}

Giza gorputzaren inguruan

1991/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Alemaniak eta Austriak gerra bitxi bat dute elkarren artean. Arazoa, Austrian hildako turista alemanen organoen jabegoa da.

Austrian hiltzen diren turista alemanen organoak, austriarrek sistematikoki kendu egiten dizkiete eta jokaera hau Alemaniako legeak esaten duenarekin ez dator bat. Alemaniako legearen arabera, pertsona bati organoren bat kentzeko honek bizirik dagoela espreski adierazi behar du organoak eman nahi dituela. Austriako legearen arabera aldiz, hildakoak aurretik organoak ez dituela eman nahi espreski adierazi ez badu, organo-emaile dela jotzen da.

Arazoa larriagotu egin daiteke hurrengo urteetan lege-eztabaida erabakitzen ez bada. Izan ere, Austriara joaten diren alemanen kopurua izugarria da; eskiatzera eta mendian ibiltzera joaten direnena batez ere.

Europako estaturik gehienek Austriaren antzeko legea dute alor honetan, hau da, hildakoari organoak kendu egiten zaizkio, honek aurkako borondatea adierazten duen ziurtagiririk soinean ez badarama. Bestalde, Austriako zein Alemaniako legea bertakoei zein atzerrikoei aplikatzen zaie. Beraz, hiritartasun-arrazoia dela eta, ez dago diskriminaziorik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia