}

Giza gorputzaren eboluzioa lau fasetan bereiz daitekeela proposatu dute

2015/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hezurren Osineko fosilak aztertuta, giza gorputzaren anatomiaren eboluzioa azaltzeko eredu bat proposatu dute Atapuercako ikertzaileek. Hain zuzen, lau fasetan bereiz daitekeela esan dute.
giza-gorputzaren-eboluzioa-lau-fasetan-bereiz-dait
Arg. Kennis&Kennis/Madrid Scientific Films

PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, lehen fasea arditipekoena da. Lehen gizaki haiek zuhaitzetan bizi ziren, eta, batzuetan, bi oinetan ibiltzen ziren. Bigarren fasean australopitekoak daude; haiek bipedoak ziren, nahiz eta bazuten zuhaitzetan ibiltzeko trebezia. Hirugarrena gizaki arkaikoena da. Fase horren barruan Homo erectus dago, eta hor sartu dituzte baita Hezurren Osineko gizakiak. Aurrekoekin alderatuta, garaiagoak ziren, gorputz zabal eta sendokoak. Azkenik, laugarren fasean gizaki modernoa legoke, garaia eta liraina.

Hezurren Osineko gizaki baten irudikapena. Arg. Kennisennis/Madrid Scientific Films

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, Hezurren Osineko fosilak oso lagungarriak izan dira sailkapen hori egiteko. Hain zuzen, neandertalak eta gizaki modernoa baino lehenagokoak dira (430.000 urte inguru dituzte), eta garai hartako hezurdura-bilduma handiena osatzen dute. Beraz, haien ezaugarriak ondo aztertzeko aukera izan dute.

Asier Gomez-Olivencia izan da ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako bat. Ikerbasque ikertzailea da, EHUren Estratigrafia eta Paleontologia Sailean, eta, argitu du, berez, deskripzio anatomikoa bi espezietan baino ez dela egin osorik: gurean eta neandertaletan. Eta horren zergatia ere eman du: “Orain arte ez dira aurkitu Hezurren Osinekoak baino zaharragoak diren hominidoen zati anatomiko guztiak gordetzen dituzten fosilak”.

Horrekin batera, sailkapena hezurdura post-kranealen (garezurretik behera) ezaugarri morfologikoetan oinarrituta dagoela berretsi du Gomez-Olivenciak: “Izan ere, DNArik zaharrena 430 mila urte ditu, eta hominido fosilak 4 milioi urte baino gehiago (Australopithecus anamensis 4,2; Ardipothecus ramidus 4,4; Orrorin 6, eta Sahelanthropus 7). Sailkapena ez da taxonomikoa edo filogenetikoa; horretarako beste tresna batzuk erabiltzen ditugu. Nolabait, egin duguna izan da gorputz-mota desberdinak lau multzo nagusitan sailkatu”.  

Gomez-Olivenciak ohartarazi du sailkapena ez dela mailaz mailako eskala bat. “Adibidez, Homo eta Paranthropus generoak kronologia berberekoak dira, eta oso gorputz desberdinak dituzte.”

Neandertalei buruz, berriz, ikertzaileek hirugarren fasean kokatu dituzte. Gainera, berariazko ezaugarriak zituztela azpimarratu dute, eta haietako batzuk Hezurren Osineko gizakietan ere igarri daitezkeela. Gomez-Olivenciaren esanean, hori bat dator iaz Science aldizkarian argitaratutako artikulu batean esan zutenarekin.. Artikulu hura garezurren morfologian oinarrituta zegoen, eta orduan esan zuten morfologia bereizgarria pixkanaka azaldu zela. “Orain, hezurdura post-kraneala aztertuta, gauza bera ondorioztatu dugu”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia