizun bat ere. DNAren sekuentzia argitzen zihoan heinean, egunero plazaratzen zen Internet bidez, datuak berehala erabili ahal izateko. Informazio genomiko horren erabilgarritasuna dela eta, guztiz eraldatu dira gaixotasunen mekanismoen identifikazioa, gaixotasun eta desoreka genetikoen diagnosiak, ibilbide metabolikoak eta gaixotasun konplexuetan parte hartzen duten elementu biologikoak argitzea, eta sendagaientzako itu espezifikoen detekzioa. Halaber, giza DNAren sekuentzia osoa argitzeak hobekuntzak ekarri ditu biomedikuntzara, esate baterako, terapia genetikoa, txertoen garapena, birsortze-medikuntza, zelula amekin egindako terapiak, eta emaileen eta hartzaileen arteko organoen eta ehunen bateragarritasuna.

Genomikarekin lotutako AEBko industriako sektore pribatuko enplegu berriak.

Baina medikuntzako ohiko arloak zabaltzeaz gain, DNAren sekuentziazioak arlo berriak sorrarazi ditu --farmakogenomika eta diagnostiko personalizatua, adibidez--, gaixoaren profil genetikoari dagozkion sendagaiak aurkitzeko eta dosi terapeutikoak doitzeko, eta, hala, eraginkortasuna handitu da, eta albo-ondorio kaltegarriak gutxitu. Minbizi-mota batzuen tratamenduan erabili da jadanik, eta ikusiko dugu farmakogenomika XXI. mendeko iraultza dela medikuntzaren praktikan.

Bioteknologia Euskal Autonomia Erkidegoan

Biobask 2010 plana plazaratu zenetik hamar urte igaro diren epe honetan, bioteknologiako sektorea hazi eta finkatu egin da euskal sektore ekonomikoen artean. Plan horrek, orobat, azpimarratzen du genomikatik sortutako erabilerek ondorio itzelak izango dituztela, bai ekonomian, bai gizartean. Prozesu bioteknologikoak erabiltzen zituzten 24 enpresa zeuden EAEn 2003an, eta batez beste 100 langile zituzten 40 berri sortzea zuen helburu. EUSTATen datuen arabera, 2011n, batez beste 41 langile zituzten 63 bioenpresa zeuden. Sektore horretan I+Gan gastatutako kopurua aldatu egin da urtez urte, eta, 2011n, 86 milioi euro izan ziren.

Sektore publikoari dagokionez, mende honetan zientzia ezberdinen bateratzea gertatuko zela ikusita, 2002an, Eusko Jaurlaritzak Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak (CIC siglak ingelesez) zabaldu zituen, non elkartzen baitira ikerkuntzan aritzen diren erakunde publiko eta pribatuak, euskaldunak eta atzerritarrak. Gaur egun, bi zentrok lantzen dute bioteknologia: CIC Biogune, biozientzietakoa, eta CIC Biomagune, biomaterialetakoa; guztira, 250 ikertzaile inguru dira (17 herrialdetakoak) eta 2002-2011 aldian 160 milioi euroko ustiapen-sarrerak kudeatu zituzten.

Sektore gaztea da euskal bioteknologiakoa, eta txikia oraindik beste sektore batzuen aldean. Adibidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien sektoreak, hau da, IKT sektoreak, 2.055 enpresa eta 22.000 langile ditu, eta EAEko BPGaren % 3,2 sortzen du. Ikusi beharko da nola eragiten dion krisiaren kolpeak sektoreari. Alde batetik, ikusi beharko da CIC zentroen maila mantentzea posiblea izango den finantziazio publikoa gutxituz gero; bestetik, enpresei dagokienez, larri ibiliko dira berezko egitura nahiko sendoa ez dutenak eta diru-laguntza publikoak edota kanpo-finantziazioa behar dutenak.

EAEko bioteknologiako I+Gko gastuak (mila euro). Iturria: EUSTAT.

Oraintsu arte epe luzeak behar ziren zientziaren itzulkinak hautemateko, urteak edo hamarkadak kontzeptu berri bat sortzen zenetik haien erabilera praktikoak eskuragarri izan arte. Epeak laburtuz doazen heinean, gero eta argiago ikusten da zientzia eta ikerkuntza oinarrizko tresnak direla herri baten etorkizuna eraiki ahal izateko.

Zientziaren berezko garrantzia

Nolanahi ere, ikerkuntzaren itzulkin sozial garrantzitsuenak ez dira epe laburrago edo luzeago batean etekin ekonomikoak sortzen dituztenak. Askotan, ezinezkoa izaten da aurretik jakitea zer arazo konponduko dituen zientziak. Adibidez, 1928an, Paul Dirac fisikariak positroiaren existentzia proposatu zuenean, inork ez zuen pentsatuko gaur egun posible izango zenik, positroien igorpenaren bidezko tomografiari esker, gorputzean gertatzen diren zenbait prozesutako hiru dimentsioko irudiak hartzea. Pedro Miguel Etxenikeren esanean, "zientzian ondo trebatua dagoen gizartea askeagoa da erabakiak hartzeko; horretaz aparte, etekin ekonomikoak lortzeko, oinarrizko alderdiaren eta alderdi aplikatuaren garapen harmonikoa eta iraunkorra behar da".

Bibliografia

http://www.nature.com/nmat/journal/v12/n5/full/nmat3644.html
http://www.nature.com/news/anger-as-spanish-funder-claws-back-science-money-1.13345
http://feelsynapsis.com/jof/011/index.html
http://www.battelle.org/site/the-impact-of-genomics-on-the-u-s-economy
www.eustat.es
"BIOBASK 2010: estrategia de desarrollo empresarial basado en las biociencias en Euskadi", Eusko Jaurlaritza, 2003.
http://www.cicbiogune.es
http://www.eitb.tv/es/video/naukas--quantum/2698453634001/2700097412001/capitulo-7/.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia