}

Giza inkontzientea pertsonaia birtualetan

2010/09/26 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Imajina dezakezu denbora errealean zure arnasketa edo bihotz-erritmo bera duen pertsonaia birtualen bat? Eta, zu bezala, lotsatzean gorritzen denik? Katalunian hori ahalbidetuko lukeen sistema bat garatu dute. Dirudienez, zenbait pertsonaiak gizakiok inkontzienteki egin ohi ditugun ekintzen eraginez joka dezakete.
Mundu birtualari errealismo gehiago emateko esanguratsua izan liteke sistema berriaren ekarpena ere.
HVX Silverstar

Giza fisiologiako zenbait parametro neurtu eta parametro horiek, denbora errealean, ordenagailu bitartez sortutako pertsonaiei erantsi edo txertatu egiten dizkie sistema berriak. Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaile-talde batek sortu du, eta, besteak beste, The Visual Computer -ek eman du haren berri.

Bada, haririk gabeko gailu- eta sentsore-multzo bat giza gorputzean jarriz, unean uneko bihotz-frekuentzia, arnasketa eta pertsonaren larruazalaren erantzun galvanikoa (elektrikoa) neurtzen ditu sistema horrek. Datuak software batek prozesatzen ditu; eta, horri esker, egongela batean eserita dagoen pertsonaia birtualaren portaera kontrola daiteke.

Pertsonaiak erantzun bat ematen dio aipatutako parametro fisiologiko horietako bakoitzari. Arnasketa bularraren mugimenduarekin lotuta dago (neurriz gaineko mugimenduak dira, hobeto bereiz daitezen), erritmo kardiakoa mundu birtualeko protagonistaren oinen mugimenduan islatzen da, eta erantzun galvanikoa, berriz, aurpegiko gorritasunean.

Errealitate birtuala jolasgarri gisa erabiltzen da gehienetan. Baina, kasu batzuetan, aplikazio erabilgarriak izan ditzake.
HVX Silverstar

Ikertzaileen erronka argia da: “oharkabean, gizakiok ustezko ingurune birtual bateko hainbat elementurekin beste zenbaitekin baino intentsitate handiagoko erlazioa izan ahal izatea bilatzen dugu. Gainera, ikusgai dagoen errealitate birtualarekiko norberak dituen erantzun fisiologikoak dira horri eragiten dioten bakarrak”.

Bada, aipatutako parametroak hainbat laguni neurtu ondoren, esperimentu moduko bat ere egin zuten ikerlariek. Hain justu, egiaztatu nahi zuten norberaren parametro berberak agertzen zituzten pertsonaia birtualekiko (alegia, haien ordezkari zuzenak ziren pertsonaiekiko) nolabaiteko “lehentasunik” ote zuten. Emaitza ezezkoa izan zen.

“Ez zekiten zer ari ginen behatzen, ezta bakoitzaren pertsonaia zein zen ere, baina ez zituzten haiek hautatu —diote—. Ziurrenik, beste faktore batzuk eragin zuten erabaki horretan, pertsonaien itxurak edo haiek eszenan betetzen zuten posizioak berak, kasu. Faktore horiek indartsuagoak dira oraindik ere; segituan bereganatzen dute erabiltzailearen arreta”. Kontu horretan sakondu eta ikertzen jarraitzeko asmoa agertu du orain taldeak.

Errealismo bila

Besteak beste, lotsatzen garenean gorritu egiten gara, izutzean bihotz-taupaden erritmoa azkartu ohi zaigu, eta, urduritasunaren eraginez, berriz, arnasa estutu. Prozesu horiek inkontzienteak izaten dira askotan, baina gure gorputzak seinale argiak bidaltzen ditu. Sistema berriari esker, hori guztia nabarmen ikus genezake gu ordezkatzen gaituen pertsonaia birtualean.

Esperimentuan, pertsonaia birtual bakoitzak boluntario baten parametro berberak agertzen zituen. Ez zuten asmatu, ordea, bakoitzaren pertsonaia zein zen.
Groenegress

Finean, beraz, giza inkontzientea pertsonaia birtualen bitartez irudikatzeko modu bat da Bartzelonako taldeak proposatzen duena: “giza gorputzaren egoera subjektibo horiek alegiazko errealitate bati eransteak indartu egingo luke norberak mundu hartaz duen errealismo-ikuspegia. Eta, oro har, gizakion eta errealitate birtual horren arteko lotura bera estutuko litzateke”.

Ezagunak ditugu aurkezpen birtualetan edo bideo-jokoetan erabiltzailearen itxura fisiko edo ahots antzekoa duten pertsonaiak, adibidez. Eta, mundu birtualari errealismo gehiago emateko, esanguratsua izan liteke sistema berriaren ekarpena ere. Aisialdiaz harago, osasun-esparruan ere izan lezake aplikaziorik; “errehabilitazioetan, esaterako, zenbait ekintza egiteko orduan pazienteen interesa pizten lagun dezake”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia